“Generoa, diskriminazioa eta erresistentzia: espetxeratutako emakumeen agentzian sakonduz, kasu baten azterketa abiapuntu” tesiaren egilea.
Zein gairen inguruan ikertu duzu?
Euskal Herrian preso dauden emakumeen egoeraren inguruan ari naiz ikertzen; ikuspegi feminista eta antropologikotik, espetxea genero-erakunde bezala jorratuta. Izan ere, kartzela instituzio sexista, androzentrikoa eta diskriminatzailea da, eta, ondorioz, genero-desberdinkeriak eta harreman desorekatuak birsortzen ditu. Hala eta guztiz ere, espetxeratutako emakumeek zailtasunei eta mugei nola edo hala aurre egiteko praktikak egikaritzen dituztela uste dut. Genero-bereizkeriak zein emakume presoen eraldaketa-estrategiak aztertzen ari naiz.
Ze zailtasun dituzu gaur egun gazteek ikerkuntzan aurrera egiteko?
Oro har, zailtasun nagusia ziurgabetasuna dela esango nuke. Lan-aukerak urriak eta behin-behinekoak dira, ikerketa-beken diru-kopuruak txikiak dira, lehia sustatzen dute… Baldintza horiek estutasun handia eragiten dutela iruditzen zait.
Euskarak ba al du tokirik ikerkuntzan?
Nolabaiteko lekua baduela uste dut, baina ezin da inolaz ere gaztelerarekin edo ingelesarekin alderatu. Ikerketa-munduan ere, euskara zapalduta dago.
Zure iritziz, baloratzen al da zuen lana? Zertarako balio du ikertzeak?
Esango nuke gure lana testuinguru batzuetan baloratzen dela eta beste batzuetan ez. Esate baterako, aurretik aipatutako lan-balditzak ikusita, uste dut ez dela behar bezala baloratzen; baina beste eremu batzuetan ondo baloratzen dela iruditzen zait.
Antropologiaren eta ikerketa feministen esparruan, ikertzeak balio handia du, bai jendarteko desberdinkeriak azaleratzeko, bai bidegabekeriak salatzeko, baita gogoeta sustatzeko eta berdintasunean urratsak emateko ere. Oro har, ikerketen gizarte-oihartzuna ez da handiegia, baina badute nolabaiteko eragina.
Zergatik da beharrezkoa Ikergazte bezalako egitasmo bat?
Nire ustez, batetik, euskarazko ikerkuntza azaleratzeko eta indartzeko; eta, bestetik, ikerlari gazteei bultzada bat emateko.