Pedro Lonbide eta Abel Camacho: “Batzuetan uxatu egiten ditugu erabiltzaile potentzialak, ikastaroaren itxura ez dugulako behar bezala zaindu”

Pedro Lonbide eta Abel Camacho “Moodle-ren itxura hobetzeko trikimailuak” izeneko ikastaroa ematen ari dira Eibarren, UEUren Udako Ikastaroen baitan. Guztiz praktikoa den ikastaro bat da eta helburua, erabiltzaileentzako erakargarriagoa izango den plataforma bat sortzen irakastea litzateke.

Ikusi Abel eta Pedroren bideoa

Zertan datza zuen ikastaroak eta zein metodologia zaudete erabiltzen?
Abel Camacho: Ikastaroa izatez Moodlen ingurukoa da baina kasu honetan begiratu nahi izan diogu Moodle-ren diseinuari. Moodle-ren itxura ez da oso erakargarria kasu gehienetan baina guk pentsatzen dugu ukitu batzuk emanda eta trikimailu batzuk erabilita Moodle-ren ohiko itxura ez oso landua pixka bat erakargarriago bilakatu dezakegula. Hau da, nahiz eta sekuentzien planteamendua ona izan, baina aurkezpen modua oso zatarra baldin bada, gerta daiteke ikaskuntza prozesuari ez laguntzea, ikaskuntza ez bultzatea eta ikasleek ez baloratzea material horien kalitatea.

Abel eta Pedro1Nori zuzenduta dago?
Pedro Lonbide: Ikastaroa erabiltzaileei zuzenduta dago, dagoeneko Moodle erabiltzen duten irakasleei eta lortu nahi duguna da konpartitzea bai kezkak eta bai konpontzeko bitartekoak. Guk hainbat ikastaro ematen ditugu, hainbat alorreko irakasleak ditugu hemen eta bakoitzak bere eremuan erabiltzen dituen trikimailu horiek konpartitu nahi ditugu. Alderdi horretatik ikastaroa erabat praktikoa da eta Moodlen lortu nahi dena lortzeko zein bitarteko erabili behar den irakasten ari gara.

Nola lagundu dezake Moodle plataformaren itxurak, norainoko garrantzia du itxurak?
Pedro Lonbide: Itxurak alderdi guztietatik laguntzen du, eta gaur egun are gehiago. Erabiltzen ditugun tresnen eta egin behar ditugun gauzen itxurak ere erakarriko gaitu edo ez. Tresna modura Moodle berez ez bada polita, itxura eskasak atzera bota dezake erabiltzailea, eta ez badaude ohituta online eremuetan ibiltzen, zailagoa izango da itxura eskasa duen tresna bat erabiltzeko gogoa izatea. Beraz, batzuetan uxatu egiten ditugu erabiltzaile potentzialak, itxura ez dugulako behar bezala zaindu. Eremu presentzial batean itxura zaintzen dugun bezalaxe, gure online eremuetan ere berdin egin beharko genuke. Askotan ez diogu horrenbeste garrantzirik ematen eta hori da ikastaro honen bidez erreibindikatu nahi duguna.

Abel Camacho: Moodle bidez egiten diren ikastaroetan alderdi bi ikusten dira: batetik, oso itxura ona baina eremu didaktikotik ezer gutxi duten ikastaroak, eta bi, nahiz eta itxura kaskarra eduki plataformak, didaktikoki oso onak direnak. Bi horien arteko konbinazio bat egin behar da. Garrantzitsuak dira ikastaroen jardueren jarraikortasuna eta planteamendua, baina ondo aurkeztutako jarduera onak, hobeak izango dira.

Ze erabilera ditu Moodle plataformak eta ze abantaila dakartza?
Pedro Lonbide: Erabilera asko ditu, unibertsitatetik hasita edozein hezkuntza arlotan erabiltzen da eta edozein etapatan, eremu askotan. Erabilera diferente asko ditu, online irakaskuntza garbian, hots, inongo inongo presentziazko saiorik gabekoa, eta bestetik presentziazko irakaskuntzan lagungarri gisa. Kontua da erabilera mota bakoitzari, erabilera eremu bakoitzari egokitzea eta ditugun behar eta daukagun egoera erreal horri erantzutea, horretarako baliabideak eta itxura aztertuz.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude