Arkaitz Zarraga: “Testuingurua euskaldunduz gero, pertsonen euskalduntzea berezkoa izango da”

Arkaitz Zarraga filologoak euskararen normalizazio prozesuan paper garrantzitsuagoa izan beharko lukeela uste du. Asteazkena eta osteguna artean ‘Helduen euskalduntze alfabetatzea: moldaketa beharra’ ikastaroa eskainiko du Baionan, Udako Ikastaroen baitan.

Ikusi Arkaitzen bideoa

Arkaitz Zarraga1Azalduko diguzu zein den ikastaro honen helburua? Ikastaroaren helburua da batez ere, helduen euskalduntze eta alfabetatzearen inguruko hausnarketa egitea, eta, horretarako, egingo duguna izango da soziolinguistikaren oinarriak gainetik ikusi, Euskal Herrian ze eragin izan duten eta nola aplikatu diren. Hori lehen atala izango da, batez ere plangintzen ingurukoan arituko gara.

Bihartik aurrera egingo duguna da arlo didaktikoari lotuta dauden azken joerak erakutsi pedagogia komunikatibotik abiatuta. Horrez gain, pedagogia horietatik helduen alfabetatzeari bidea ematen dioten plangintzetan txertatu testuingurua ahaztu gabe. Uste dugu hori dela eman beharreko hurrengo urratsa, eta helburua izango da horren inguruko hausnarketa egitea.

Euskararen normalizazio prozesuan zein toki dauka helduen euskalduntze eta alfabetatzeak? Orain arte egin izan dena da pertsonak euskaldundu, eta, nolabait, gaitu euskaraz jardutera edozein egoeratan. Orain, normalizazio prozesu horretan bilatzen dena da plangintza horiek hedatzea. Nire ustez, euskalduntze eta alfabetatze prozesuak bilatu beharko lukeena da horretan sartu eta lagundu euskara ikasten duenari testuinguruan sartzen, hau da: testuingurua euskaldundu dezagun eta horrela pertsonen euskalduntzea berezkoa izango da. Izan ere, kokaleku natural batean euskalduntzea errazagoa ematen du. Irakaskuntzako atal hori egiteaz gain, zerbait gehiago egin daiteke, testuinguruan eragiteko eta testuingurua bera euskalduntzeko.

Gaur egun gertatzen dena da guk euskaraz egitean pertsonak euskalduntzen ditugula, baina testuinguru erdaldunetan barneratzean euskalduntze hori bertan behera geratzen da.

Zer egin daiteke bizitza guztian zehar euskara erabili ez dutenek euskara ikas dezaten? Aurrez aipatutako esparruetan euskara normalizatzea lortzen badugu, modu askoz ere naturalagoan lortuko genuke jende horrek ikustea euskaraz funtzionatzeko beharra. Horretarako gauza asko behar dira: behar dira borondate politikoa, egitura politikoen berrantolaketa egokia, … eta behar da laguntza sendo bat euskaraz murgiltzen den harentzat, eta horretan metodologiak ere badu zerikusia.

Zentzu horretan, ze aurrerapauso egin dira eta zer dago hobetzeke? Hobetu da asko metodología kontuetan, baina eztabaida da zelan gauzatu. Eta uste dut horretan ez gabiltzala asmatzen. Horretan traba handia dira, zalantzarik gabe, gaur egun ditugun ebaluazio sistemak: profilak direla, EGA dela, …

Horrez gain, baliabideak behar dira, eta baliabideez ari garenean diruaz ari gara. Diru askoz gehiago jarri beharko litzateke prestakuntza handia behar delako, eta plangintzak hedatu nahi badira horrek baliabide ekonomiko handiak eskatuko ditu, baina esan behar da aurretik ere egin direla, izan ere, EAEn batik bat, hezkuntza sistema osoa euskaldundu egin da. Liberazio kopuru handiak izan dira, diru asko jarri da horretan, eta orain ematen du bukatu dela hezkuntzaren euskalduntze prozesua, baina beste arlo batzuetara hedatu beharko da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude