Arte-hezkuntza eta mediazio kulturalean aditua den Andrea Arrizabalaga Lasarekin hitz egiteko parada izan dugu Eibarko Markeskoan. Udako Ikastaroen “Proposamen eszenikoetan hezkuntza eta bitartekaritza txertatzen” saioaren irakasleetako bat da eta arte sorkuntzaren prozesuetan hezkuntza eta artea uztartzeko beharraren inguruan mintzatu da gaztea. Arrizabalaga, Artaziak eta espazio kulturalarekin erlazionaturiko hainbat ekimen eta proiektuetan dago lanean, besteak beste, sorkuntza edukiak publikoarengana gerturatzeko.
Ikusi Andrea Arrizabalagaren bideoa
“Proposamen eszenikoetan hezkuntza eta bitartekaritza txertatzen”. Nondik jaio da ikastaro hau egiteko ideia? Irakasleak, artistak eta oro har sorkuntza prozesu ezberdinetan murgildurik dauden pertsonak batzea zen gure asmoa eta hortik hezkuntza eta arte munduak elkartzea ikusteko ea zer nolako proiektuak atera ziren. Baina talde txikia gara eta horregatik moldatu egin behar izan dugu apur bat ikastaroa. Egiten duguna da hezkuntzan dauden tresna eta estrategiak sorkuntza prozesuetan txertatu eta hortik abiatuta bai irakasle bai artistentzako formakuntza eskaini.
Arte eszenikoekin erlazionaturiko ikastaroa dela kontutan hartuta, alde praktikotik bakarrik landu dituzue edukiak ala teoria ere eman duzue? Batzuetan teoria hutsa lantzen dugu, beste batzuetan teoriarekin erlazionaturiko ariketak egiten ditugu.Beraz, teoria eta praktika lantzen ditugu, praktikak dinamiken bidez batez ere. Atzo, adibidez, kalera irten ginen. Gorputza tresna bezala ulertzea da gure proiektuen gakoa eta orduan kanpora joan ginen gorputza erabiltzeko eta ikusteko zein aukera ditugun geure gorputza landuz sorkuntza prozesu horretan.
Hezkuntza eta bitartekaritza dira ikastaroaren hitz gako nagusiak. Zein paper jokatzen du bakoitzak? Gaur egun egiten diren sorkuntza prozesuak alde bakarretik ematen ari direla ikusi dugu, hau da sortzaileek bere aldetik egiten dituztela proiektuak eta beste alde batetik hezkuntza arlokoek. Orduan gure asmoa da bitartekaritzaren bidez bi mundu horiek elkartzea eta ulertzea sorkuntza prozesuetan beste pertsona batzuek ere ahotsa dutela eta parte hartu dezaketela. Irekia izan behar da eta ahots ezberdinak txertatu.
Sorkuntza munduan daudenentzat bakarrik dago ikastaroa bideratuta? Hasieran pentsatu genuen batetik artistekin ikastaro bat, irakasleekin beste bat eta hirugarren saioan bi taldeak elkartzea. Baina azkenean biak batean elkartu ditugu eta hezkuntza mundura eta artera bideratutako edukiak lantzen ditugu bien arteko lotura eginez.
Zuen helburuetako bat da proposamen eszenikoak publikoarengana hurbiltzea. Zein erronka dituzue etorkizunera begira? Nahikotxo. Batzuetan diote sorkuntza piezetara edo ekoizpenetara jende gehiago joatea beharrezkoa dela, baina gertatzen dena da sorkuntza prozesu horiek ikuspuntu bakarretik egiten direla eta ez dutela publikoa kontuan hartzen. Sorkuntza-prozesuak aldatzen baditugu beharbada beste erantzun bat jasoko genuke, beraz, goazen ereduak aldatzera arazo hau konpontzeko.