Eibarreko Udako Ikastaroen azken txanpan sartu gara eta gaurkoan Rodrigo Agerri Informatikan Doktorea denarekin hitz egiteko abagunea izan dugu. Agerri, IXA taldeko (UPV/EHU) ikertzailea eta UEUk antolatutako “Bertsio-kontroleko sistema banatuak: git eta github” ikastaroaren zuzendaria da. Elkarrizketa honetan ikastaroan landuko diren Git eta Github bertsio-kontroleko sistemak zer diren eta zertarako balio duten azaldu digu.
Lehenengo eta behin, informatika munduan jantziak ez daudenentzat, nola definituko zenituzke bertsio kontroleko sistemak, eta zehazki ikastaro honetan landuko dituzuen Git eta Github bertsio-kontroleko sistemak?
Informatikan oso garrantzitsua da Software garapena eta gaur egun ohikoa da informatikari talde batek bere software propioa egiteko proiektua izatea. Proiektu honetan arazoak sortu ohi dira, adibidez, erabiltzaile batek software programa batean aldaketa batzuk egiten ditu eta beste erabiltzaile bat aldi berean aldaketa berdinak egiten ari da. Aldaketa horiek nolabait sinkronizatu behar dira eta horretarako tresna batzuk daude, bertsio-kontroleko sistemak, alegia. Bi bertsio-kontroleko sistema daude, batetik zentralak eta banatuak. Sistema banatuetan, proiektuaren kide bakoitzak sofwarearen kopia bat dauka eta kopia horretan bakoitzak aldaketak egin ditzake eta gero software zentralarekin elkarbanatu. Git-a horretarako da, hain zuzen ere. Hau da, bakoitzak aldaketa txikiak egiten ditu eta Git-a aldaketa horiek elkartzeko tresna bat da. Githuben, Git-en sortutako kopiak konpartitzen dituzu. Doakoa da zure proiektua irekia bada eta hainbat aukera eskaintzen ditu.
Zertan datza ikastaroa eta zein helburu dauzka?
Helburua da gutxi gora behera hamar ordutan Git-arekin lehenengo pausoak ematen ikastea. Ikastaro honetan ikasleak proiektuak egiten ikasiko du; software propioa egiten den erakutsiko diet eta baita ere haien proiektuak beste erabiltzaileekin elkarbanatzen.
Nori zuzenduta dago ikastaroa?
Printzipioz software garapena lantzen duenari. Informatikariak dira ikastarora etorri diren gehienak baina hizkuntzalarientzat eta oro har software programa bat garatzean interesaturik daudenentzat zuzenduta dago. Oso komenigarria da Linux ezagutzea eta informatikaren saltsan egotea, bestela oso zaila da, informatika-jakintza minimo batzuk eduki behar dira.
Arlo teorikoa eta praktikoa izango dituzue, zer egingo duzue arlo bakoitzean?
Gu hasieratik hasi gara. Programa edo software bat sortzen hasi dira eta Github-en gauza batzuk banatuko dituzte. Prozesu horretan informatikako hizkuntza teknikoan ulertzen dugun gatazka moduko bat sortuko dugu, adibidez, bi erabiltzaile gauza bera toki berean jartzen saiatzen badira. Nire eginkizuna, gatazka horiek nola konpontzen diren erakustea da.