Zuhaitz Beloki: “Datu kopuru handiekin lan egiten duen edozeinek aprobetxatu eta eskertuko ditu NoSQL datu-baseen ezaugarriak”

Ikusi Zuhaitzen bideoa

Azken hamarkadan asko zabaldu den NoSQL datu-baseen kudeaketa sistemak ezkutatzen duen misterioa argitzeko parada heldu da Eibarko Markeskora. Zuhaitz Beloki irakaslearen eskutik, ‘NoSQL datu-baseak. MongoDB’ izeneko ikastaroa abian da, UEUko 42.edizioaren barruan. NoSQL izeneko datu-baseak ezinbestekoak dira datu kopuru erraldoiak biltegiratzeko. Gauzak horrela, ikastaro honetan izena emandutenek datu-base horiek gertutik ezagutzeko eta aurkezten dituzten ezaugarri nagusiak barneratzeko abagunea dute. Teoriaz gain, laborategi-praktikak egingo dira. Bertan, MongoDB NoSQL datu-basea erabiltzen ikasiko dute.

Orain arte datu-base erlazioZuhaitz Belokinalak (SQL) izan dira jaun eta jabe. Orain, bada, fenomeno berri bat hasi da bere lekua bilatzen: NoSQL datu-baseak (Not Only SQL), alegia. Zuhaitz Belokik azaltzen du, NoSQL datu-baseen helburua, datu kopuru erraldoiekin oso abiadura handia lortzea dela. Datu-base erlazionaletan, aldiz, ez da hori gertatzen. Bilatzen dutena zera da: datuak xehetasun guztiekin egituratzea eta kudeatzea. Azaltzen du: “Datuen trinkotasuna oso garrantzitsua da SQL datu-base hauetan; horrek, baina, sistemaren abiadura mugatzen du nolabait”. Hortaz, hori da aipatu beharreko desberdintasunetako bat. Izan ere, NoSQL datu-baseetan egitura eta trinkotasuna ez dela “hain garrantzitsua” argitzen du. Kasu honetan, eraginkortasuna da kontuan hartzen den ezaugarria: “Horregatik, Google, Facebook eta Amazon bezalako enpresek ahalegin berezia egin dute datu-base mota honen alde”.

Belokiren esanetan, NoSQL Datu-baseak (erlazionalen kasuan bezala), domeinu baten inguruko datuak modu egituratu batean gordetzeko erabiltzen dira (enpresa bateko langileak, kirol-txapelketa baten informazioa, denda baten katalogoa…). “Lehenik eta behin, esku artean dauzkagun datuak nola antolatuko diren pentsatu behar da, eta gero datu guztiak datu-basean sartu.

Datu-baseek, gero, geure datuen gainean ia edozein kontsulta mota egitea ahalbidetzen digute, kontsulta-lengoaia bati esker. Adibidez, online-denda batean azken hilabetean gehien saldu den produktua zein den edo zenbat erabiltzaile berri erregistratu diren kontsultatu ahal izango da”.

Egun, enpresa askotan informazio handiak maneiatzen direla azaltzen du, web-munduan bereziki. Horren kariaz, Belokik dio datu kopuru oso handiekin lan egiten duen edozeinek erabili ditzakeela datu-base hauek: “Big data izenez ezagutzen den kontzeptu honen beharra asko zabaldu da munduan eta, beraz, datu kopuru oso handiekin lan egiten duen edozeinek aprobetxatu eta eskertuko ditu datu-base hauen ezaugarriak”.

NoSQL datu-baseak web munduan oldarka sartu diren arren, Belokik dio SQL datu-baseak oraindik ere gehien erabiltzen direnak jarraitzen dutela izaten: “Oso sartuta daude gizartean”. Datu-base erlazionalak betidanik ezagutu ditugunak dira. Egokienak izaten jarraitzen dutela aipatzen du Belokik, eta erantzuna arrazoitzen du: “Askotan datuen eredua haietara hobeto egokitzen dira eta hainbeste urtetan azpiegitura eta tresna asko sortu dira hauek kudeatzeko”. Gehitzen du enpresa edo proiektu gehienetan tresnak datu-base erlazionalekin lan egiteko egokituta daudela, eta, beraz, aldatzeko arrazoi berezirik ez dagoen bitartean, hauek erabiltzen jarraituko dutela.

Aurretik aipatu bezala, ikastaroaren helburuetako bat da MongoDB sistema hori erabiltzen ikastea. Belokik azaltzen du: “MongoDB NoSQL familiako datu-base kudeaketa sistemarik erabiliena da gaur egun. NoSQL familiako datu-base guztiak bezala, datu askorekin ere oso azkarrak izateko egokituta daude”. Horretaz gain, MongoDB-ren beste ezaugarri nagusi bat aipatzen du irakasleak; hots, dokumentuetan oinarritutako sistema dela: “Dokumentu izaera duen edozein informazio bete-betean egokitzen da sistema honen eredura, eta oso modu naturalean egingo da lan hauekin, direla egunkarietako artikuluak edo web guneetako dokumentuak. Hala ere, argitzen du edozein informazio mota adierazi daitekeela MongoDB-ren dokumentu-ereduarekin ere: “ez da dokumentu izaera duen informazioa gordetzeko bakarrik erabilgarria”.

Amaitzen du esanez, NoSQL familiaren barruan oso izaera desberdineko sistemak sartzen direla (MongoDB sistemaz gain, badaude beste batzuk: Cassandra, CouchDB etab) eta denek berezko ezaugarri jakin batzuk betetzen dituztela dio. “Ezin da esan, beraz, bata bestea baino eraginkorragoa denik, beharren arabera bata edo bestea egokiagoa izango baita”. Hala ere, egin diren neurketen arabera, MongoDB da gaur egun gehien erabiltzen den NoSQL sistema, eta, gainera, urtetik urtera asko hazten ari da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude