Virginia Belategi: “Ikasleen beharrei erreparatu behar zaie, elkarlanean aritu”

Biki belategi2“Isiltasuna gelan: arreta eta errespetua lantzen” ikastaroa martxan da UEUko udako ikastaroen 42. edizioaren barnean. Baionako Ereintza Euskaltegian dabiltza gela barruko zarata maila jaisteko baliabideak lantzen. Virginia Belategirekin, ikastaroko irakaslearekin hitz egiteko aukera izango dugu eta ikastaroaren nondik norakoak kontatu dizkigu.

Ikusi Virginia Belategiren bideoa

Zer da ikastaro honetan lantzen ari zaretena? Gela barruko giroa hobetzeko mekanismoak lantzen ari gara eta hartu dugun ardatza isiltasuna da. Alde batetik, gelako zarataren bolumena jaisteko eta zaratan egiten duten faktoreak kontrolatzeko pautak finkatu ditugu. Bestetik, barne zarataren murriztearen inguruan ere mintzatu gara, hau da, pentsamenduek, barneko egonezinak, estresak… sortzen duen barneko burrunbada. Gaur goizean adibidez, irakaslearen autoritatea lantzen aritu gara.

Zein da zure ustez gela barruko isiltasun ezaren arrazoia? Batetik, gizarte zaratatsu batean bizi gara; telebista modan dauden programak zaratatsuak dira, tabernetan musika ikaragarri altua dago, umeekin jaietan barraketara goazenean ere, musika topera dago. Beraz, ez da ikasgela batean gertatzen den fenomenoa. Zarata fisikoaz gain, estresaren menpe bizi gara eta horrek eragiten digu buruan bueltaka gauza asko. Hori dela eta, askotan ez dugu geure burua zentratzeko tarte bat, lasaitzeko. Eta lasaitasun horretatik jorratu behar da klaseko arreta eta eraginkortasuna.

Zein teknika erabili daitezke gelan isiltasuna ezartzeko? Nik uste dut teknika kopuru bat baino, garrantzitsuagoa dela jarrera bat izatea, hau da, irakasleak presentzia bat izatea. Eta presentzia hori osatzeko irakasleak tresna batzuk behar ditu, hauek ikasleen premien arabera erabili ahal izateko. Lehengo lana, irakaslea gela barruan sartzean, bere buruarekin ondo sentitzea da, azken finean, ikasleentzat egokia den programazio egoki bat duela sentitzea. Hortik abiatuta ikasleekin enpatizatzen jakin behar da, ikasleak entzuten. Adibidez, ikasleek egun horretan azterketa bat izan badute, agian ez daude prest ariketa zail bat gauzatzeko. Beraz, ez da kontuan hartu behar soilik irakaslearen programazioa, egun horretako ikasleen beharrei erreparatu behar zaie, elkarlanean arituz.

Zer nolako metodologia jarraitzen ari zara ikastaroan? Alde batetik, azalpen teoriko batzuk eman ditugu baina gehienbat hausnarketa lana bultzatu dugu. Bestalde, arlo desberdinetik jorraturiko ariketa praktikoak eta dinamikak ere gauzatu ditugu. Hala ere, denbora gutxi dago eta interesgarriak diren zenbait gauzetan ez dago asko sakontzeko aukerarik.

Beraz, ikastaroa batez ere irakasleei zuzendurik dago? Bai, ikastaroa batez ere irakasleei eta irakaskuntza arloko profesionaleei zuzenduta dago.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude