Maite Arroita: “Badira hainbat esparru laborategian ikasi ezin direnak eta biodibertsitatearen krisi garai honetan izugarrizko garrantzia dutenak”

Natur zientzien ikasketetako alor gehienetan teknika molekularrak orain arteko teknikak ordezten ari dira, eta horrek orain arte erabilitakoak ahaztea eragin dezake. Hori gertatu ez dadin, UEUk ‘Mendiko teknikak basabizitzaren ikerketan’ ikastaro praktikoa antolatu du Pirinioetan. Maite Arroita da ikastaroaren antolatzaileetako bat.

ArroitaMZein da ikastaro honen helburua?
Ikastaro honen helburu nagusia basa bizitzaren ikerketan eta kudeaketan erabiltzen diren mendiko teknikak ezagutzea eta esperimentatzea da. Horretarako, espezie konkretuetatik hasi eta ekosistemak beren osotasunean aztertzen dituzten adituak izango ditugu, ikusiko ditugun tokietako biodibertsitatea eta hau aztertzeko metodoak, arazoak eta erronkak ezagutarazteaz gain, ingurumena interpretatzen irakatsiko digutenak.

Zer gertatzen ari da Natur Zientzietan teknika molekularrekin eta orain arteko zientziekin? Badago hutsunerik horien inguruan?
Azken hamarkadetako garapen zientifiko eta teknologikoari esker, izugarrizko booma izan da teknika molekularretan. Teknika hauek garrantzi handia hartu dute Natur Zientzien eta Biologiako ikasketetan, orain arteko teknikak ordezteraino. Zalantzarik ez dugu hainbat aurkikuntza eta aurrerapauso teknika berri hauei zor zaizkiela eta ezinbestekoak direla, baita basa bizitzaren ikerketan ere. EHUko Zoologiako taldeak, esaterako, gorotzen analisi genetiko bidez xehetasun askoz ere handiagoarekin aztertu ahal izan du saguzarren dieta.

Dena den, badira beste hainbat esparru laborategian ikasi ezin direnak eta biodibertsitatearen krisi garai honetan izugarrizko garrantzia dutenak: ingurumenaren interpretazioa, basa bizitzaren arriskuak, kontserbazioa eta kudeaketa, besteak beste. Biologiako ikasketetan, mendiko irteerak gutxitzeko joera hauteman dugu, eta, ondorioz, ikasle askok esparru hauetan gabezia garrantzitsuak dituztela. Ahal den neurrian gabezia hauek orekatzeko antolatu dugu ikastaroa.

Pirinioetara joango zarete hango basa bizitzaren azterketa egitera. Zer topatzea espero duzue?
Artikutzan hamaika espezie aurkitu badezakegu ere, historian zehar arroak izan duen kudeaketari eskainiko diogu eguna, honek Artikutzako erreketan izan duen eraginean arreta berezia jarriz. Aralarren goi mendiko larreak aztertuko ditugu: bertako dibertsitatea, funtzionamendua eta larratzearen eragina. Hurrengo hiru egunak, baso igel piriniarrari, okil gibelnabarrari eta saguzar belarrihandi alpetarrari eskainiko dizkiogu, hurrenez hurren, baina horiez gain beste hainbat espezie ere aurkitzea espero dugu, besteak beste, uhandre piriniarra, sarrioa, ugatza eta zorte handiarekin Pirinioetako desmana.

Basa bizitzaren kudeaketak ardura eragiten dizue. Zein izango dira datozen urteetarako erronkak horren inguruan?
Askotarikoak dira Pirinioetako basa bizitzak dituen arrisku faktoreak eta, hortaz, baita hauei aurre egiteko erronkak ere. Egin diren errepide, pista eta azpiegiturek, adibidez, kalte larriak eragin dizkie azalera zabalak behar dituzten espezieei, hartzari kasu, guztiz zatituta gelditu baita euren habitata. Basoilarra eta hura bezalako espezie sentikorrendako, aldiz, erabakigarriagoa izan da turismoaren presioa. Dena den, kasuak kasu, badira bi faktore edo erronka garrantzitsu, azken urteotan kezka handia sortu dutenak.

Alde batetik, klima aldatzen ari da eta tenperatura igotzen den neurrian, hainbat espeziek gune garaiagoetara jotzea espero da, beren tenperatura optimoen bila. Bestetik, giza populazioak hazten jarraitzen duen arren, orokorrean geroz eta jende gutxiago gelditzen da landa-eremuetan, baita Pirinioetako herrietan ere, gehienek hirietara jotzen baitute. Landa-eremuetako jarduerak uztearen ondorioz ere aldaketa garrantzitsuak espero dira paisaian (larreak oihantzea esaterako) eta honek ere eragin zuzena izango du bertako bizidunengan. Batari zein besteari, eta are gehiago, biei batera aurre egitea erronka garrantzitsua izango da Pirinioetako basa bizitzaren kudeaketan.

Pirinioetako basabizitzaren dibertsitatea ezagutaraziko duzuela diozue ikastaroaren aurkezpenean. Zeintzuk dira bere ezaugarri esanguratsuenak?
Pirinioek azalera oso zabala barneratzen dute eta baldintza oso desberdinak aurki daitezke: erreka zuloak, Irati bezalako oihanak, goi mendiko larreak, gune malkartsu eta harritsuak….Toki bakoitzean bertako baldintzetara moldatzeko ezaugarriak dituzten espezieak aurki daitezke, eta hori da, hain zuzen ere, hain biodibertsitate handia izatearen erantzule nagusietakoa.

Nori zuzendua dago ikastaroa?
Batez ere Biologiako eta Ingurumen Zientzietako ikasleak espero baditugu ere, ikastaroa gure ingurumenarekiko eta bertako biodibertsitatearekiko interesa duen edonori dago zuzendua.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude