Oihana Etxebarrieta Legrand: “Zenbat eta lokalagoak izan komunikabideak, orduan eta emakumearen agerpen handiagoa ”

UEUk 42. edizioan antolaturiko ikastaroak Eibarreko Markeskora bueltatu dira. Gaur goizean “Generoaren tratamendua kazetaritzan” ikastaroa abian da. Maria González Gorosarrik, Oihana Etxebarrieta Legrand-ek eta Arantza Santesteban Perezek eman diote hasiera ikastaroari, euskal kazetaritzaren parekidetasunaren inguruko hitzaldi batekin. Bertan, praktika onen eta txarren analisia gauzatu dute.

Ikusi Oihana Etxebarrietaren bideoa

Hasiera batean, Maria Gonzalezek, ikusleak kokatzeko ikastaroko gaiaren panorama orokorra azaldu du: “Genero kontu bat lantzerakoan, beti sortzen den zalantza hurrengoa izaten da: kanpoko batek esaterik ote dio hedabide bateri zer ikuspegi landu behar duen? Azken batean, horretarako daude hainbeste hedabide eta bakoitzak bere proiektu informatiboa jartzen du martxan. Beraz, honek aniztasuna dakar. Hedabide bakoitzak, jendeartearen isla bat hartzen du, errealitatearen zati bat islatuz. Kontua da, hainbat hedabideek ez dituztela era profesional batean lantzen albisteak. Kalitatea aztertzerakoan, titularrak albistearen elementuak dituen aztertu behar da”.

Generoa klasea Oihana1Oihana Etxebarrietak eta Arantza Santestebanek praktika on eta txarren analisi bat egin dute. Adibideetaz baliatuz, generoaren tratamenduaren desoreka, emakume eta gizonen errepresentazioaren desoreka, komunikabideek sorturiko estereotipoak… irudikatu dituzte. Euskal kazetaritzaren inguruko kritika gauzatu dute, sailen araberako azterketa eginez batetik eta maiztasunaren eta gaiaren araberako azterketa eginez bestetik.

Sailen araberako azterketari dagokionez, Arantxa Santestebanek azaldu du nola Mendabaldeko jendeartean, hedabideek informazioa gaika sailkatzeko ohitura handia duten: “Hedabideek informazioa sailetan banatzea ez da gauza neutroa. Nire ustez errealitatearen ikuspegi oso partzial eta zatikatu bat edukitzea eragiten du honek”. Santestebanen ustez, sailkatze horrek genero harremanetan eragina du, izan ere, ikuspegi oso endozentriko bati erantzuten dio. Gai batzuk lehenesten dira, hala nola, politika, ekonomia, kirola… eta beste batzuk bigarren mailan geratzen dira; kultura, gertakariak… Oihana Etxebarrietaren aburuz ere, emakumeak esparru pribatuaren inguruan mintzatzen dira gehiago eta maskulinitatea aldiz, esparru publikoan kokatzen da.

Arantxa Santestebanen aburuz, erredakzioetan egiten den lan banaketak ere ondorioak dakartza sailkatze horretan: “Normalean gizonek «gai serioen» inguruan hitz egiten dute, emakumeak aldiz, gaien arabera katologo zabalagoa dugu, baina katalogo hori irekitzen dugu, normalean eremu pribatuarekin zerikusia duten gaiak landuz, hala nola, abortua, amatasuna, emozioa, genero harremanak, sexualitatea…” Santestebanen ustez, alde batetik, positiboa izan daiteke emakumeek «mainstreamaren» barruan sartzen ez diren gaien inguruan hitz egiteko ardura hartzeak, emakumeen artean errekonozimendua bat gauzatzeko onuragarria izan daitekeelako, baina aldi berean, zenbait arrisku dakartza: “Ez dakit zer puntura arte izan daitekeen positiboa jarrera hori, baina era berean konfort zonaldeak sortzeko arriskua dago”.
Oihana Etxebarrietak espazioaren eta denboraren araberako sailkapena aztertu du komunikabideen jardunaren baitan, horretarako, hipotesi batetaz baliatu da: “Zenbat eta lokalagoak izan komunikabideeak, orduan eta arlo pribatuaren presentzia handiagoa eta ondorioz, emakumearen agerpen handiagoa”. Bestalde, albistean sakontzeko denbora gehiago duten medioen kasuan, “emakumeen agerpena handiagoa da”. Etxebarrietaren aburuz, informazioaren zabalpen ona eguneroko lana egiten duten horiekin lotzen da, izan ere, denbora tarte handiagoa dutenek komunikazioarekin jokatzeko aukera handiagoa eduki dezakete.

Bi hipotesiak defendatzeko zenbait argumentuz baliatu da Etxezarrieta: “Komunikabide lokalak herriko edo eskualdeko protagonisten bila joaten dira eta kasu honetan, ingurua itxiagoa da. Eskura dagoena erabiltzera behartuta daude eta beraz, emakume protagonistak topatu ditzakete esparru ezberdinetan, protagonismoa modu desberdinean banatuz. Hala ere, lokalak ez diren komunikabideetan, denbora faktoreak ere garrantzia duenez, askotan, denbora falta dela eta, eskura dagoena hartzen da”.

(Argazkian, ezkerretik eskuinera: Oihana Etxebarrieta eta Arantza Santesteban)

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude