Fernando Mijangos: “Gaur egun gauzak erosi, erabili eta bota egiten ditugu, eta botatzen dugun horri beste erabilera bat emateari ekonomia zirkularra deitzen zaio“

Hondakinen Kudeaketa eta Tratamendua” graduondokoaren harira, ikastaroa antolatu dute Eibarko Markeskoan bertako ikasleek egindako lanekin. Bertan bildu dira, beraz, graduondokoa egin dutenak, horretan interesaturik daudenak eta gaiaren inguruan sakondu nahi zutenak, saioa irekia izan baita.

Fernando Mijangos eta partaideak1Fernando Mijangos da “Hondakinen Kudeaketa eta Tratamendua” graduondokoaren arduraduna, eta berak eman dio hasiera mintegiari, galdera batekin hasi ere: “Antzeman al duzu aldaketaren bat azken lau urteetan Hondakinen kudeaketa eta tratamenduan?” galderarekin, hain justu. Guzti horri erantzuteko, graduondokoak atari bat duela esan eta graduondokoaren nondik norakoez hasi da hizketan, horren bitartez jorratzen dena azaltze aldera.

Ondoren, mintegiaren gaiari heldu eta hondakinek eta horren kudeaketak gizarteko esparru ezberdinetan bizi duen egoeraz mintzatu da, besteak beste ekonomia zirkularraz. “Gaur egun gauzak erosi, erabili eta bota egiten ditugu, eta botatzen dugun horri beste erabilera bat ematea da ekonomia zirkularra, hau da, bota orduko edo bota ostean, moldatuaz edota birziklatuaz” aipatu du Mijangosek. “Bilketa nolakoa den, hondakina ere halakoa izango da” esanez jarraitu du, bata bestearekin oso lotuta dagoela azpimarratuz.

Fernando Mijangos eta gero, Gorka Buenok hartu du hitza, ingeniaria eta energian aditua bera. Gipuzkoan hondakinak kudeatzeko sistemarik onena zein izan zitekeen aztertu du eta ikerketaren datu batzuk ekarri ditu mahai gainera. Helburu hori lortze aldera, hondakinak kudeatzeko sistema ezberdinak aztertzen aritu dira, datuak lortu ahala ondorioak ateraz. “Errausketarik gabeko sistemak ekosistemaren aldeko alor guztietan irabazten du elektrifikazioan izan ezik” ziurtatu du Gorka Buenok, ekosistemari kalte handiak eragiten dizkiola salatuaz, nahiz eta elektrizitatea sortzeko modurik eraginkorrenetarikoa izan.

Mijangos eta Buenoren sarrera hitzaldien ostean ikasleak ikasturte amaierako lanak aurkezten hasi dira. Proiektu guztiek izan beharreko orrialde kopurua gainditu izan arren, oso kalitate onekoak izan direla adierazi du Mijangosek, ikasleek oso ekarpen garrantzitsuak egin dituztela. Ikasleen proiektuen artean, bakoitzak bere herriko hondakinen kudeaketen azterketa, material espezifiko bat nola birziklatu edota merkataritza gune ezberdinetan sortzen diren hondakin mota desberdinen ingurukoak izan dira. Batek baino gehiagok aipatu dute “hondakinen hierarkia” terminoa.

Mikel Anakabe graduondokoaren ikasleak, bost azpimailatan banatu du hierarkia edota piramide hau: prebentzioa, berrerabilpena, birziklatzea, beste balorazioak eta deuseztea desberdinduz. Prebentzioa zerbait ekoitzi orduko ondo pentsatzean datza, hau da, benetan beharrezkoa den hori sortzean, berrerabilpena, aldiz, gauza hori bota orduko ze beste erabilera izan dezakeen hausnartzea, hau da, ea benetan hondakina den baloratzea.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude