Nora Aranberri: “Itzulpen automatikoa mundu profesionalean erabiltzea kontu berria da eta, horren ondorioz, oraindik teknologia honen abantailak ez dira ondo ezagutzen”

UEUk Itzultzaile izatetik, posteditore izatera  ikastaroa antolatu du Udazken honetan Eibarren. Nora Aranberriri, ikastaroko irakasleetako bati galdera batzuk egin dizkiogu gaian sakontzeko asmoz. Matrikula zabalik dago.

aranberri3Zeintzuk dira ikastaroaren helburuak?
Ikastaroaren helburu nagusia itzultzaileak post-edizio lanera hurbiltzea da, ganorazko aukera bat emanda. Itzulpen automatikoko sistemak nola garatzen diren ikusiko dugu, post-edizio lana probatuko dugu eta euskararako lehen oinarriak ezartzen saiatuko gara. Halaber, talde hausnarketa sustatuko dugu itzulpen automatikoaren eta post-edizioaren inguruan, kalitatearen, abilezien eta lan-ingurunearen ikuspuntutik eta baita alde ekonomikotik, besteak beste.

Itzulpen automatiko honekiko mesfidantza uxatu nahi duzue. Gaizki ikusia al dago itzultzaileen artean?
Itzulpen automatikoa mundu profesionalean erabiltzea kontu berria da eta, horren ondorioz, oraindik teknologia honen abantailak ez dira ondo ezagutzen. Honek, askotan, aukera berriak esploratzera eraman beharrean ekiditera eramaten gaitu. Ikastaro honetan itzulpen automatikoa erabili egingo dugu eta honen post- edizioak itzultzaileen eguneroko lanean izan dezakeen balioa analizatzeari ekingo diogu.

Ze pauso eman behar da itzultzaile izatetik posteditore izateko?
Itzultzea eta post-editatzea bi ataza desberdin dira. Egia da hizkuntzetan
espezialista diren itzultzaileak errazago molda daitezkeela ataza berrira beste
profesional batzuk baino, baina argi dago trebatu beharra dagoela. Makinaren
erroreak begiratu azkar baten identifikatzen ikasi behar da eta itzulpenen kalitatea
bermatzeko zein aldaketa minimo egin kalkulatu.

Zein da erabiliko duzuen metodologia?
Ikastaroak lantegi forma hartuko du. Partaideek etxean post-edizioak egingo dituzte gidalerro batzuei jarraituz, eta gero, saio presentzialetan, post-edizio aldaketez, kalitateaz eta produktibitateaz, eta aktibitate honen bestelako alderdiez arituko gara. Gaur egungo industriako jardunbideak, ikerketak eta norberaren esperientzia eta iritziak partekatuko ditugu post-edizioari buruzko iritzi arrazoitu bat eratzeko.

Nori zuzenduta dago ikastaroa?
Ikastaroa itzultzaile profesionalei eta itzulpengintzako ikasketak bukatu berri dituzten edo bukatzear dauden ikasleei zuzendua dago.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude