Ani Bacho: “Pena ematen dit iparraldeko hain jende gutxi etortzea ikastaroetara, altxor baten ondotik pasatzen dira kutxa ireki gabe”

Ani txikiaAni Bacho (Larzabal, 1967) Biarritzeko AEK-ko kidea eta UEUko 42. edizioko Udako Ikastaroetako ikaslea dugu. Aurreko urteetan Iruñeako ikastaroetan parte hartutakoa da Bacho. Oraingoan, ‘Ahotsaren indarra: landu zure identitatea eta lidergo gaitasunak’ ikastaroan murgiltzea erabaki du baxenafarrak. Guraso euskaldunen baitan hazitakoa konplexu sentimendu baten ondorioz hasi zen euskara ikasten. 20 urterekin, gutxi gorabehera, Bordelen euskarazko eskoletara joateari ekin zion. Helmuga oso argi zuen: euskarazko goi-mailako ikasketak egitea. Berak “oso zaila eta konplexua” definitzen duen bidea egin zuen eta izerdi tanta askoren ostean Baionako Euskarazko Fakultatean sartzea lortu zuen. Gaur egun Alfabetatze Euskalduntze Koordinakundearen kide da eta UEUrekin orain arte izandako esperientziaz eta euskarak iparraldean duen presentziaz mintzatu da berarekin izan garen tarte honetan.

UEUko Udako Ikastaroetara zatozen lehen aldia al da? Ez, hainbat alditan etorri naiz Udako Ikastaroetara. Iruñean komunikazioaren alorreko hainbat ikastaro egin izan ditut beste urtetan eta oso gustura aritu nintzen. AEK-ko irakaslea naiz eta profesionalki eta pertsonalki formatzeko etortzen naiz. Berriro ere bueltatzen naiz gaiak oso gustuko ditudalako eta kalitatezko formakuntza eskaintzen dutelako. Hezkuntza euskaraz egitea biziki garrantzitsua da nire nortasunerako eta bertan hartzen ditudan ezagutzek bizi osorako irauten dute eta hori asko baloratzen dut.

Zer dauka erakargarri aukeratu duzun ikastaroak? Bi ikastaro egin nahi nituen hasiera batean: itzulpengintza ikastaroa eta ahotsaren indarrarena, baina egun berean dira kasualitatez eta ahotsa lantzeko ikastaroa bakarrik egingo dut. Irakasle naiz eta batzuetan pentsatzen dut ahotsa ez dugula egoki erabiltzen. Arnasa, erritmoa, tonua… eta egia da horiek ez baditugu kontrolatzen batzuetan mezua ez dela ongi iristen. Irakasle eta pertsona moduan beharrezkoa iruditzen zait ahotsa menperatzea.

AEK-ko kidea zara Biarritzen eta beraz ederki asko ezagutuko duzu euskarak bertan duen presentzia. Nolakoa da euskararen egoera Biarritzen? Kaletan euskara gutxi entzuten da, baina badira euskaldunak. Batzuetan lotsatiak gara eta ez gara ausartzen euskaraz hitz egiten. Ez gara milaka eta milaka euskaldun baina pentsatzen nuen baino gehiago gara. Euskara Elkarteak koordinatzen dituen Euskara Teknikaria badugu Biarritzen eta lan aparta egiten du.

Udako Euskal Unibertsitateak Ipar Euskal Herrian euskara sustatzeko egiten duen lana nola baloratuko zenuke? Zer egin beharko luke hobetzeko? Oso positiboki baloratuko nuke. Ipar Euskal Herriak ere Euskal Unibertsitatea behar du. Pena ematen dit iparraldeko hain jende gutxi izatea ikastaroetan zeren jende askok ezagutzen ditu Udako Ikastaroak baina altxor baten ondotik pasatzen dira eta ez dute kutxa irekitzen. UEUk ahal duen guztia egiten du iparraldean euskara sustatzeko baina zaila da, gutxiengo batek lantzen duelako euskara.

Baionako ikastaroetan izena emandakoen gehiengoa Hego Euskal Herrikoa da, zergatik uste duzu bertakoak ez direla ikastaroetara animatzen? Pentsatzen dut jendearentzat zaila dela. Gehiengoak ikasketak frantsesez burutzen ditu eta behin hizkuntza horretara ohituta zaila egiten zaie euskarazko eskoletara joatea, baina egia esan ez dakit zergatik ez diren animatzen.

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude