Jaiak generotik aztertuz

Gaur Jai Ereduak Genero Ikuspegitik” izeneko ikastaroaren bigarren eguna ospatu da Eibarko Markeskoa jauregian. Udako 43. Ikastaroen barnean sartzen da hau ere eta oso harrera positiboa izan du, 35 pertsonatik gora hurbildu baitira UEUko egoitzara ikastaro hau egitera.

Jai ereduak kalsea1Beatriz Moral Ledesmak eman dio hasiera ikastaroaren bigarren zati honi, antropologian doktoratua bera. Beste batzuekin batera egindako ikerketa lana eta honen inguruko liburua aurkeztu ditu izen bera daraman hizketaldian, “Emeki-emeki berdintasunezko danborradarantz”. Donostian ospatzen den danborrada ikergai, ohitura errotu zenetik gaur egungo egoerara arteko ikerketa lan bat aurkitu daiteke liburuan, danborradaren sorrera nola gauzatu zen istoriotik hasi eta gaur egun haurrek horretan duten parte hartzera arte. “Danborradaren jatorriaren testuingurua zein den ere azaltzen dugu, testuinguru europar bat baitago horren atzean eta hori ere kontutan hartu behar da” esanaz hasi du hitzaldia Beatriz Moralek.

Gerra aurretik arrunta zen emakumeak ikustea danborradan, baina ostean inboluzio bat eman zen, eta gero iraultza” argitu du Moralek, horren harira liburuan zehar emakumeak danborrada talde batera sartzeko moduez ere mintzatu direla aipatuaz. Danborra jotzearen auzia apur bat alde batera utzi eta egun horretan egiten den afarian zentratu da gero, antza denez, sozietate gastronomiko guztiak ziren gizonenak garai batean, eta gaur egungo gehienak ere horrela omen dira, badago emakumerik onartzen ez duenik. Kasu bi azaldu ditu horren adibidetzat, antza denez, Gaztelubide izeneko sozietateak urtero gonbidatzen du urrezko danborraren irabazlea beraiekin afaltzera. Bada, 1982an emakume batek eraman omen zuen saria, eta ez zioten inolako gonbidapenik egin. Beste adibide edota kasua, handik bi urtetara jazotakoa izan da, Gabriel Zelaiak urrezko danborra irabazi zuenekoa, honek bere emaztea eramango zuela esan zuen sozietatean, tradizio bat dela berarentzako egun horretan bere emaztearekin afaltzea eta. Baina Gaztelubidekoak ez zioten utzi, eta beste nonbaiten afaldu omen zuten.

Xabier Kerexetaren txanda izan da gero, “Euskal Herriko alardeak:bi hamarkadetako atzerapenak eta aurrerapenak” izeneko hitzaldiarekin: “Kultur-ondare materiagabea ezin da kontserbatu, ez baita materia, gainera urtean behin gertatzen da, nola kontserbatuko da beraz?” bota du Kerexetak. Alardeaz eta ohitura horrek berarekin dakartzan genero-diskriminazioez aritu da, alardean eta mota horretako “herri ohituretan” hartzen diren erabakiak nortzuk hartu ohi duten aztertuaz, eta ea ez ote diren pribatuak publikoak izan beharrean zalantzan jarriaz.

Garbiñe Elizegi izan da hirugarren hizlaria, Baztango alkatea ohia bera, eta Baztango mutil-dantzen inguruan mintzatu da. Duela urte askotako ohitura bat da mutil-dantza, izenak berak dioen bezalaxe, mutilek bakarrik egiten zutena, mutilek soilik, ez gizonek eta umeek ere. Gerora, ordea, janzkera, ordua eta adin tartea ere aldatu egin ziren, haur, mutil eta gizonek parte hartuaz. Handik gutxira, emakumeak ere parte harten hasi ziren, eta arazo handirik sortu ez arren, mutil-dantza galtzen hasi zen apurka apurka. Egun, berreskuratzen joan da, eta badaude parekideak dauden taldeak ere, nahiz eta herri batzuetan tartean emakume bat sartuz gero txistularia isildu egiten den.

Margaret Bullen izan da hamaiketakoa eta gero protagonista eta genero indarkeriaz eta jaiez aritu da. “Tokiko kultur sistemaren jokamoldeak benetakoak eta bakarrak balira bezala agertzen dira” esanaz hasi du hitzaldia. “Emakumeen indarkeriari buruzko ikerketa bat egin genuen, aztertu genuen amodio erromantikoarekin eta familiarekin zeukan erlazioa. Indarkeria oso hartuta dagoela frogatzeko, batzuetan normaltzat agertzen dela, alajaina” adierazi du, genero indarkeria eguneroko bizitzetan, gizon eta emakumeen arteko ohiko harremanetan eta besteak beste gure imaginarioa betetzen duten irudietan txertatuta dagoela gehituz.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude