Maider Sagredo: “Agroekologia diziplina aurrera eramateko funtsezkoa da generoen arteko berdintasuna lortzea eta parte hartzea sustatzea”

Ikusi Maider Sagredoren bideoa

‘Agroekologia: ikuspegi sozialetik gizarte eraldaketara’ izeneko jardunaldia jarri dute martxan, UEUko 42. edizioaren barruan. Maider Sagredo Emaus GFko hezkuntza teknikariak eman dizkigu jardunaldiaren eta agroekologia kontzeptu beraren xehetasunak.

Gaurkoan, laborantzaren etorkizunaren eta elikaduraren kalitatearen zein burujabetzaren inguruan mintzatzeko elkartu dira Eibarko Markeskoa Jauregian. Jardunaldi honetan, egungo gizartean agroekologiak betetzen duen paperaz hitz egiteko eta noski, etorkizun hurbil batean, gizarte eraldaketa gauzatzeko ideiak eta proposamenak komunean jartzeko izan dira hemen, arlo honetan aritzen diren profesionalak zein herritarrak.

Maider Sagredok aMaider Sagredo11zaltzen duenez, agroekologia oso kontzeptu zabala da.  Batik bat, pertsonen eta lurraren arteko harreman batetik hasiko litzateke, eta sinbiosi horretan, guztion erritmoak errespetatu, bi elementu horien arteko goxotasun harreman bat sortu eta zaindu behar direla dio Sagredok: “Eta elementu horiek guztiekin sortzen da produkzio edo ekoizpen ekologikoa eta bertakoa”.

Diziplina horren garrantzia azpimarratzen du tartean: “Azken finean, erosten dugun produktuarekin gure herriaren ekonomia sustatzen ari gara. Baserritarrek gure ingurumena zaindu eta landu egiten dute eta gure kulturarekin bat egiten dute gainera. Horregatik ditugu hain paisaia biziak. Hori aurrera eramateko, harreman hori sortu behar da, denen arteko elkarlanaren bitartez agroekologia lortzeko ”.

Definizio zabala den arren, Sagredok azaltzen du kontzeptu hori bi ikuspegi edo gai zehatzekin lotuta dagoela: alde batetik, elikaduraren burujabetza aipatzen du: “Erabakitzea zer nahi dugun ekoiztu eta nola egin banaketa hori, nola nahi dugun kontsumitu. Izatez bertako produktuak kalitatezkoak eta ekologikoak dira eta baserritar txikiak eta ertainak sustatu nahi ditugu”. Bestetik, hori aurrera eramateko, antolaketa behar dutela dio. Ildo horri jarraiki, antolakuntza eredu horrek bi zutabe dituela aipatzen du: parte hartzea eta emakume eta gizonezkoen arteko berdintasuna: “Bi ideia horiek oso garrantzitsuak eta funtsezkoak dira jardunaldian, bai genero ikuspuntua bai parte hartzearena. Horien bitartez, eta ekimen desberdinak aurrera eramanez, helburu bezala izango genuke agroekologia”.

Parte hartzearen kontzeptu horri buruzko azalpena ematen du: “Gu azokara joaten garenean hor jada parte hartzen ari gara. Gertatzen dena da maila oso ezberdinak daudela. Garrantzitsuak dira guztiak, bai indibidualki egiten ditugunak, bai elkarte eta administrazio bezala egiten ditugunak”.

Sagredok azaltzen duenez, bi zatitan banatu dute jardunaldia. Teorikoa alde batetik, hitzaldiek osatuko dutena eta praktikoa, bestetik. Honetan, aurretik aipatutako parte-hartze hori sustatzea izango dute helburu: “Gure kezkak eta jakinduriak partekatzea, horrekin osatuko dugu. Gaur gehienbat generoa eta emakume eta gizonezkoen arteko rolak jorratuko ditugu; hala nola, zer rol dauden eta zer egon beharko litzatekeen; eta bihar, agroekologia eta parte hartzea bat egiten dutela barneratuko dugu eta gero hori gauzatzeko bideak aurkituko ditugu eta hori izango da zailena”.

Etorkizunari begira, Sagredok aipatzen du EMAUSentzat garrantzitsua dela gizartean eraldaketa hori ematea, pertsonak eta taldeak indartuz: “Guk inklusioa lantzen dugu horregatik, pertsonei beste aukera bat emateko eta agroekologiak ematen du aukera hori, pertsonen parte hartzearen bitartez, haiek aukera dezaten zer nahi duten, eta erabaki eta ondorio bat izan dezan gure herrian, lurra mailan”.

Kezka handia sortu da diziplina honen inguruan. Hausnarketa horri heldu dio Sagredok: “Jendea ez da kontzientea, ez da konturatzen. Estadistikoki euskaldunok bakarrik bertako produktuen %4 kontsumitzen dugu eta hori oso gutxi da”. Landu beharreko afera dela gehitzen du: “Lehenengo gogoeta egin behar da, gero zuzenean aktiboa bilakatzen zara eta gauzatxoak egiten hasten zara, alaitasun eta poz puntu horrekin. Pauso bakoitza gozatu, barneratu behar da. Prozesu honen baitan, modu desberdin batean eta aniztasunean denok parte hartu behar dugu”.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude