Ane Ablanedo: “Elkarbizitza toki bezala ulertu beharko litzateke eskola, eta ez instrukzio leku bezala edota ikastokia bezala“

Baionako Udako Ikastaroetan emandako ikastaroetako bat “Eskola libre eta demokratikoak II” izenekoa dugu. Bertan, hezkuntza ereduak eta hezitzaileen paperaz hausnartu dute, besteak beste, Ane Ablanedo irakaslearekin. Guzti hori jakiteko berarekin aritu gara solasean atsedenetako batean. Matrikula zabalik dago.

Ikusi Aneren bideoa.

Ane ablanedoZer jorratu duzue ikastaroan?
Ikastaro honek izan nahi zuen lehenengoaren jarraipena, Eskola Libre eta Demokratikoak I ikastaroaren jarraipena, nahiz eta horretara joan ez zen jendea etorri den. Aurrekoaren errebisio bat eta bertan jorratu ziren gaietan sakontzeko. Batez ere gai batean sakondu dugu, haurraren heziketan erabili beharreko tresna nagusiak zeintzuk diren, hau da, irakaslea nola dagoen, irakasleari irakaslearen paper hori kendu behar baitzaio eta heldu edota pertsona bezala agertu. Horren inguruan hausnartu dugu, gu heziketaren produktu eta ondorio garen neurrian zer nolako zailtasuna dugun haur batekin egoteko.

Zein litzateke pedagogia osasuntsu baten eredua?
Hain zuzen ere pedagogia baten aurkako zerbait egitea. Pedagogiak beti nahi du haurra bideratu pedagogia horren arabera garrantzitsuak diren gauzetarantz. Pedagogia osasuntsu baten funtsa litzateke heziketa eza, eta horrek ez du esan nahi heziak izaten ez direnik. Pedagogiaren aurkakoa izateak esan nahi du haurrengan konfidantza dugula, badakitela heldu bilakatzen, laguntzarekin beti ere, zainduta sentitu daitezen baina gaitasuna dute beraien kabuz ikasteko, heldu bilakatzeko, hori dago beraien programazioan, beraien naturan. Hori loratu dadin lagundu behar dugu, edo gutxienez oztoporik ez jarri. Hezitzailearen egoteko moduan dago gakoa, esperantza izan behar da hezitzaileek eskoletan gauzak beste modu batean egin ditzaketela.

Zelako metodologiak erabiltzen dira eskola alternatiboetan?
Ez da metodologiarik. Haurrak jakin-mina du, ez dago bizitzarekin interesatuagorik dagoen izakirik, dena jakin nahi du bizitzari buruz, dena ukitu, dena jakin, esperimentatu, eta guk egin behar dugun bakarra da ingurua egokitu. Horretarako beti egon beharko da heldu bat, afektiboki loturik dagoena, afektiboki babestuko duena, segurtasuna emango diona, mugak kenduko dizkiona, agian ez baita gai zerbaitetarako eta horrek askatasuna kenduko lioke, eta zamak jarri. Haurrak berez daukan jakin-mina eta bizipoza preserbatzea litzake gakoa, daukan guzti hori babestea. Baliteke zerbaitetarako gai ez izatea, Berez etorrik zaio, ez dago metodologia bat. Kendu, eskolari gauzak kendu behar zaizkio, ez zerbait berria eman, kendu, kendu, kendu, kendu.
Zein eredu jarraitu orduan?
Eskolari kendu ikastea eragozten duen oro. Zentzu horretan eskolak bete dezake paper berezia, eskola elkarbizitza leku bezala ulertuta, non elkarbizitzan baino ikasten ez diren gauzak ikasten ahalko lirateke, nola erlazionatu besteekin, nola arautu gure bizitza eta abar. Horrela ulertu beharko litzateke eskola eta ez instrukzio leku bezala edota ikastokia bezala, haurrek edonon eta edonorekin ikasten baitute.

Zer lortu nahi da ikastaroaren bidez, eta lortu al da zure ustez?
Ikasleak etxera baldin badoaz hausnarketarako hazia barnean dutela, gauzak kuestionatzeko gai badoaz, des-eskolaratzea lortzeko batez ere, hori lortzen bada nahikoa da, eta uste dut lortuko dela. “Nik zer daukat hemen egiteko ezberdin?” bezalako hausnarketak egitea.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude