Maite Asensio: “Mugimendu feministak ez dauka solaskiderik hedabideetan, ez dauka konfiantzazko inor ezta pertsona berezirik gaia tratatzeko”

Berriako kazetari den Maite Asensio UEUko Udako Ikastaroetan izan da. Bertan, “Generoaren tratamendua kazetaritzan. Lanerako tresnak eta estrategiak” ikastaroan parte hartu du eta kazetariaren eguneroko lanean generoaren ikuspuntua nola lantzen den azaldu du. Kazetari bezala berak bizitako esperientzietatik abiatuta hedabideek emakumea nola islatzen duten inguruko gogoeta egin du eta etorkizunera begira, hedabide feministek dituzten erronkak aipatu.

Maite AsensioLehenengo adibide bezala, Gurutzeta ospitalean 2013ko abenduan Abortuaren Legearen aurka protesta egiteko egin zen itxialdia aipatu du. Kontzentrazioa egingo zenaren deialdia egin zuten aldez aurretik hainbat talde feministek eta hedabide asko bertara joan ziren albistearen bila. Kontzentrazioaren ostean, erietxe barrura sartu ziren gaua bertan igarotzeko, baina kazetariak aitortu du bertan La Sexta eta Berriako kazetariak bakarrik geratu zirela gertakaria jarraitzeko: “Kazetariek bazekiten itxialdia egiteko intentzioa zutela eta susmoa daukat askok ez ziotela garrantzirik eman. Iruditzen zait batzuetan profesionaltasuna galtzen dela eta titulo eta irudi bat hartzeak gehiago axola duela. Mezua eta edukia ez da zaintzen”. Maite Asensio bertan izan zen. Gainera, itxialdiari buruz eman ziren irudi bakarrenetakoak hartu zituen. Bideoak, milaka ikustaldi izan zituen ordu gutxi batzuetan.

Gertakari honen harira, feminismoaren gaiak komunikabideetan duen presentzia txikia salatu du: “Mugimendu feministak ez dauka solaskiderik hedabideetan, ez dauka konfiantzazko inor ezta pertsona berezirik gaia tratatzeko eta hori Gurutzetan argi geratu zen”. Arazo honi aurre egiteko gakoa aliantza dela uste du. Aliantzek “emaitza oso onak” ematen dituzte eta esparru formalean (prentsaurreko, elkarrizketa eta abarretan) edota esparru informalean (kafea hartzen edo lagun artean) eraikitzen dira. Baino aliantzak ez dira nahikoa Asensiorentzat: “Eraiki al daitezke aliantzak feminista izan gabe? Txertatu al daiteke kazetaritzan genero ikuspegia feminista izan gabe? Nik uste dut ezetz. Eta baietz baldin bada erantzuna, ez dakit nola egingo duten”. Kazetaritza feministak kazetaritza hobeagoa egiteko aukera ematen duela dio M. Asensiok. Haren ustez, kazetaritza honek genero ikuspegitik aztertzen du errealitatea arazoen errora joz eta ezkutuan dauden egiturak eta indarkeriak azaleratzen ditu ere.

Generoa eta kazetaritza1Komunikabideetan emakumeari esleitzen zaion irudia gaitzetsi du Asensiok: “Hedabideek beti rol berdinean irudikatzen dituzte emakumeak, biktima gisa, ama edo emazte bezala, sexu objektu antzera femme fatale bezalako irudiekin, kiroletan apaingarri papera egiten dute edo super woman bezala eta agintea dutenean La Dama de Hierro”. Estereotipo horiek errepikatzea saihestu behar dela adierazi du kazetariak eta ordean aniztasuna ikusarazi. Gizonek duten paperaren inguruan ere mintzatu da. Asensiok dio gizonezko askok etxeko komunak garbitzen dituztela eta umeak ederki asko zaintzen dituztela. Horregatik, atal hau ere ikusaraztea beharrezkoa dela uste du.

Hitzaldiaren amaieran, genero indarkeriak duen tratamenduari buruz hitz egin du. Duela urtebete Bilbon shaolin monjeak hildako emakumeen inguruan komunikabideek albisteari emandako tratamendutik abiatuta, etorkizunera begira erronka eta jarraibide batzuk planteatu ditu. Genero indarkeriaren gaia Giza Eskubideen ikuspegitik tratatzea eta dimentsio politikoa ematea gomendatzen du kazetariak. Horikeria, sentsazionalismoa saihestea ere beharrezkoa dela uste du eta bizilagunen adierazpenen ordez, adituen balorazioak eskaintzea eta tratu txarren biktimentzako telefonoak txertatzea aholkatu du.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude