Agroekologiako graduondokoaren harira, ikasleek proiektuen aurkezpena egin dute Udako Ikastaroetan

Agroekologia: trantsiziorako gure bideak landuz” graduondokoaren baitan, izen bereko ikastaro bat egin da gaur Eibarren, eta bertan ikasleek kurtso amaierako proiektuak aurkeztu dituzten. Marijo Imazek eman dio hasiera barne-mintegiari, ikastaroaren nondik norakoak azaldu orduko, hurrengo ikasturtean graduondokoa egiteko aurre matrikula zabalik dagoela jakinaraziz. Hitzaldi nagusia Bizilur Lankidetzarako eta Herrien Garapenerako Erakundeko kideek eskaini dute, “Euskal Herriko Bestelako Bizitza-Ereduak Lortzeko Burujabetza Ereiten” izenburupean.

Agroekologia1Alazne Intxauspe eta Silvi Piris aritu dira solasean goizeko lehenengo tartetxoan. Bertan, elikadura-burujabetza abiapuntutzat hartuz tokiko politika publikoak eraikitzeko zenbait proposamen egiten dituen gida bat aurkeztu dute. “Elikadura burujabetzan eraikuntzak kolektiboa izan behar du, gizarteko esparru guztiak ukituko dituena“, izan da beraien gida aurkezten zuten artean egindako adierazpenetako bat, elikadura-burujabetzak gizarteko alor guztiekin harremanetan egon beharko lukeela, alajaina. Elikadura-burujabetzaren oinarria erabakitzeko eskubidea dela esanaz borobildu dute hitzaldia, eta ondoren, galdera eta eztabaida tartetxoa ireki da. Ondorio bezala, teknikoek ikuspegi politikoa eta politikoek ikustegi teknikoa behar dutela aipatu da.

Eztabaidaren ostean, ikasleek beraien proiektuak aurkezten jardun dute. Garikoitz Aiesta izan da bere lana aurkezten lehena, bera, Gabiria eta Ezkio-Itsasoko eskoletan bertokoak diren produktu ekologikoak eskaintzen dituzten jantokiak egiteko proposamen batez mintzatu da. Jantoki horietan nutrizionistak lan egitearen beharraz aritu da, horiek izan beharko liratekeela, sukaldariarekin elkarlanean, haurrek zer jango duten erabaki beharko luketenak. Goierri Garaian dauden kontsumitzeko joeren inguruko datu batzuk emanaz bukatu hizketaldia.

Julen Aranguena irten da arbelera ondoren. Aranguenak Lizoian-Arriasgoitiko gaur egungo basogintzaren inguruko lana egin du, hori deskribatzea izan delarik helburu nagusia. Zonalde horretako basoen erabileraz ere aritu da, eta antza denez, ez omen dira aisialdirako askorik erabiltzen, hala ere, ehiza eta arrantza asko praktikatzen direla inguruetan azpimarratu du.

Eztabaida politak sortu dira aurkezpen bakoitzaren ondoren, baita interesez betetako galdera sorta ere. Kontaktuak egin eta ideiak partekatzeko tarte ederra izan dute gaur “Agroekologia: trantsiziorako gure bideak landuz” graduondokoaren ikasleek beraz, baita ikasturtean zehar ikasi dutena aplikatzen dakitela frogatzeko ere.

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude