“Ezjakitasun handia dago politikari, herritar eta profesionalon artean, bibliotekek, artxibategiek eta dokumentazio zentroek gaur egungo gizartean bete behar duten egitekoez”

ALDEE elkarteak (EAEko Artxibo, Liburutegi eta Dokumentazio Zentroetako profesionalen elkartea) eta UEUk Informazio eta Dokumentazio Kudeatzaileen I. Bilkura. Lankidetza ardatz, euskara bitarteko, herritarra helburu‘ jardunaldia antolatu dute Eibarren uztailaren 1ean. Elkarrizketa egin diegu ALDEEko ordezkariei. Matrikula zabalik dago!

Zein da dokumentazioa eta informazioa kudeatzen duzuenon diagnostikoa, Euskal Herriari dagokionez? Zein da momentuan daukazuen arazorik nagusiena? ALDEEren eremua EKAko hiru lurraldeetara mugatzen da, beraz, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako egoera hartuko dugu kontuan. Gaur egun informazioa eta dokumentazioa kudeatzen dugun profesionalon (liburuzainak, artxibozainak eta dokumentalistak) sektoreak gabezia estrukturalak ditu. Ez du egitura sendorik eta sakabanatuta eta atomizatuta dago. Beraz, beharrezkoa da dugun egoeraren diagnostikoa egin eta, aldi berean, elkarlanerako aukerak aztertu eta proposamenak jasotzea.

Bizi dugun garaia ez da ahalegin indibidualetan aritzeko garaia, baizik eta elkarlanean, adostasunean eta koordinazioan oinarritutako sisteman lan egitekoa, hori baita herritarrari zerbitzu egokiak emateko bide bakarra. Plangintza-tresna estrategiko eta eraginkor bat behar dugu, proiektu orokor bat. Oraingoz, Euskadiko Irakurketa Publikoaren Mapa besterik ez daukagu, eta bertan liburutegi publikoek parte hartzen dute soilik; ez, ordea, unibertsitateetakoek, espezializatuek, ikastetxeetakoek, artxibategiek, dokumentazio zentroek…

Eusko Jaurlaritzaren aldetik ez dago plangintzarik, ez dago politikarik; abian jartzen dituen egitasmoak ez dute elkarrekin loturarik eta ez daude sektorearen eta herritarren beharretan oinarrituta; ez dago epe ertainerako helbururik, epe laburrerako jardunbide solteak, soilik.

Beste gabezia larri eta estrukturala da ez dagoela Euskal Herrian gure alorreko ikasketa unibertsitate-mailakorik. Honek, jakina, profesionalon gaitasunean eragiten du zuzenean, eta zailago egiten du profesional talde ondo prestatua izatea eta norabide onean urratsak egitea.

Ezjakitasun handia dago gure artean, politikari, herritar eta baita profesionalon artean ere, bibliotekek, artxibategiek eta dokumentazio zentroek gaur egungo gizartean bete behar duten egitekoez. Ez dago hausnarketa sendo eta adosturik gure zentro hauek XXI. mendeko gizartean izan behar dituzten funtzioez. Gizartea aldatu egin da eta hein berean aldatu dira jakintzara eta informazioara iristeko ereduak. Gurean, ordea, XX. mendeko eredua izaten jarraitzen du eta, horrela, XX. mendeko zerbitzuak eskaintzen jarraitzen dugu XXI. mendean egonagatik.

Laburbilduz esango genuke informazio-zerbitzu guztiak koordinatuko lituzkeen sistema integratu bat falta dela.

Eta etorkizunera begira, zeintzuk dira zuen erronkarik nagusienak? Erakundeen aldetik, helburu eta politika argiak mamitzea epe ertainera. Liburutegiak, artxibategiak eta dokumentazio zentroak koordinatuko dituen mahai edo lantalde bat sortzea, baliabideak era eraginkor batean kudeatuz, herritarrei kalitatezko zerbitzuak eskaintzeko xedez. Profesionalen formakuntzari dagokionez, unibertsitate-mailako titulazioa inplementatzea. Hiritar GUZTIENTZAKO egokiak diren zerbitzuak eskaintzea eta “Euskadiko Irakurketa Publikoko Mapa”ren datuak hobetzea, ez baitute nazioarteko ratioak eta estandarrak betetzen.

11038076_1092798614068243_5910625659344909655_n

Aipatzen duzue sektore horretan lan egiten duzuenok egitura sendoago baten beharra daukazuela. Zelan indartu daiteke harreman hori? Lehendabizi, egungo egoeraren analisi batetik abiatuta, sektoreko profesionalen eta gobernu-organoen arteko harremanak finkatu beharko lirateke, garatu nahi diren lan-ildoak finkatzeko, eta prozesuan nahastuta dauden guztien interesak ordezkatuko dituen koordinazio-sistema bat eratzeko. Biblioteken sare nazionala sortuz eta sare hori koordinatzeko nahikoa giza baliabide eta aurrekontu jarriz. Erakundeen arteko lan-mahaiak eratuz koordinazio hori gauza dadin. ALDEEn oso garbi daukagu kooperazioa eta elkarlanaren bidetik etorriko dela egitura sendoago bat. Koordinazioa ezinbestekoa da gure arloko profesional eta gobernu-erakundeen artean. Hau ez da ALDEEk soilik egiten duen irakurketa bat, iaz Bilbon eta Donostian egin ziren Liburutegien beste topaketa batzuen ondorioa ere bada.

Diozue euskara izango dela elkarlan horren onuradun nagusienetarikoa. Zergatik? Euskal Herrian euskara funtsezko ondarea denez gero, kulturaren sektore eta esparru guztietan euskarak duen presentzia areagotu egin behar da. Ezagutzaren, informazioaren eta  kulturaren aro honetan ezinbestekoa da, beraz, euskararen erabilera normalizatzea eta, zentzu horretan, bere xumean, informazio eta dokumentazio kudeatzaileok kultura zaindu eta zabaltzeko bitartekari gara.

Kontua da, orain arte ez dela ia-ia ezertxo ere landu euskaraz gure alorrean: unibertsitate-mailako ikasketarik ez dagoenez, ez dago prestakuntza teknikoa euskaraz jaso duenik inor. Ondorioz, ezintasun ia osoa dauka ALDEEk prestakuntza ikastaroak euskaraz emateko. UEUk ere ez du alor honetako jakintzagairik jorratu, salbu eta kazetaritzaren ingurukoa zertxobait. Hau guztia oso kezkagarria da.

Baina, bestalde, profesionalon gaur egungo euskara-maila jasoak eta euskararen erabileraren aldeko jarrera eta borondateak, aukera ematen du urrats sendoak egiteko euskarak presentzia izan dezan sektore osoko dinamikan.

Lehen aldia da alor honetako profesionalen bilkura ireki bat euskaraz antolatzen duguna eta, ziur gaude, bilkura honetatik aterako diren ondorioen artean, euskarak orain ez daukan tokia izan dezan proposamen zehatzak jasoko ditugula.

Nori zuzendua dago jardunaldia? Zeintzuk dira helburuak? Sektore osoko profesionalei zuzenduta dago eta gure asmoa litzateke ahalik eta iritzi gehien bildu eta ahalik eta adostasunik handiena lortzea etorkizuneko lankidetza-aukerak diseinatzeko.
Helburuak hiru dira:

  • Informazioaren eta dokumentazioaren kudeatzaileak elkartzea bilkura baten inguruan, gure kasuan mahai-inguruaren formula erabiliz parte hartze handiago ahalbideratzen duelako.
  • Arlo profesionalaren diagnostiko orokorra egitea: aukerak, mehatxuak, indarguneak eta ahulguneak.
  • Etorkizuneko elkarlaneko aukerei buruz hausnartu eta proposamenak jasotzea.

Iruzkinak (1)

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude