Asisko Urmeneta komikigilea izan da gaur Eibarko Markeskoan. UEUk antolaturiko “Komikigintza eta literaturaren irakaskuntza” ikastaroan parte hartu du. Bertan, komiki munduan literatura klasikoarekin lan egiteak dituen abantailak eta desabantailak azaldu ditu.
Ikusi Asisko Urmenetaren bideoa
Asisko Urmenetak ibilbide luzea du komikigintza moduan. Napartheid aldizkarian hasi zen komikilari gisa eta horren ondoren zenbait prentsa kolaborazio egin ditu (Argian, batez ere). ETB1eko Mihiluze saioan aritu zen karikaturak egiten eta Kukuxumusu markako lanak ere egin izan ditu. Horrez gain, lan asko argitaratu ditu, horien artean Arturo Campionen lanetan oinarrituriko zenbait istorio. Urmenetak komikiak egiterako orduan klasikoetan oinarritzea asko gustatzen zaiola kontatu digu: “egia da gauza berriak egin behar direla baina ni oso klasikozalea naiz eta oso baliotsua iruditzen zait zenbait klasikoetan oinarritzea”.
Klasikoekin lan egiteak hainbat abantaila dituela azaldu digu Urmenetak: “Abantaila nabarmenena, gidoilariei euren lana ez zaiela ordaintzen da. Bestetik, klasikoek euren garaian oso serio idatzi zituzten testuak, gaur egun beharbada oso «burlagarriak» izan daitezke”. Klasikoak egokitzea batzuetan lan erraza dela azaldu du A. Urmenetak, historia jada egina dagoelako, baina beste kasu batzuetan zailagoa izan daiteke: “Literatur testu klasiko batzuk interpretazio desberdin asko izan ditzakete eta askatasun pertsonal hori zama eta aldi berean gozatzeko era bat da. Hala ere, interesgarria da bertigo hori sentitzea”.
Bestalde, Urmenetak zenbait komiki klasiko original erakutsi ditu, teknologia gabe komikien kreazioa nola egiten den erakusteko, hala nola, Jon Miranderen, Prai Bartolome Santa Teresaren eta Joan Inazio Iztuetaren kreazioak ikusi dituzte, besteak beste. Horrez gain, Urmenetak itzultzaileen lana goraipatu eta horren haritik, Nafarroako errege izan zen Tibalt lehendabizikoaren bitxikeri bat kontatu du: “«Tibalt-ek frantzes zaharrean idatzi zituen bertsoak eta hauek gerora gaztelerara itzuliak izan ziren. Historio horietako batean, erregeak inoizko mutilik ederrena ikusi zuela kontatzen du, artzaina, eta berarekin joan zela. Gerora, biek ahots batzuk entzun zituzten eta erregeak ihes egin zuen artzaina bakarrik utzita». Zelako historia! Diputazioko liburutegiko gaztelerazko itzulpenean, aldiz, mutilaren ordez, erregea dama batekin joaten da. Hau da, itzultzaileak «transmutatu » egin zuen pertsonaia. Itzultzailea zein zen jakin nahi eta fraile bat zela ikusi nuen. Fraile hori lokalizatzen saiatu nintzen baina hilda zegoela esan zidaten. Sekretua hilobira eraman zuen”.
Azkenik, euskaltegietan eta eskoletan komikiak erabiltzeaz iritzi kontraesakorra duela aipatu du Urmenetak. Alde batetik, komikiak esparru horretan erabiltzea didaktikoti interesgarria izan daitekeela uste du. Baina bestalde, “komikiari plazerra kentzen zaio euskaltegietan eta eskoletan lantzen bada, sufrimendu moduan hartzen dutelako ikasleek, ez dute disfrutatzen. Nik ez ditut komikiak ikasgelarako egiten, nahiago dut adibidez, gaztetxean saltzea”.