Uztailaren 21ean, astelehenean, abiatu zuten ‘Sendabelarrak eta etnobotanika Euskal Herrian: jakituria tradizionaletik pentsamendu zientifikora’ ikastaroa, UEUk antolaturiko Udako Ikastaroen 42. edizioaren barruan. Lehenengo bi egunak mendian igaro dituzte ikasleak sendabelarrak identifikatzen baina gaur ariketa praktikoan murgildu dira bete-betean. Bertan, aurreko bi egunetan hartutako landareen bitartez, xaboiak, ukenduak eta enplastuak egiten dihardute ikasleek. Irune Uriarte Bikarregi irakasleak azaldu dizkigu ikastaroaren nondik norakoak.
Gaurkoan tailer praktikoari heldu diote bete-betean. Irune Uriarte irakasleak azaltzen digu: “Lehendabizi, xaboiak egin ditugu material naturalak erabiliz”. Uriartek azatzen du garrantzitsua dela ezagutza hori, izan ere, dendetan erosten ditugunak beti izan dituztelako produktu sintetikoak edo kimikoak, eta horrek azkenean azalean eragiten duela: “Jendeak material naturalekin ere gauza errazak egin ditzakela erakutsi nahi dugu, eta merkeak gainera”. Xaboien ondotik, enplastua eta ukenduak ere egingo dituztela azaldu du Uriartek.
Gaur atal pratikoa izan bada ere, astelehenean eta asteartean mendi irteerak egin dituzte. Atzo, adibidez, Elizondotik ibili ziren landareak identifikatzen eta horiek batzen: “Legate mendira igo ginen eta bertan inguruko sendabelarrak aztertzen eta dauzkaten erabilerak ezagutu genituen eta gero horiekin zer egin daitekeen ikasi genuen”. Irakasleak azaltzen duenaren arabera, ikastaro honen asmoa izan da mendi irteera horiekin sendabelarrak batzea eta gero klase praktikoan erabili ahal izatea; kremak eta ukenduak egiteko, alegia.
Ikastaro honen helburuari dagokionez, sendabelarren inguruko jakituria tradizionala jasotzea izan dela argitu digu: “Azkenean ahoz aho transmititu da eta ez dugu nahi gal dadin. Sendabelarrak oraindik ere erabilgarriak dira, nahiz eta zientzia gero eta garatuagoa egon”.
Adin guztietako jendea bildu da ikastaro honetan, sendabelarren erabilera tradizionala ezagutzeko asmoz. Horri buruz hitz egin du ere Uriartek: “Ikastaro hau denontzat da. Mundu hau denontzat irekia da, gazteentzat zein nagusientzat. Egia da helduek bizi izan dutela hau txikitan eta orduan beraiek dira gehiago dakitenak edo gauza bitxiak kontatzen dituztenak. Nabaritzen da helduen eta gazteen artean desberdintasun hori, eta ikastaro honetan denok ikasi dugu elkarrengandik”.