“Itzulpenari laguntzeko teknologiak” ikastaroa hasi da gaur goizean Baionako Ereintza Euskaltegian, UEUko Udako Ikastaroen 42. edizioaren barruan. Frantsesetik euskarara bitarteko trebakuntzarako premia asetzeko helburuaz antolatu da ikastaroa. Elena Garcia Berasategi eta Elizabete Manterola Agirrezabalagarekin hitz egiteko aukera izan dugu eta ikastaroaren nondik norakoak kontatu dizkigute.
Ikusi Elena eta Elizabeteren bideoa
Bien arteko harremana landuagoa dagoenez, ikastaroaren helburua frantsesa eta euskararen arteko konbinaketa lantzea dela kontatu digute Garciak eta Manterolak. Horretarako, OLI (Ordenagailuz Lagundutako Itzulpena) tresnen erabileretan sakonduko dute Wordfast, Worfast anywhere, Anaphraseus, Virtaal, OmegaT… modukoak landuz. Bestalde, ikastaroa guztiz praktikoa izango da: “ikasleei eskatu diegu ordenagailu eramangarria ekartzea, gerora, bertan tresnak eta bestelakoak instalatu ahal izateko. Saiatuko gara dena bakoitza bere ordenagailuan egiten, gure jarraibideetan oinarrituta eta ea denak aldi berean eta puntu berdinera heltzen garen”.
Garciak eta Manterolak mota askotako praktikak egingo dituztela kontatu digute. Tresnen instalazioen azalpenarekin hasiko dira, ikasleentzat zaila suertatu daitekeelako. Bestalde, tresna batzuen funtzionamenduak landuko dituzte, baliabideak nondik lortu eta hauek nola sortu azalduz. Modu honetan, tresnak itzulpenaren trebakuntzan txertatu ahal izango dituzte. Aipatzekoa da ikastaroa publiko zabal bati zuzenduta dagoela: “itzulpengintzarekin kontaktua duen edozeini zuzenduta dago. Itzulpengintzako hasi berrientzako, urteetan itzultzen aritu denarentzako edo agian itzulpengintza munduarekin kontakturik izan ez duenarentzako”.
Lehen esan bezala, Gaztelania Euskara bikotean trebakuntza handiagoa izan da frantsesa euskara bikotean baino: “Hegoaldean ikastaro gehiago eman izan dira itzultzaileentzat eta bertan Gaztelaniatik Euskarara itzultzeko trebakuntzak landu dira gehiago. Ipar Euskal Herrian ere behar hori dago eta itzulpen asko egiten ari dira Frantsesetik Euskarara. Beraz, gure helburua trebakuntza azken bikote honetara zabaltzea da”.
Azkenik, Euskararentzat itzulpengintzak garrantzi handia duela argi utzi dute Garciak eta Manterolak: “Oso garrantzitsua da euskarak presentzia izan dezan bizitzaren edozein alorrean, itzulpengintza oso garrantzitsua da beste hizkuntzetan dauden edozein baliabide euskaraz ere eduki ahal izateko. Izan ere, itzulpena eguneroko bizitzean daukagu: kalean goazela, lanean, kulturan…”.