Arantxa Iparragirre, Udako ikastaroetako ikaslea: “Ikastaro honetatik gehien harritu nauena dena praktikoa dela izan da”

Udako ikastaroetako ikasleen erdia berria izan ohi da. Arantxa Iparragirre beasaindarraren kasua horixe da. UEU ez zuen ezagutzen eta aurten bi ikastaroetan eman du izena. “Musikaren erabilera eta bizipena haur hezkuntzan” ikastarotik atera dugu, bere esperientzia konta diezagun. Oraingoz gustora dabil.Arantxa Iparragirre

Zergatik matrikulatu zara ikastaro hauetan?

Barruan denok altxor bat daukagula sentitu dut beti. Azken urteetan umeekin izan ditudan esperientzietan ondo moldatu naizela uste dut, baina barrenean gauza gehiago nituela sentitzen nuen. Barnean nituen gauza horiek ateratzeko premia nuen eta horretarako teknika berriak ikasi behar nituen.

Azkenekoz, umeekin monitore gisa egoteko kurtso bat burutu dut. Bertan praktiketan nengoela, koordinatzaileak, zenbait gauzetan gogo espeziala jartzen nuela konturatu zen. Denok daukagu ahalmen berezi batzuk zenbait gauzentzako eta hark nireak ikusi zituen. Kurtsoa amaitzean, gaian interesa nuela ikusirik, koordinatzaileak ikastaro hauen berri eman zidan. Ikastaroen izenburuak irakurri bezain laster, honakoa esan nion neure buruari: “hau da ni bilatzen ari naizena eta hau da momentua”. Eta hala, honantz zuzendu nintzen.

Ikastaro hauek ba al dute erlaziorik dute zure ikasketekin?

Egia esan ez dut haur hezkuntzako titulazio ofizialik, baina txiki txikitatik bizipen eta esperientzia asko pilatzen joan naiz. Bizitzan asko lagundu zidan 6 urterekin baletean hasteak eta 8 urterekin dantzan. 11 urterekin aldiz, panderoa jotzen hasi nintzen trikitixa munduan, txapelketetan, bodetan, festetan… 13 urterekin nire anaiarekin abesten hasi nintzen eta bi disko atera genituen merkatura. Asko ikasi nuen esperientzia horretatik eta oso gustura ibili nintzen musika munduan. Ondoren, kanpora joan nintzen, Ingalaterrara. Bertan, boluntario gisa aritu nintzen ikastola batean eta gero lanerako hartu ninduten.

Euskal Herrira bueltatu nintzenean, bide beretik jarraitu nuen. Lehen esan bezala monitore izateko kurtso txiki bat burutu dut eta orain, haur hezkuntzarekin eta musikarekin zerikusia duten ikastaroetan matrikulatu naiz UEUn. Beraz, nahiz eta ez izan haur hezkuntzarekin erlazionaturiko titulazio finkorik, nire bizitzako eboluzioak ekarri nau momentu honetan toki honetara. Azkenean, dena doa erlazionaturik.

Ezagutzen zenuen aurretik UEU?

Egia esan, ez nuen ezagutzen. Haur hezkuntzako koordinatzailearen bidez izan nuen ikastaro hauen berri.

Nolako esperientzia izaten ari da?

Oso polita. Lehen esan bezala, barrenean neuzkan gauza asko deskubritu ditut. Ikastaroaren bitartez ezagutzen ari naizen teknika desberdinen bidez, barrenean ezkutuan nituen zenbait gauza kanpora ateratzen ari naiz.Normalean kurtso gehienetan, papera eta boligrafoa hartu eta ia denbora guztia teoria hutsa izaten da, azkeneko ordu erditxoan soilik egiten da praktika pixkatxo bat. Kurtso honetatik gehien harritu nauena, dena praktikoa dela izan da. Azken finean, etxera eramaten duzuna, momentu horretan bizitzen duzuna da.

Momentuz, “musikaren erabilera eta bizipena Haur Hezkuntzan” ikastaroa burutu dut eta egin ditudan ariketa guztiekin disfrutatu dut. Gure ahalmenak kanpora ateratzeko helburuaz burutako ariketak dira eta horiek praktikan jartzen ditugu. Gainera oso giro ona egon da klasean, bai irakaslearekin eta bai beste ikasleekin. Denok genuen ikasteko gogoa eta irakasleak ehuneko ehuna eman du. Ikastaroa ezinhobea izan da.

 

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude