Bakartxo Arrizabalaga: “Gabeziaren ikuspuntutik ikusten dugu euskara, baina alderantziz dela uste dut; euskarak ahalmen handiak dituela”

Bakartxo Arrizabalaga Labroussek 25 urtez dihardu itzulpengintza sektorean, eta urte luze horietan milaka traba topatu ditu bidean. Orain, zalantza guztiak argitu asmoz, Testu pragmatikoen itzulpena fr-eu konbinazioan’ ikastaroa eskaini die itzultzaileei UEUren Udako Ikastaroetan, Baionan.

Ikusi Bakartxoren bideoa.

Bakartxo Arrizabalaga2Zein da ikastaro honen helburu nagusia? Ikastaro honen helburua edo asmoa da, batez ere, itzulpengintzaren inguruan gogoeta bat egitea. Horrez gain, gure egunerokoan egiten dugunaz hausnartuko dugu soseguz, normalean izaten dugun tentsio hori gabe, izan ere, beti gaude tentsiopean, lanak entregatzeko epeen menpe. Guzti honetatik nahi duguna da egiten dugun produktua ahalik eta onena izatea.

Zeintzuk dira frantsesetik euskarara testuak itzultzen ari direnen arazorik handienak? Arazo nagusi bat da euskararen sistema frantsesaren sistemapean mantentzea. Horrelakoetan behar izaten da distantzia hartu eta ez funtzionatzea frantses hizkuntzaren sistemapean. Uste dut hori izaten dela euskarazko behar bezalako textuak egiteko gakoa. Oraintxe aritu gara aipatzen nola esaten diren frantsezko hitzak euskaraz, eta kasu batzuetan adibide asko irteten ziren, baina konturatu behar gara hitzez hitzeko itzulpen sinple horretan gauza asko galtzen direla.

Eta zeintzuk dira itzultzaile horiek izaten dituzten gabeziarik handienak? Mundu guztia ez dago egoera berean, baina beti hitz egiten dugu euskararen gabeziez, eta gabeziaren ikuspuntutik ikusten dugu euskara. Baina alderantziz dela uste dut; euskarak ahalmen handiak dituela, alegia, eta horri ez diogula erreparatzen. Alderantzizko itzulpenak egiten aritu gara, euskaratik frantsesera, eta ikusi dugu nola badauden gauza anitz frantsesez nola esaten diren pentsatzen hasten garenean eskas geratzen direla. Beraz uste dut inportanteagoa dela euskarak dituen ahalak ikustea, ez dituenak ikustea baino.

Ze metodologia erabiliko duzue ikastaroan? Guztiz lan praktikoa egiten ari gara, benetako testuen gainean ari gara lanean. Testu horiek dira gure egunerokotasunean irteten zaizkigun milaka tramiteen adibideak, eta horiek dituzten arazo eta korapiloak askatzen saiatzen ari gara

Nori zuzendua dago ikastaroa? Gehienbat praktikan ari den jendeari zuzendua dago. Bada bateren bat oraindik ere ez duena gehiegi itzuli, baina batez ere egunerokoan itzultzaile bezala aritzen direnentzat egin da ikastaroa.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude