Nerea Mendizabal: “Enpatia izango litzateke sentimenduekin bat egitea eta beharrak identifikatzen laguntzea”

Guregan konfiantza gehiago izan nahi dugu eta bikoteari, gurasoei, seme –alabei, ikasle, nagusi edo lagunei haserretzeko beldurrik gabe adierazten ikasi. Helburu horrekin, UEUk ‘Harremanak zaintzeko nola hitz egin eta nola entzun’ ikastaroa antolatu du Iruñean, Nerea Mendizabal psikopedagogoaren eskutik.

Ikusi Nerea Mendizabalen bideoa

Nerea MendizabalZein da ikastaro honen helburua?
Harremanak nola zaindu izango litzateke helburua, bai hitz egiterako orduan eta baita entzuterako orduan. Nik uste dut lehenengo helburuetariko bat izan beharko litzatekeela kontzientzia hartzea zenbat alditan eragiten dugun mina gure hitzekin. Oso garbi daukagu zer den bortitza, baina ez gara konturatzen batzuetan esaten duguna ez genukeela esango bortitza denik baina bortizkeria bezain mingarria dela, adibidez isiltasun bat.

Ezberdindu nahi dugu bortitzaren kontzeptuaren inguruan. Adibidez, presionatzea, zer egin behar duen esatea, konbentzitzea, … ere bortizkeria da. Hori guztia Marshall Rosenbergek garatutako ‘Komunikazio Ez Bortitza’ eredutik ikusiko dugu.

Zaila da ondo hitz egin eta ondo entzutea? Zeintzuk dira horretarako gako nagusiak?
Rosenbergek esaten du daramazkigula 8.000-10.000 urte paradigma konkretu batekin, non bilatzen ari garen erruduna, ongia eta gaizkia,… eta termino horietan oso zaila dela ondo hitz egin eta entzutea. Hortik etortzen dira gaizki ulertuak, egonezinak eta giro txarrak, eta hori oso barneratua daukagu, horrela ikasi eta funtzionatzen dutelako gure gizartean harremanak. Hori aldatzea zaila da? Ba nik uste dut beste hizkuntza berri bat ikastetik hasten dela, dedikazio bat eskaini behar diozulako.

Marshall Rosenbergek garatutako ‘Komunikazio Ez Bortitza’ ereduan oinarrituko zarete. Zertan datza?
Eredu honen helburua da harremanak zaintzea, eta ematen dizkigu pauso konkretu batzuk, baina askotan nahastu ditzakegu. Ez da hitz joko bat, baizik eta bizitzeko filosofia bat, non laguntzen digun zer gertatzen zaigun jakiten eta besteei zer gertatzen zaien ikusten.

Horrek zertarako balio dit? Nik benetan modu on batean adierazteko eta besteekiko enpatia izateko. Helburua ez da, inondik inora, txarto egin duenaz ohartaraztea, aldatzea, konbentzitzea, …helburua da zuk eta nik egoera honetan bat egitea pertsona bezala, nahiz eta ez nagoen gustura edo ezin dudan onartu esan edo egin duzuna. Dena den, ezagutu eta ulertu nahi dut egin edo esan duzunaren atzean zer dagoen.

Entzuteko zaila egiten zaiguna enpatiaz entzuteko entrenatuko zarete. Nola egiten da hori?
Lehen helburua da nola enpatizatzen naizen ni nire buruarekin. Hori egiteko, niretzat ezinbestekoa da ikustea gizakiok egiten ditugun ekintzak edo jarrera guztien atzean pertsona orok behar batzuk asetzen ditugula. Gure egunerokotasunean egiten ditugun gauza guztiak behar batzuk asetzeko balio dute. Eta behar horiek asetuta ez daudenean ez gara ondo sentitzen, eta bestea ere ez. Orduan, bestea ulertu nahi badut egiten ari den horretan eta enpatia eman nahi baldin badiot, joan beharko naiz ikustera egiten ari den horretan zein behar asetu behar duen ala asetuta daukan.

Enpatia ematea izango litzateke bere sentimentuekin bat egitea eta bere beharrak identifikatzen laguntzea.

Nori zuzendua dago ikastaroa?
Pertsona edonori, ze nahi eta nahi ez inork ezin du alde egin harremanak izatetik. Gertatzen zaigun edozein gauza harremanekin zerikusia dauka, inorekin harremantzen ez naizenean ere, nik nire buruarekin nola harremantzen naizenaren arabera horrek ongizatea edo zoriontasuna eragiten didalako.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude