Unibertsitateko graduak 3 urte? Iraupena ez da gakoa

Madriletik hezkuntza-arau berri bat iritsi zaigu, kasu honetan unibertsitateari dagokiona: unibertsitateko graduak hiru edo lau urtekoak izan daitezke hemendik aurrera.

PPk bestelako babesik gabe inposatu duen arau berri honek, matrikulazioa-prezioak zein beka-politika edo unibertsitateen finantziazioa aldatzen ez duenez, Bologna prozesuaren ajeak areagotzen ditu: aukera-berdintasuna erasotzen du eta unibertsitate klasistagoa marrazten du.

Universidad Elche Gestión Local Diversidad_11Graduak laburtzea eta graduondokoak luzatzea ez da gako nagusia eztabaida horretan, gradu eta graduondoko ikasketen arteko matrikulazioa-prezioak baizik. Graduondokoen matrikula garestiago izatea ez da Europatik agintzen den zerbait, Madriletik zehaztutako politika neoliberalaren emaitza baizik.
Alemanian adibidez bestelako unibertsitate-politika jarraitzen da (gai honetaz datu gehiago nahi izanez gero hona hemen Katalunian argitaratutako txosten interesgarria: http://www.observatoriuniversitari.org/es/2012/12/18/estudiar-en-europa/).

Beraz, iraupenaren inguruko eztabaida baino lehen finantziazioarena da gakoa. Horri irtenbide egoki bat emanez gero, eztabaida dezakegu iraupenaz. Hiru urteko graduek abantaila batzuk dituzte, esaterako, bateragarritasun handiago Hegoalde eta Iparralde artean, mugaren gaineko titulu bikoitzak eta trukeak areagotuz, edo internazionalizazioari ekiteko marko egokiagoa. Baina aukera horiek bidezko sistema baten barruan kokatzen ez badira bide okerretik joango gara. Gainera, Eusko Jaurlaritzak zein Nafarroako Gobernuak azken urtetan bideratu finantziazio-politika ikusita, beldur naiz ez ote diren geratuko iraupenaren eztabaidan, berdintasunaren eztabaidan sartu gabe.

Errektoreek eskatu duten atzerapen logikoak ematen duen denbora balia dezagun, sar gaitezen eztabaidatzera finantziazioaz eta beka-sistemaz denen artean akordio bat lortuz, eta hori konponduta iraupenaren eztabaida askoz ere errazagoa izango da.

Iñaki Alegria Loinaz

@inakialegria

Argazkia: http://ow.ly/IIxjh

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude