Ander Altuna: “Asko aurreratu da ikasmaterialen kalitatean”

Eibarko UEUren 43. Udako Ikastaroen baitan, ‘Zelan hobetu ikasmaterialen kalitatea? Testu zuzen eta egokiak sortzeko lanabesak ikastaroa egiten ari da, testu zuzenak, egokiak eta komunikatiboak sortzeko helburuarekin. Ander Altuna Gabiola filologoak eta UEUko euskara zuzentzaileak gidatzen duen ikastaroa testu aberatsagoak egitea helburu duten irakasle zein ikasleei zuzendua dago.

Ikusi Ander Altunaren bideoa

Ander AltunaZer da testu egoki bat? Eta testu zuzen bat? Testu zuzen bat da, printzipioz, zuzentasun arauak betetzen dituena. Gure esparruari dagokionez, zuzentasuna da Euskara Batuari dagozkion arauak errespetatzea, Hiztegi Batuan agertzen diren hitzak erabiltzea eta baita beste edonon agertzen diren proposamenei kasu egitea. Horrez gaindi, deklinabidea eta aditza zaintzea beharrezkoa da, eta gero, ahal den heinean, joskera ahalik eta zainduena izatea.

Testu egoki bat idazteko, aurrekoaz aparte, dagokion esparruan ezaugarri berezi edo jakin batzuk bete behar ditu. Hau da, ikasmaterialetarako testu egokiak dira, printzipioz, terminologia aldetik jakintza arloarekin nolabaiteko koherentzia bat mantentzen dutenak eta esparru horretarako aproposak direnak. Nolabait esateko, ez da gauza bera iritzi artikulu bat idaztea edo ikasmaterial bat prestatzea. Horrek ere bere berezitasunak ditu, eta, alde horretatik, zaindu egin behar dira hizkuntzaren aldetik gramatikarekin edo ortografiarekin zerikusia ez duten kontu batzuk, adibidez, estiloa.

Zein neurritan aurreratu da ikasmaterialen kalitatean? Esango nuke asko aurreratu dela. Gaur egun, gainera, eskura ditugu hainbat baliabide sarearen bitartez, eta pentsatzen dut ildo horretatik landu direla. Esan nahi dut: zuzentasunari dagozkion kontuez aparte, hainbat gauza egiten direla. Duela urte gutxi batzuk, esaterako, Eusko Jaurlaritzaren bitartez esku-liburu bat sortu da ikasmaterialei begira.

Zeintzuk dira testu on bat egiteko gako nagusiak? Nik uste dut, lehenik eta behin, hiru arlo nabarmendu beharko genituzkeela: zuzentasuna, egokitasuna eta komunikatibotasuna, eta nik uste dut, alde horretatik, helburua izan beharko litzatekeela testua komunikatiboa izatea. Hau da, testu ulerkorrak izatea, eta bere helburua betetzeko gaitasuna edukitzea.

Ze helburu du ikastaro honek? UEUn urtean zehar ikasmaterialak argitaratzen ditugun heinean, asmoa izango litzateke ikasmaterialekin zerikusia duen jendeari erakustea lanerako erabiltzen ditugun tresnak, haientzat ere baliagarriak izateko esperantzarekin.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude