UEUko Udako Ikastaroen azken txanpan sartu gara. Iruñeko ikastaroak hasi berri dira eta bertan “Inorekin eta ezerekin ez mingostu. Zure bizitza aberasteko gakoak” ikastaroko irakaslearekin aritu gara. Gotzon Carcar coach pertsonala eta enpresariala da eta gaur hasiera emango dion ikastaroaren ildo nagusiak azaldu dizkigu. Horrez gain, gizakiaren jarreren eta nortasunaren inguruko hausnarketa ere egin du, izan ere, hausnarketa bera izango da ikastaroetako zeregin garrantzitsuenetako bat.
“Inorekin eta ezerekin mingostu gabe bizi. Zure bizitz aberasteko gakoak” da emango duzun ikastaroaren izenburua. Nondik sortu zen ikastaro hau antolatzeko ideia? Ideia gizakiaren minarengandik jaiotzen da, nondik datorren, nola bakoitzak bere baitan eraikitzen dituen barne egoera txarrak, ezkorrak…hori behatuz bururatu zitzaidan ikastaroaren ideia. Aspalditik datorren gauza da, kezka handia eta unibertsala da gizakiaren mina.
Zein da ikastaroaren helburu nagusia? Ikastaroaren izenburua, hizkuntza aldetik, nola ez bizi antolatuta dago adierazteko, mingostu gabe bizi. Mingosturik gabe bizitzen ez bagara nola biziko gara? Zoriontsu. Orduan helburua ondo eta pozik bizitzea da, oso ambiziosoa baina merezi duguna.
Erraz mingosten al gara? Bai, nork bere burua mingosten du. Pertsona bakoitza bere barne egoeraren %100 jabe eta arduraduna da. Adibidez, nik kolpe bat ematen badizut, zuk esango duzu “mina egin didazu!”. Ba ez nik ez dizut minik egin, nik kolpe bat eman dizut, zure sistemak egiten du mina. Gauza bera gertatzen da barne egoera emozionalekin. Nik esaldi itsusi bat esaten badizut eta zuk mina egin dizudala erantzuten baduzu, esango dizut ezetz. Nik bakarrik hitz batzuk eman dizkizut, mina zeuk sortu duzu, min emozionala.
Guk egoera ezberdinen aurrean ditugun sentimenduak ez al daude kanpo faktoreen menpe, hau da, gertaeraren arabera? Kanpoko faktoreak unibertsalak dira, hor daude beti, ekidiezinak dira. Gakoa da zein erantzun ematen diogun faktore horien aurrean erreakzionatzen dugunean. Berdin du zer gertatzen den kanpoan, gerla, festa, hitz itsusi edo piropoak. Ikastaro hau horretarako da, burujabetasun hori lortzeaz jabetzeko. Ez da ikastaro batekin lortzen, bide luze bat da baino hemen lantzen dena da nola erabiltzen dugun arreta gure bizitzan zehar. Funtsean, inteligentzia emozionalaren entrenamendu bat da.
Gizakiak ezkorra izateko joera handia du, zergatik? Ez gara ezkorrak, baikorrak jaiotzen gara eta ezkorrak bihurtzen gaituzte erakusten digutenaren bidez. Jaiotzen garenetik gurasoek erakusten digute haien pentsatzeko eredua, barnean duten baikortasuna eta ezkortasuna. Haiek dira bizitzako lehen irakasle handienak. Haurtzaroa da gure irakaste unerik intentsoena eta urte horietan ikasten dugu ezkortasuna. Gu ez gara gure jarrerak, ez gara ikasten duguna eta jarrerak denak ikasitakoak dira.
Jarrerek ez al dute gure nortasuna hein batean definitzen? Orduan nortasuna zer den definitu beharko genuke. Ikastaroan hori landuko dugu, saiatuko gara jabetzen nor garen. Nor garen baina ez gure nortasun soziala zein da, baizik eta nor garen gure izen-abizenak, lanbidea eta egiten dakizkigun gauzak alde batera utzita. Askotan egiten dudan galdera da nor garen eta gehienetan jendeak ez du erantzunik ematen, harrituta geratzen dira.
Zein ariketa bidez landuko dituzue edukiak? Komunikazio prozesuari dagozkion ariketak egingo ditugu. Horrez gain, behaketak egingo ditugu nork bere buruarekin nola komunikatzen den ikusteko eta baita besteekin komunikatzen garenean zein intentzio ditugun, zein asmo. Askotan besteekin komunikatzen gara jakin gabe zein asmorekin egiten dugun eta horrek gure buruari kalte egiten dio. Kontzientziarik gabe eta konpultsiboki komunikatzen gara. Txikitan ikasitako jarrera emozionalak ohartu gabe ateratzen zaizkigu gero helduak garenean eta hori kontrolatzea oso erabilgarria da.
Nori gomendatuko zenioke ikastaro honetara etortzea? Edonori, guztioi. Bakoitza bizitzaren puntu batean dago eta batzuek asko behar dute, beste batzuek gutxiago, baina denok behar dugu inteligentzia emozionala lantzeko ikasbidea.