Arrate Corres: “Agroekologia mugimendu eraldatzailea bihurtzea lortzeko, feminismoaren ikuspegi kritikoak txertatu behar zaizkio”

Arrate Corres2UEUk 42. edizioan antolaturiko “Agroekologia: ikuspegi sozialetik gizarte eraldaketara” ikastaroa hasi da gaur goizean Eibarko Markeskoan. Agroekologia gizarte eraldaketarako bide bat da, baina normalean ez da feminismoarekin lotzen. Arrate Corres Velasko izan da ikastaroan agroekologia eta generoaren arteko loturaz hitz egin duena.

FAOren datuen arabera, herrialde garatuetako elikaduraren %50a emakumeek ekoizten dute eta herrialde azpigaratuetan portzentai hori handiagoa da. Arrate Corresi paradoxa bat iruditzen zaio datu horiek kontuan hartuta, agroekologia gaia beti gizonezkoekin lotuta egotea: “Normalean Euskal Herriko haur hezkuntzako haurreri lehengo sektorearen inguruan etortzen zaien lehengo irudia traktorean doan gizonezko bat da”. Arrateri ere ekoizle batean pentsatzean, etortzen zaion lehenengo irudia gizonezko batena dela onartu du.

Arrate Cortesen ustez hori ez da kasualitate hutsa: “Gaur egun garrantzia ematen zaio nekazaritza hedadura handiak era industrializatuan eramateari, materia prima asko ekoizteari, distribuzio handiei… Etxean egindako gauzei balioa kendu zaie, beste arrazoi batzuen artean, legearen arabera segurtasun aldetik kaltegarriak izan daitezkeelako. Askotan etxeko produktua izateak, emakumearen ekoizpenarekin lotzen da eta beraz, hauek baztertu izan dira. Orain, etxeko produktuak merkatu handi batera eraman behar ditugu, agro industria handi batera”.

Marta Soler ikerlariaren klasifikazioan oinarrituz, Mendebaldeko begiradaren moztasunaren hiru arloak azaldu ditu Arrrate Corresek: “Antropozentrismoa, naturaren gutxiespena; etnozentrismoa, beste kultura, klase sozial eta herrialdeekiko arbuioa; eta androzentrismoa; emakumeekiko mespretxua eta femeninoaren baliogabetzea”. Arreseren aburuz, pentsamendu egitura horrek hainbat joera bortitz azaltzen ditu emakumearekiko, herrialdeekiko eta naturarekiko.

Bestalde, Arrate Corresek, feministek dioten “pentsamendu dikotomikoa” delarikoa gure artean zabaldua dagoela azaltzen du. Honen arabera, bikote konposatuak sortzen dira eta horien arabera mundua irudikatzen dugu. Bikote konposatu hauen bidez mundua irudikatzen dugu, hala nola, gizona/emakumea, arrazoia/emozioa, kultura/natura, adimena/gorputza, autonomia/menpekotasuna… Bikote dikotomiko hauek bata bestearen gainean jartzen dira, hierarkizaturik. Corresek gai honen inguruko iritzia argi utzi du: “Benetako eraldaketa sozial bat bilatzen ari bagara, botere erlazio hauen hausnarketa egin beharra dago, buelta bat eman behar diegu”.

Correseren iritziz, bizitzaren sostengua merkatutik kanpo dauden zaintza lanak dira: “Zaintza lan horiek, batez ere, emakumeen kontura egon dira, hauek merkatu laboralean sartu zirenetik. Krisiaren agerpenarekin batera, azpiko maila batera pasa dira, hauek gutxietsiz. Ikusezinak diren arren, beharrezkoak dira sistemaren funtzionamendu eta sostengurako. Gure sistema kapitalistak zaintza lan hauek behar-beharrezkoak ditu”.

Azken finean, Arrate Corresek bere hitzaldian zabaldu nahi izan duen ideia nagusia, agroekologia feminismoarekin oso gutxi lotuta dagoela izan da, nahiz eta agroekologia gizarte eraldaketarako bide bat izan. Izan ere, Agroekologiako sektorean, emakumeak ere presentzia handia duten arren, figura bisibleak publikoki gizonak dira. Arrate Corresen ustez, feminismoak ekarpen handia egin diezakioke agroekologiari: “agroekologiak eta ekofemismoak berdintasun handiak dauzkate, izan ere, agroekologia ikusten ez dena begiratzea da eta ekofeminismoa baliogabetu dena balioztatzea da. Beraz, agroekologia mugimendu eraldatzaile bat bihurtzea lortzeko eta kontsumo talde bat soilik ez izateko, feminismoaren ikuspegi kritikoak txertatu behar zaizkio”.

Horretarako hainbat bide proposatu ditu Corresek: emakumeetan oinarritzen diren ikerketa agroekologikoak gauzatzea geneologia feministak eraikiz, kritika egitea familia egiturari eta sexu bidezko lanaren banaketari, emakumeen errelatoak kontuan hartzea, botere erlazioak aztertzea eta denboraren kontu-hartzea, besteak beste.

 

 

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude