“Ekonomia solidarioa sustatzeko beharrezkoa da horren inguruko pedagogia jasotzea”

Beste ekonomia bat sustatu daitekeela, eta eraldaketa horretan unibertsitate ezberdinak buruan jar daitezela eskatu dute UEUk eta EMAÚS Gizarte Fundazioak Eibarren antolatutako Beste Unibertsitate eredu bat sustatzeko unibertsitate eredu eraldatzaileak’ jardunaldian.

beste ekonomia 1Unibertsitate-eredu berri hauek ekonomia alternatibo eta solidarioa sustatu behar eta ahal dezaketela uste dute Emaus Gizarte Fundazioko arduradunek, campus mailan egiten diren hezkuntza prozesu formal eta ez formalak bateratuz. Ostiralean ospatutako jardunaldian, gainera, gizarte arloko hainbat erakundek parte hartu dute. Irene Molero EAEko Gobernuz Kanpoko Erakundeen (GKE) koordinatzaileak adierazi du beren erakundetik unibertsitateetan bultzatutako topaketak arrakasta izan zuela: “Sentsibilizaziotik, gizarte eraldaketarako hezkuntzarako trantsizioa eman da, baina ikusi genuen arlo horretan unibertsitatean ekimen asko egiten zirela, aterkia falta bazuen ere. Lehenengo topaketa arrakastatsua izan zen, 100 pertsona inguru batu ginen: ikasle, irakasle edota erakundeak geunden. Topaketa horretan unibertsitatean nola eragin genezakeen aztertzea izan zen helburua, eta horren ondorioz unibertsitate publiko konprometituaren aldeko “behatokia” asmatu genuen. Talde mixto bat da, erabat irekia, eta bi helburu zituen: eragin politikoa egitea eta praktika onak jaso eta zabaltzea”.

Moleroren partehartzearen ondoren Olaia Larruskain Emaus Fundazioaren ordezkariak hartu du hitza. Larruskainek Brasilen ezarritako eredu batekin hasi du bere agerraldia, izan ere, gizartearen beharrizan eta arazoei erantzutea dute helburutzat, “batez ere gehien behar dutenei“. Ekonomia Solidarioko ‘Inkubagailu eta Nukleoen’ eredua da aurrez aipatutakoa.

Nahiz eta azkenaldian aurrerapenak egiten ari diren – “Telefonian adibidez hasi dira ekonomia solidarioa ezartzen, sare hori oso landuta dago”– ohartu du oso zaila dela mota horretako enresa bat zutik mantentzea. Gizartean ekonomia mota horretako balioak trinkotzeko moduei dagokienez, Larruskainek beharrezkoa ikusten du “ekonomiaren inguruko pedagogia jasotzea”. Horretarako hainbat bide daudela dio, “graduondokoak eta aholkularitza, edota gradu denetan ikasgai bat sartzea”.

Hala ere, gomendio horiek ezartzeko hainbat oztopo nabarmentzen ditu Emauseko ordezkariak: “Unibertsitatearen ekintzarekiko dependentzia, edota horien burokrazia eta erritmoa”. Errotazioa ere oztopo bezala ikusten du, “pertsonena, esate baterako”.

Hamaiketakoaren ondoren iritsi da mahai-inguruaren txanda. ‘Unibertsitatea izan daiteke eragile eraldatzailea Beste Ekonomia eta Gizarte eredu bat sustatzeko?’ galderapean, bertaratutakoek beren iritzi zein kezkak azaldu dituzte. Mikel Zurbanok aipatu du oso zaila izango dela “ekonomia solidarioa unibertsitateetan sartaraztea, jendea oso konbentzionala baita”. Zurbanok onartu du badirela saiakerak zentzu horretan hainbat masterretan, baina hortik ez dela etorriko “unibertsitate hezkuntza aldaketa”.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude