‘Komikigilearen ajeak’ hitzaldiarekin jarraitu du Dani Fanok ‘Komikigintza eta literaturaren irakaskuntza’ ikastaroaren egitaraua. Bertan, bere bizitzaren ajeak eta komikigile batek eduki ditzakeenak aipatu ditu.
Komikigintzaren egoera hizpide hartuta, Dani Fanok honako galdera batekin hasiera eman dio hitzaldiari: zerk bultzatzen du pertsona bat komikigile izatera? Berak eman du erantzuna: Kontatzeko gogoa, komunikatzeko gogoa. “Komikiak egitea ez da komikigile izatea. Nik egin ditzaket testu oso politak, niretzat, eta hori beste jendeari komunikatzeko gogoarekin nahasten bada, orduan bai gile bihurtzen zara. Ezberdintzen zaituena hori da, kontatzeko gogoa”. Aipatzen du ere bakoitzak erabakitzen duela zein hizkuntzatan trebatu; hots, musikaren hizkuntza, irudiarena…: “Nik azken hau hartu nuen, horrela atera zitzaidalako”.
Komikigileek bizi duten errealitateari buruz hausnartu du Fanok: “Ezin da komikigintzatik bizi, oso eremu txikia da eta hortik bizi ahal izatea oso gutxiren pribilegioa da”. Halere, aipatzen du modu bakarra maiztasun handiko publikazioak egitea dela: “80.hamarkadan, aldizkarien garaia izan zen hemen. Aldizkarien aldeko apostu bat egon zen eta asko kontsumitzen zen”. Baina orain komikiak kontsumitzeko ohiturak aldatu eta jendeak aldizkariak ez dituela nahi esan du: “Jendeak bukatutako istorioak nahi ditu. Orain joaten zara komiki bat erostera eta denetatik dago, aldizkariak oso monotematikoak ziren baina orain oso desberdina da eta hori irakurle batentzat zoragarria da baina komikigilearentzat infernua”. Gaur gaurkoz, “sekulako apostua” egin behar dutela dio, “jakin gabe etekinik aterako duzun edo ez”. Errentagarria bihurtzea oso zaila dela aitortzen du: “Irtenbide bakarra merkatu handietara jotzea da”.
Komikigilearen ezaugarriak aipatzen ditu tartean. Horien artean, Fanok argitzen du denek ondo marraztea dela esaten badute ere, ez dela egia. Bigarrenik, bakarlana aipatzen du: “Komikigintza bakarlanarekin lotu da eta ez da horrela; gidoigile bat dago, marrazkilari bat, entintatzaile bat, kolorista bat. Gero eta industria handiagoa, orduan eta banatuagoa dago lana. Jende askorentzat leku asko dago”. Behaketa da Fanok aipatzen duen hirugarren ezaugarria: “Ez da erraza hori egiten ikastea. Istorioz beteta dago mundua beraz altxa burua! Inork ez du ezer sortzen ezerrezetik. Gela txuri batean jaioko bazina, ezingo zenuke ezer sortu. Elementu gabe, lehengairik gabe ezin duzu ezer sortu. Eta hori behaketaren bidez lortzen da”.
Komikiaren abantailei dagokienez, Fanok aipatzen du komikiak badaukala gauza bat “oso erakargarria”, bi adierazpenen artean dantzan dabilelako: irudia eta testua. “Interesen arabera, bata aukeratzen duzu edo bestea. Irudizko eta idatziko poesia egin dezakegu komikiarekin”. Halere, azaltzen du ezin daitekeela erredundantziarik egin, hau da, ezin da testuan esan irudian ikusten dena. Horretaz gain, argitzen du beste arte sekuentzialen aurrean, komikia egitea “oso merkea” dela: “Kuriosoa da, gurean zine gehiago egiten da komikia baino, nahiz eta askoz ere garestiagoa den”.
Komikigintzaren ajeetako bat espazioa dela dio eta era berean, komikiaren muga: “Orrialde bat nondik hasiko gara konposatzen? Ematen du komikian irudiak direla garrantzitsuenak baina egia esateko, bokadilloak dira garrantzitsuena, testua. Gidoia oso argi eduki behar duzu marraztu aurretik. Oso ohikoa da marrazkilari hasiberrientzat irudia lehenago egitea eta gero espaziorik gabe geratzea”.
Argazkia: http://ow.ly/zfZfJ