Pello Urzelai: “Gaur egun, sarea ezinbesteko laguna da kazetariarentzat”

BERRIA egunkariko IKT arduraduna izanik, Pello Urzelai jakitun da mundu digitalak hedabide tradizionaletan daukan garrantziaz. Asteartera bitartean, kazetariek erabili ditzaketen erreminta ezberdinak ezagutaraziko ditu Eibarren, ‘Kazetaritza digitalerako tresnak’ ikastaroaren baitan.

Ikusi Pelloren bideoa

pello UrzelaiZe helburu ditu ikastaro honek? Daukan helburu nagusia da tresnen ezagutza orokorra begiratzea eta bisita bat egitea tresna mota ezberdinei, kontutan hartuta zeintzuk diren kazetaritza munduaren joera nagusiak. Joera nagusi horiek izan daitezke, adibidez, mugikortasuna, sare sozialak, datu kazetaritza edo narratiba berriak. Horien inguruan lotutako tresnak gainetik ezagutzeko aukera izango dugu, eta ea bateren bat frogatzeko aukera izan dezakegun.

Sareak denon eskura jartzen ditu kazetari modura aritzeko tresnak. Onurak izateaz aparte badu arriskurik? Nik abantailak ikusten dizkiot, batez ere. Sareak baliabideak eskaintzen ditu kazetarientzat, eta gauza berriak azkarrago eta modu ikusgarriago batean egiteko aukera dago. Arriskuak, berriz, beti egongo dira erabilera okerra badago. Gaur egun, sarea ezinbesteko laguna da kazetariarentzat.

Dena dela, kazetaritza trebezia kontua da, kazetari izan nahi duena trebatu egiten da. Horrela lortzen da komunikatzea modu eraginkor batean. Sarea librea da mundu guztiarentzat, eta oso ondo komunikatu daiteke. Nik horri ez diot arriskurik ikusten.

Historikoki kazetaritza ulertzeko erabili izan ditugun medioak arriskuan daudela entzuten dugu aldiro. Zuk, paperezko egunkari bateko langile izanik, zein iritzi daukazu horren inguruan? Hedabideak eta komunikazioa etengabe aldatzen ari dira. Tresna digitalek aldatu dute komunikazioa egiteko modua, eta berritu beharra dago. Kazetaritza tradizionala arriskuan dago neurri batean, eta egokitzen ez dena gaizki ibiliko da aurrerantzean. Aldaketa oso garrantzitsua gertatzen ari da azkenaldian, eta itxura du dena azkarrago doala. Digitalizazioaren ondorioak geroz eta zabalduago egongo dira esparru guztietan.

Azkenaldian Big Data delakoak eztanda egin du kazetaritzan. Zeintzuk izango dira epe laburrera joera berriak? Datugintzari lotuta eremu oso zabala ireki da. Aukera handiak daude lan egiteko, baina uste dut kazetaritzaren eta hedabideen ikuspuntutik bi ildo nagusi daudela:

Batetik, sinpletasunean eta eraginkortasunean oinarritzen dena. Hau da, datu gutxirekin ondo irudikatu eta komunikatzen duena. Dena den, sinpletasun hori ezin da gauza errezetara mugatu. Mapen erabilera sinplea izan daiteke adibideetako bat; hor aukera dago gauza asko egiteko, eta uste dut joera hori indartu egingo dela aurrerantzean.

Bestetik, datu askoren ustiaketa dago, baina hau konplexuagoa da. Hor funtsezkoa da datuak bilatzea datu-base ezberdinetan eta modu grafiko batean ikustarazi.

Bi mundu ezberdin dira, baina uste dut garapen oso handia izango dutela. Dagoeneko bizirik daude baina gure artean gehiago ezagutuko dira aurrerantzean.

Nori zuzendua dago ikastaroa? Kazetaritza digitalean trebatu nahi duen kazetariari, kazetaritza ikasten ari denari edo mundu berri hori ezagutu nahi duenari. Ez da kazetaria izan behar horretan murgiltzeko, nahiz eta edukiak pentsatuta dauden kazetari bezala aritzeko.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude