Arlo zaila dirudi informatikarena horretan aritua ez denarentzat, baina egunerokotasunerako beharrezkoa bilakatu da. Garapen horretan aurrera egin asmoz, UEUk ‘Sare aplikazioak node.js-rekin eta web irekia’ ikastaroa antolatu du, Udako Ikastaroen 43. edizioan, eta guk Beñat Jimenezekin hitz egin dugu.
Lehenik eta behin, zer da node.js? Zertarako balio du?
Garapenerako inguru bat da, eta hainbat erreminta batzen ditu zerbitzarian, Java Scriptn garatu ahal izateko. Zerbitzariak programatzeko eta web aplikazioak egiteko balio du. Azken finean, programak egiteko erabiltzen da.
Zeintzuk dira, zure ustez, azken urteetan arrakasta izatearen gakoak?
Faktore asko daude, baina nik uste dut garrantzitsuenetarikoa Java Scripta dela. Hau esaten dut Java Scripta ‘erregea’ delako bezeroen artean (enpresak), eta gaur egun jende askok egiten duelako lan horrekin, beraz oso naturala egiten zaio. Hortik aurrera, beste hainbat abantaila ditu. Horrez gain, daukan dinamismo horrek jende asko erakartzen du.
Batzuetan badirudi informatikaren mundua oso leku itxia eta teknikoa dela. Zer egin daiteke informatikaren gakoak gehiago ezagutarazteko?
Ez dakit. Egia esan, herrialde batzuetan hasi dira eskoletan programazioaren oinarri bat erakusten, baina nik uste dut oso oinarrizkoa dela matematikak, fisika, …eta horrelakoak irakastea, gero programatzerakoan oinarri sendo bat izateko, azken finean horrelakoak ere behar baitira ondo programatzeko. Teknologiaren eta programazioaren munduan zaila ikusten dut matematikarik gabe ondo programatzen ikastea. Ez da mundu bat egun batetik bestera garatzen hasi eta norbait handia bilakatuko zarena. Horretarako, faktore asko landu beharko lirateke.
Ze aplikazio mota sortu daitezke node.js-rekin?
Gehienbat erabiltzen da ‘Real Time’erako, zuzeneko gauzetarako, adibidez ‘txat’ak, bideo-jokoak, … baina printzipioz edozein webgune edo sistema egiteko balio dezake. Agian gauza askotarako ez da komenigarriena, baina badauka potentziala.
Zeintzuk izango dira zure ustez datozen urteetarako joera nagusiak?
Java Scripta eboluzionatzen ari da, eta zentzu handi batean mundu korporatiboagoan gehiago barneratzeko ahalegina egiten ari dira. Java Scriptaren hizkuntza bera garatu da pixka bat beste hizkuntza batzuetara hurbiltzeko. Horrek erraztuko luke beste garapen mota bat, eta enpresek oso ondo hartuko dute. Zentzu horretan, Java Script eta node.js ez dira desagertuko eta hobetzen jarraituko dute.
Nori zuzendua dago ikastaroa?
Web munduan interesa daukanari eta teknologiaren ezagutza pixka bat daukanari. Dena den, sarrera nahiko orokorra izan da, eta gero eredu batzuk programatuko ditugu, baina ez da oso sakona izango. Ikastaroa ireki xamarra da, baina beti izan behar duzu oinarri teknologiko bat.