Ane Ablanedo: “Haurrak berezkoa duen jakinmin hori hil egiten dute eskola normalek”

‘Eskola libre eta demokratikoak: gizarte aldaketarako tresna eta gako’ ikastaroa abian jarri du gaur Bigarren Hezkuntzako irakaslea den Ane Ablanedok. UEUko 42. edizioko Udako Ikastaroen barruan, gazteak hausnarketari tartea utzi nahi izan dio. Egungo Hezkuntza Sistemak aurkezten duen egoerari erreparatzea eta eskola alternatiboek aurkezten dituzten ezaugarriak ezagutzea eta horiek aplikagarria direla ikustea izango dute xede, besteak beste. Horretaz gain, bi eskola demokratikoen egitasmoen aurkezpenak ere izango dituzte Baionako egoitzan. Ikastaroa hasi baino lehen, berarekin hitz egiteko parada izan dugu.
Ane Ablanedo txikia1

Zer landuko duzue ikastaro honetan? Bi zati ditu ikastaroak. Lehenengoan hausnarketa egingo dugu indarrean dagoen Hezkuntza Sistemari buruz. Behin hausnarketa bideratuta, hausnarketak berak sartuko gaitu bigarren zatian; hau da, nolakoa beharko luke eskola batek osasungarriagoa izateko, kaltegarria ez izateko.

Zer helburu lortu nahi dituzu ikastaro honen bitartez? Batez ere jakitea edo hausnarketa egitea zeintzuk diren heziketa on batek bete beharko lituzkeen gakoak edo baldintzak. Horiek ezagututa, bakoitzak jakin dezala, neurri batean edo bestean, bakoitzari dagokion eremuan hori aplikatzea. Ez da horrenbeste eskola libre baten ezaugarria, baizik eta zeintzuk liratekeen pedagogia on baten baldintzak. Ikastaroan ere, nire helburuetako bat da esan ahal izatea alternatiboa den guztia ez duela zertan ona izan behar, eta sistema barruan dagoen guztia ez dela txarra izan behar. Bakoitzak ikusi behar du, dagoen eremuan, zer aplikatu dezakeen. Hor neurria hartzea ez dago gaizki.

Gaur egungo Hezkuntza Sistemak betetzen al ditu baldintza horiek? Ez, inondik ere ez. Batzuetan esaten da haurrak hezteko eginkizun horretan Hezkuntza Sistemak porrot egiten duela. Baina nik esango nuke ez duela porrot egiten. Ikusi behar da Hezkuntza Sistema baten helburuak zeintzuk diren. Hezkuntza sistema batek egiten ditu edo fabrikatzen ditu sistema hori sostengatzeko behar dituen pertsonak edo pertsona-profilak. Orduan, zentzu horretan, sistemak ez du porrot egiten, arrakasta du, lortzen du bere helburua. Beraz, ez ditu betetzen, gure ikuspegitik noski, izan behar lituzkeen baldintzak baina beraien ikuspegitik, jakina, ez da inozentea inondik ere ez. Horretarako egina dago eta zentzu horretan arrakasta du gainera.

Ikastaroaren izenburuan eskola demokratikoa agertzen da. Zer esan nahi du horrek? Eskola alternatibo hauek izen ezberdinak hartzen dituzte; toki batzuetan eskola libreak esaten zaie, beste batzuetan eskola demokratikoak eta pixka bat hartzen dituzten bi izen horiei men eginez, horrelako titulua dauka. Baita ere demokratikoa esaten zaio “hezitzailea” eta “ikaslea”, gehiago da heldua eta haurra, ez delako horrenbeste irakasle rola. Baina bi figura horien artean harreman demokratikoa izatea eta ez autoritarioa.

Eskola horietan, helduek eta haurrek jokatzen duten papera zein da beraz? Haurrari ez zaio irakatsi behar. Berak berez baduela jakinmina, eta eskola on batek egin beharko luke berezkoa duen gaitasun hori bermatu. Oztopo ez izan. Beraz, helduak egin beharko luke, besterik gabe, haurraren prozesu horretan lagundu. Hau da, heldua da gehienbat pertsona bat giroa egokituko duena, haurra bera izan dadin bere garapenaren protagonista. Helduak ez du irakasten, haurrak ikasten du berez. Izan ere, haurrak ez du guri esker ikasten, kontrakoa baizik. Haurrak berezkoa du ikasteko sena, eta eskola normalak jakinmin hori hil egiten du.

Eta eskola alternatiboetan zer gertatzen da? Hauek daukaten ezaugarrietako bat da hezitzailearen papera ia-ia ez interbenitzearena dela. Hau da, ziurtasun emozionala eta fisikoa bermatzea, gatazkaren bat baldin badago eta laguntza eskatzen badute, hor sartzea baina hain zuzen ere hezitzaileak egiten duena da ez parte hartu. Erraza dela ematen du, baina benetan oso zaila da. Hori bai, beti behatzen egon behar du: haur bakoitzaren prozesuan non egon daitekeen arazoa, non esku hartu, non ez…Hori da funtzioa, eta hori da hain zuzen ere, eskola on bat edo txar bat ezberdintzen duen gakoetako bat.

Ikastaro hau nori zuzenduta dago? Normalean, maisu maistrak etortzen dira, eta batzuetan gurasoak ere etortzen dira. Haurren heziketa, azken finean, gizartearen egiteko bat da, haurrekin denok gaude… Guztiei dago zabalik, haurtzaroa begiratzeko modu baten zabaltzea baita. Hori izango litzateke helburuetako bat ere.

Eredu berri hau ezartzea posible ikusten duzu edo utopikoa da oraindik? Ez da batere utopikoa. 60.hamarkadan arrakasta handia izan zuten horrelako ereduek, gero pixka bat itzali egin zen interes hori eta orain berriro perretxikoak bezala ateratzen ari dira horrelako eskolak. Euskal Herrian bertan, batzuk funtzionatzen ari dira aspaldi. Bi eskolatako proiektuak etorriko dira aurkeztera ikastaro honetara. Arratsaldean etorriko dira Bizitoki eskolakoak eta bihar beste eskola batetik etorriko zaizkigu. Hori da jendeari gehien interesatzen zaiona, ikustea hori posiblea dela, gauzatu ahal dela. Azken finean, hezitzailearengan dago gakoetako bat. Bakarrik harremana aldatzearekin, gauza txikia dirudien arren, gauza batzuk jartzen ahal dira martxan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude