Oskar Arantzabal: “Burujabetza ekonomikoak tresna asko ematen dizkizu ekonomia nahi duzun tokira bideratzeko”

Kataluniaren eta Eskoziaren balizko independentziarako prozesuak eztabaida asko piztu ditu azken hilabeteetan Euskal Herrian, gehien-gehienak ikuspegi politiko-juridikotik. Oraingoan, berriz, horrelako prozesu batek sozioekonomian izango lukeen eragina aztertu dute UEUk antolatutako ‘Ikasgai sozioekonomikoak Eskozia eta Kataluniako prozesuetatik’ ikastaroan. Oskar Arantzabal ekonomialaria elkarrizketatu dugu, ikastaroaren antolatzaileetako bat.

Ikusi Oskar Arantzabalen bideoa.

Oskar ArantzabalIkuspegi juridiko-politikotik Eskoziako Eta Kataluniako egoerak aztertu izan dira, baina oraingoan alde sozioekonomikoa aztertu nahi izan duzue. Zergatik? Ikusi izan dugu aspektu juridikotik eta politikotik aztertua izan dela Eskoziaren eta Kataluniaren gaia, baina hutsune bat sumatzen genuen ekonomiaren aldetik, ez delako gehiegi sakondu problematika horretan. Hau da, ez da sakondu pentsioetan, bankuetan, monetan, zorrean, … eta uste genuen momentu egokia izan zitekeela horretaz hitz egiteko.

Zer ikasi dezakegu euskaldunok bi errealitate horietatik? Garrantzia handia hartu duela, batez ere, krisi garaietan, independentziaren alde edo kontran zalantzan dagoen gizarte talde horren eraginak. Hor gako asko daude erdibidean dagoen jende horrek, bere iritzia oso argi ez daukanak, ezagun ditzan independentziak izan ditzakeen onurak.

Eskoziako kasuan argiago ikusi daiteke, erreferendumaren emaitzak ikusi genituelako. Oso emaitza bitxiak ikusi genituen, adibidez, zaharrenen artean kontrako botoa oso hedatuta zegoelako, eta uste dugu horrek pentsioekin lotura zuzena zuela.

Monetaren auzia ere tartean zegoen, euroa, libera edo txanpon propioa izatearena, eta horrek aukera ematen dizu, orain Greziakoa gertatu denean, ikusteko burujabetza ekonomikoak zenbaterainoko garrantzia duen.

Uste dugu guzti honetatik aplikazio praktikoak aterako ditugula Euskal Herritik begiratuta.

Ze mehatxu sozioekonomiko izan genezake balizko independentzia prozesu batean? Mehatxuak, batez ere, indar handiek egiten dutenak dira. Argudio zabalduenak izan dira EBtik edo eurotik kanpo geratzearena, zor guztia gure gain hartu behar izatearena, pentsio sistema ez litzatekeela jasangarria izango. Gu gure eredu propioa lantzen saiatzen ari gara, gauzak beste modu batean egin daitezkeela erakusten, eta hori Estatu txikietan errazago egin daiteke.

Azken egunotan Grezian gertatutakoa ikusi dugu, eta ikusi dugu Eurotik ateratzeak sorrarazten duen beldurra. Zer gertatuko litzateke independentzia lortuko bagenu? Greziaren kasuan, uste dut gizartearen gehiengoak euroaren barruan jarraitu nahi zuela, gertatzen dena da horrek badituela ondorio batzuk eta horrek baldintzatu egiten zaituela zure erabakiak hartzerako orduan. Bilatu behar duzu oreka bat aztertuz zenbaterainoko komeni zaizun talde horren barruan jarraitzeak baina baldintza batzuk onartuz. Monetaren aldetik burujabetza ekonomikoa baldin badago, tresna asko ematen dizkizu zuk ekonomia bideratzeko nahi duzun tokira, gertatzen dena da inguruko herrialdeetatik pixka bat isolatuta geratu zaitezkeela. Zure moneta ahula baldin bada inbertsio funtsek errazago izango lukete horren kontra egitea.

Nori zuzendua dago ikastaroa? Berez, edonorentzako irekia da, baina egia da gauza batzuk nahiko teknikoak direla eta behar bada sindikalgintzatik eta elkarte eta fundazio mugimendutik jende asko hurbildu dela. Horrez gain, gustatuko litzaiguke ekonomialarien artean eztabaida bat sortzea eta alde onak eta txarrak ikustea pragmatismotik begiratuta. Beharbada, hemen oso teorikoak izan gaitezke, eta gustatzen zaigu dena teorizatzea, baina gauza praktikoak egin beharko genituzke, adibidez pentsio sistema nolakoa izango litzatekeen aztertu.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude