Iñaki Alegria: “Jendea, beste urtetan bezala, pozik ateratzea eta esperientzia ona izatea espero dugu, asko ikastea eta datorren urterako ere gogoak izatea”

Udako Ikastaroen 42. edizioa abian da jada Eibarren eta Iñaki Alegriarekin, UEUko zuzendariarekin, hitz egiteko aukera izan dugu. Informatikan aditua den donostiarrak “#Saretu” leloa daramaten aurtengo ikastaroez zer espero duen adierazi digu. Horrez gain, ikasle zein profesionalak urtero-urtero bilgune diren ikastaroetara etortzeko animatu ditu.

Ikusi Iñakiren bideoa
Iñaki Alegria1Aurtengoa Udako ikastaroen 42. edizioa da, jada hasi berriak dira Eibarko ikastaro batzuk, zer espero duzu bertatik?
Aurten inoiz baino ikastaro gehiago dauzkagu. Matrikulazioa ondo joan da eta egia esan, dauzkagun datuekin badakigu arrakastatsuak izango direla. Jendea, beste urtetan bezala, pozik ateratzea eta esperientzia ona izatea espero dugu, asko ikastea eta datorren urterako ere bueltatzeko asmoa izatea.

“Saretu” da 42. edizioaren leloa, zer edo nor saretu nahi duzue?
Saretu UEUren urte osorako leloa da, Udako Ikastaroak dira jarduera ezagunenak. Alde batetik jakintza arloen artekotasuna landu nahi dugu. Ohiko unibertsitateetan espezialitate bakoitza ondo lantzen dira baina jakintza arloen arteko harreman horretan hutsuneak daudela nabaritzen dugu eta gure ikastaroak hutsune horiek betetzera datoz. Irakasle, profesionalen eta ikasleen arteko harremana ere landu nahi dugu. Tartean jardunaldiak antolatzen ditugu eta bertan profesionalen eta ikasleen arteko harremana sustatzen da. Gu erakunde txikia gara eta gure eginkizuna beste batzuekin elkarlanean aritzea da eta Udako Ikastaroak horretarako tresna ere badira.

Zein funtzio betetzen dute gaur egun UEUren udako ikastaroek?
Adinean sartuta gaudenok UEU Udako Ikastaroen antolatzaile bezala ezagutu dugu eta orduan unibertsitate munduko ikasleak soilik biltzen ziren. Urteetan zehar hori asko aldatu da eta gaur egun erdia baino gehiago profesionalak dira eta gaia beraren interesarengatik etortzen dira. Lehen, unibertsitate mailan euskaraz aritzeko erreferentzia zen, besterik ez zegoelako. Egun, zorionez aukerako gehiago daude urtean zehar UEUrekin edo beste unibertsitateekin aritzeko. Beraz, UEUren Udako Ikastaroen funtzioa da ikasleek haien ezagutza zabaltzea eta profesionalekin harremanak bultzatzea.

Azkeneko urte hauetan goranzko joera nabaritu duzue izen emateetan, aurten ere horrela mantentzea espero duzue?
Duela bi urte igo ziren matrikulazioak, iaz ere apur bat eta gure helburua gutxienez mantentzea. Oso pozgarria izan da Baionan eman den igoera. Historikoki gure lehenengo tokia da eta aurten arrakasta handia izan dugu bertan antolatutako ikastaroetan.

Zertan nabarmentzen dira UEUko ikastaroak besteengandik?
Besteak ez bezala, gureak formatu txikikoak dira. Euskara hutsez dira, batzuk oso praktikoak, beste batzuk berriz hausnartzekoak. Irakasle eta ikaslearen arteko harremana oso horizontala da eta horrek jakintza bien artean partekatzeko aukera ona ematen du.

Zer esango zenioke UEU ezagutzen ez duen norbaiti udako ikastaro batetara ekarrarazteko ?
Giro euskaldunean bizi bada, beste urteetan bertan izan direnekin hitz egiteko gomendatuko nioke. Orokorrean jendeak oso oroimen ona du Udako Ikastaroen inguruan, askok errepikatzen dute. Aniztasun handia dago eta ziur ikastaroren bat gustoko izango duela. Giro euskaldunean bizi ez bada, lagun euskaldunak egiteko toki oso aproposa da gurea.

Lehenbiziko aldiz biziko dituzu udakoak zuzendari bezala. Oso desberdina al da bizipena?
Ondo baino hobeto ezagutzen ditut ikastaro hauek. 25-30 urtetan zehar ikasle eta irakasle bezala parte hartu izan dut. Geroago, ikastaroen antolatzaile moduan ere izan nintzen baina orain lan gehiago suposatzen dute ikastaroek niretzat baina aspalditik ezagutzen ditudanez, ondo moldatzen naiz.

Ikastaroren batean izena eman duzu? Zein ikastaro egingo zenuke? Bai. Baionan Uztailaren 9-11 bitartean emango den Giza Eskubideen Europako Auzitegiari buruzko ikastaroan izena eman nuen, baina bilera garrantzitsua dela eta ezin izango dut bertara joan. Hala ere, gaur Eibarreko egoitzan izan den mahainguru batean egon naiz, beste batzuetan antolatzaile moduan ere izango naiz, beraz beharbada aurrerago ikastaroren batean parte hartu ahal izango dut.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude