UEUren 42. edizioko Udako Ikastaroak ateak ixtear daude eta amaieraren atarian Irati Iciarrek, ikastaroetako arduradunak, aurtengo edizioko lehen balorazioa egin du. Bidean aldaketa eta zailtasun batzuk sortu diren arren, orokorrean sentsazio oso ona gailendu dela adierazi du arduradunak. Eibarren, Baionan eta Iruñan antolatu diren ikastaroetan 500 ikaslek parte hartu dute eta horrek “sarearen osasun ona” erakusten du UEUko arduradunaren ustez.
Zein balorazio egiten duzu aurtengo 42. edizioaz? Agian goiz da balorazio orokor bat egiteko baina sentsazioa ona da, batez ere ikastaroen gehiengoak aurrera egin duelako. Gure arrakasta neurtzerako orduan kontuan hartzen duguna da egin dugun eskaintzatik zenbat matrikulazio izan diren. Ikastaroen %70ak aurrera egin dute, ia 500 matrikula izan ditugu eta gero ikasleen balorazio orrietan ikusiko dugu haien asetasun-maila zenbatekoa izan den. Giro ona izan da eta jendea gustora aritu dela ikusi dugu.
Oztopoak, ezustekoak eta aldaketak ohikoak izaten dira atzean hainbeste lan duten ikastaroak antolatzerakoan. Zein izan da aurten topatutako zailtasunik handiena? Hainbeste urtetako esperientziarekin gauzak aurreikusten joaten zara eta inprobisaziorako tartea gero eta txikiagoa da. Aurtengo ezusteko handiena Baionako Unibertsitatearen instalazioak ezin genituela erabili izan da. Presaka ibili ginen beste toki baten bila, ez baikenuen tarte handiegirik. Aurtengo leloari jarraituz, “Saretu”, laguntza deia egin genuen eta AEKko ikasgelak eskaini zizkiguten, bai eta Euskal Museokoak ere. Benetan eskertzen diegu beraien eskuzabaltasuna.
Aurtengo Udako Ikastaroetatik zer azpimarratuko zenuke? Batez ere gure sarearen indarra eta erantzuna. Ikastaroak antolatzerako orduan, izan ere, urte hasieran deialdi zabal bat egin genuen gure bazkide eta profesionalen artean ikastaroak proposatzeko. Aurten, 42 ikastaro antolatzeko 100 proposamen jaso ditugu eta horrek gure sarea indartsu dagoela erakusten du eta benetan pozgarria da. Gainera antolatzaile batzuk berriak izan dira, gugana hurbiltzeko lehen asmoa erakutsi dute eta hori guretzat osasunaren sinonimo da.
Hainbeste jenderekin harremanetan egotean momentu kuriosoak sortzen dira, gogoratzen al duzu bitxeriaren bat? Aurtengo bitxikeria Baionakoa izan da. Bertan antolatutako ikastaro batek matrikula asko izan ditu eta AEK-ko egoitzan sartzen ez ginez, Baionako Euskal Museoko gela batean egin behar izan dugu ikastaroa. Eta gauzak nolakoak diren, ikasgela horretan bertan UEU sortu zen 1973. urtean. Badirudi zirkulua itxi egin dugula eta hasi ginen tokira bueltatu garela.