Eztizen Miranda: “Garrantzitsua da oroimena (berr)eskuratzea, etorkizuna nondik bideratu behar dugun ulertzeko”

eztizenEuskal Herriko oroimen historikoa”  on line ikastaroa antolatu du UEUk aurtengo udazkenean. Eztizen Miranda,  ikastaroaren irakasleak, formazio honi buruzko argibideak eman dizkigu. Matrikulazioa zabalik dago.

Nola definitzen duzu OROIMEN historikoa? Oroimen historikoa da gaur egun iraganari buruz gogoratzen duguna, egungo egoeran eta interesetan oinarrituta.

Zergatik da hain garrantzitsua oroimen hori berreskuratzea? Garrantzitsua da oroimena (berr)eskuratzea, etorkizuna nondik bideratu behar dugun ulertzeko. Historiaren beraren gertakariaz gain, gertakari horiek guregan izan zuten eragina ezagutzeak ahalbidetzen du egungo egoera ezagutzea.

Nola jaso daiteke oroimen hori? Ezagutzaren bitartez. Begiek ezagutzen dutena baino ez dute ikusten, eta askotan egunero nabaritzen eta entzuten ditugun sentimenduak ez ditugu ulertzen nondik datozen ez ditugulako ezagutzen. Hitz egin behar dugu, beldur barik eta bakoitzaren ikuspuntua azalduz.

1936ko gerratik eratorritako historia zatian kokatu duzu ikastaroa. Zergatik?
1936ko gerrak eta ondorengoko urteek egungo historia baldintzatu zuten. Orduko oroimenak horren inguruko ezaugarriak, testuingurua, kausak eta ondorioak azaltzen dizkigu. Mundu mailan, Espainiar estatuta da desagertu gehien dituen herrialdea Kanbodiaren atzetik, 150.000 inguru desagertu. Indarkeri bortitzena, ordea, gerran ez ezik, gerra osteko diktaduran gertatu zen, baina horren luzea izan zen diktadura hura, “gordeta” egon dela historia. Orain, gizarte mugimenduei esker eta nazioarteko erreminten bitartez aukera dugu oroimen hori eskuratzeko, egia eskuratzeko.

Zeinentzat izan daiteke interesgarria ikastaro hau? Edonorentzat, izan ere, ez duzu zertan historian aditua izan. Gure historiarekiko interesa duen edonorentzat izan daiteke interesgarri ikastaroa, gizarte mugimenduei buruz zerbait gehiago jakin nahi duen edonorentzat.

Zein izango da ikastaro honetan erabiliko duzun metodologia? Metodologi nagusia, eta modu erraz batean azalduta, parte hartzea eta irakurketa kritikoa da. Testuei buruzko iruzkinak idatziko ditugu eta guztion artean komentatu. Ikastaro amaierarako beste lan bat eskatuko da, lan praktikoa, oroimen historikoaren eskuratzea zertan datzan ezagutzeko.

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude