Oskar Arantzabal: “Danimarka eta Austria bezalako estatu txikietako eskoletan transmititzen zaizkien baloreak gero gizartean islatzen dira”

Enpresa zientzietan lizentziatua den ekonomilari Oskar Arantzabalek estatu txikien lan-harremanen inguruko bere ikuspegia azaldu du UEUk antolatutako “Euskal Herriko lan harremanen eredua: oraina eta geroa” ikastaroan. Mintzaldi honetan Austria eta Dinamarkak duten lan-harreman eredu desberdinen ezaugarriak eta abantailak azpimarratu ditu.

Oskar ArantzabalEstatu txikien abantailetako bat barne kohesio kultural zein ekonomiko handiagoa dutela dio Oskar Arantzabalek: “Eskolan transmititzen zaizkien baloreak gero gizartean islatzen dira”. Balore horiei lotuta Euskal Herriari erreferentzia eginez Debagoiena eskualdean kooperatibek duten indarra azpimarratu du: ”Ez da kasualitatea eskualde honetan kooperatibek duten garrantzia. Hori ere guk sortutako lan-taldearen balore bat da”. Talde lana eta kohesioaz gain, estatu txikiek defentsa gastu gutxiago, lan malgutasun handiagoa eta berritzaileagoak direla aipatu du. Izan ere, The Economist egunkariak 2012an egindako ikerketaren arabera Suezia, Danimarka, Finlandia, Norvegia eta Suitza dira munduko herrialdetik zoriontsuenak. Datu horri eutsiz, O. Arantzabalek ondorioztatu du estatu txikiek dituzten baloreen garrantzia oso handia dela.

Ikuspegi orokorra eman ostean, Austria eta Danimarkaren gizarte ezaugarriak azaldu ditu ekonomilariak. Zortzi milioi biztanle dituen herrialdea da Austria eta %4ko langabezia tasa du azken datuen arabera, eta Espainiarekiko “diferentzia nabarmena” dute. Horren arrazoietako bat Alemaniar ereduak bertan duen eragina dela aipatu du: “Kurzarbeit, hau da, ordu murrizketak dituzte eta horrek lana bizitzako beste alorrekin uztartzea ahalbidetzen du”. Sindikatuek bertan duten indarra eta enpresen tamaina ertaina ere azpimarratu du. Izan ere, ertaina izateak esportazioak eta ikerketa errazten dutela dio Arantzabalek. Austriak gainera soldata debaluazioaren aurkako legea du langilea babesteko: “enpresak isuna jaso dezake langileari soldata jeisten badio eta horrek babesa ematen dizu, gutxieneko lurra”.

Hitzaldiaren bigarren zatian Danimarkan geldialdia egin du bertako lan-harremanek dituzten abantailak azaltzeko asmoz. Daniarrek konfiantza dute gizartearen oinarri: “Haiek jaioberri bat utz dezakete denda kanpoan jakinik bueltatzen direnean hor egongo dela, ez duela inork eramango”. Horrez gain, Biztanleriaren %88ak parte hartzen du hauteskundeetan eta politikariekiko konfiantza handia dute. “Behin, Gobernuak zergak jeitsiko zituela iragarri zuen eta herria kalera atera zen protesta egiteko. Hemen hauteskunde-amu bezala erabiltzen dena Danimarkan zeharo aurkakoa da. Ez dute zergak jeistea nahi badakitelako estatuak ematen dituen laguntzak oso onak direla” dio Arantzabalek. Daniarrek ordaintzen dituzten zergen bidez dohako hezkuntza eta garraioa bermatzen dute eta horrek segurtasuna ematen diela aitortu du Enpresa Zientzietan lizentziatuak.

Ondorio bezala, Euskal Herrian dinamika berriak eta lan eredu berriak bilatu behar direla aipatu du: “Asko daukagu oraindik ikasteko, batez ere helburu kolektiboen alorrean”. Arantzabali ez dio balio “Euskal Herrian Espainian baino hobeto gaude” esaldiak, hark uste baitu ez dela atzera begiratu behar, baizik eta aurrean dauden horiei. Aldaketa eman dadin, sistemaren elementuen inguruko gogoeta beharrezkoa dela azpimarratu du hitzaldiari amaiera emateko.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude