Gotzon Carcar: “Hitzaren bidez baino askoz gehiago adierazten dugu gorputzaren lengoaia eta soinu ahotsaren nolakotasunaren bitartez”

Gotzon carcar argazkia1UEUk antolatzen dituen Udako Ikastaroen 41. edizioaren bukaerara heldu gara. Aurtengo eskaintza era hoberenean amaitzeko, Iruñean “Jendaurreko komunikazioan trebatzeko tailerra” izeneko ikastaroan parte hartzeko aukera izan dugu. Gotzon Carcar Coach pertsonala eta enpresariala eta UEUkidea izan da saioaren irakaslea, berarekin egon gara ikastaroaren inguruko galdera batzuk egiteko. Matrikula zabalik dago.

Ikusi Gotzonen bideoa

Zein da ikastaro honen helburua? Orokorrean jendeak publiko baten aurrean adierazten duena hobeto adierazten laguntzea da helburua. Pertsona guztiok jendaurrean komunikatzeko eredu bat dugu, gure publikoa pertsona bakar bat edo talde bat izan daiteke, berdin dio gure profesioa edo testuingurua zein den irakasle, hizlari, enpresa bateko lidergo kargu bat dugun edo familiari hitz egiten diogun. Ikastaroa publiko baten aurrean nola hitz egin jakiteko esperientzia bat da, hau da, hobeto helarazteko nahi ditugun mezuak. Jendearen ulermen neurria beraien ardura da baina komunikatzaileak mezua era hoberenean helarazteko ahalegina egin behar du. Hori lortzeko entrenamendu tinko honetan ez dugu esplizitoki oratoria lantzen, lantzen duguna bizipena da eta kasu honetan arreta gunearen kontzeptuak garrantzia handia hartzen du. Arreta gunea zer da? Kontzientzia hartzea bereziki, eta galdera hauek egiten dira horretarako: zer gertatzen zait niri komunikatzen ari naizen bitartean?, jendeari gauzak esaten dizkiodan bitartean? zer gertatzen da nire baitan? nola daude nire hankak? nola dago nire bihotza?, nolakoa da nire arnas prozesua?

Zein da pertsonek jendaurrean hitz egiteari dion beldurraren arrazoi ohikoena? Oinarrizko bost hunkipenekin jaiotzen gara: maitasuna, alaitasuna, mina, haserrea, amorrazioa eta beldurra. Oinarrizko emozio horiek bizitza salbatu digute, oso baliagarriak dira bizitzarako. Jaio geroztik gure gurasoengandik, garrantzia handia duten pertsonengandik, bost hunkipen horiek garatzen ikasi dugu, baita beldurrak ere. Publiko baten aurrean pertsona batek bere burua arriskuan dagoela senti dezake. Baina zein arrisku? Mota askotakoak izan daitezke beldur horiek, eta suposatutako arrisku horrengandik ihes egiteko beldurrak bere babesteko funtzioa dauka “publiko honetatik ihes egin behar dut bestela kalte egingo didate” “Ze pentsatuko ote dute nitaz?”: barregarri gelditzeari beldurra, gaizki egiteari beldurra, gaizki egitea zerekin konparatuz? Ondo egitearekin, baina zer da ongi egitea? Pertsona bakoitzaren unibertsoan hor dago ezkutatuta beldurra, eta norberak egin dezakeena da beldur horiek lantzea da.

Jendaurrean hitz egiten jakiteko beharrezkoa al da diskurtso edo lengoaia aldetik prestatuta egotea? Noski, ez baduzu zer esatekorik, ez hitz egin. Lehenengo eta behin, publiko baten aurrean hitz egiterakoan guztiz goitik behera menperatu behar dugu azaldu beharreko gaia. Pertsona publiko baten aurrean 20 minutu hitz egiteko gai izan beharko ginateke.. Beraz, horretarako hizkuntza eta lengoaia menperatu behar dira, halere, edukia menperatzeak ez du esan nahi lengoaia hizkuntza maila altua izan behar dugunik. Komunikatzeko ditugun gaitasunak eta baliabideak menperatu behar ditugu eta horietako bat hitza da, baina ez da garrantzitsuena. Askoz gehiago adierazten dugu publiko baten aurrean gorputzaren lengoaiaren bitartez eta soinu ahotsaren nolakotasunaren bitartez.

Jendaurrean ondo hitz egiten jakiteak asko errazten ditu gauzak, botere handia ematen du. Hori izan daiteke bizitza profesionalean arrakasta izatearen gakoa? Dudarik gabe, publiko edo sozialki arrakastatsuak diren pertsonek, berdin da zein arlotan, irakaskuntzan, politikan… garatu behar duten ezaugarri bat jendaurrean hitz egiteko trebetasuna da. Trebetasun hori ez badute menperatzen ikasi eta garatu daiteke eta hori berri ona da. Edozeinek jendaurrean  hitz egiteko duen eredua hobetu daiteke, beti.

Hitz egiten jakitea ondo dago baina kontrakoa menperatzea ere garrantzitsua al da? Hau da, zein da isiltasunaren garrantzia? Galdera ona da hori. Lehen aipatu dizut arnasketa landu dugula ikastaroan. Kontuan hartu hitzak ateratzeko fonazio sistema zoragarri hau behar dugula. Airea barnetik kanporantz bota behar da hitz egiterakoan eta ezin dugu hitz egin barneruntz, kalte egiten du. Hitz egiteko arnasa hartu behar dugu, orduan, airea hartzen dugun momentuetan isilik egon behar gara. Laburbilduz, isiltasuna eta arnasa gauza bera dira, ekintza berak bi funtzio ditu: arnasa hartu bizitzeko eta airea hartu hitz egiteko. Beraz, hor sortzen da isilgunea. Zer da isilgunea? Badakigu musika ezin dela sortu isilgune gabe. Komunikazio unibertsalean gauza bera gertatzen da, isilgune gabe ez dago komunikaziorik. Beraz, errespetatu behar da isilgunea, behartuta gaude hori lantzera. Gainera horretan datza hain zuzen edozein ereduren dotoretasuna eta bikaintasuna.

Helburu hori lortzeko zein da prozesua? Esango nuke jaio bezain laster hasten garela jendaurrean komunikatzen, gero testuinguruak aldatzen dira. Denok komunikatzen dugu, hobeto edo okerrago, era batera edo bestera. Baina hori bai, eredu hori eraikitzeko prozesu bat jarraitu behar dugu. Ez gara gogoratzen fase horrekin, baina oso barneratua dugu. Eta hori da entrenamendu hauekin hobetu dezakeguna; gure mugak identifikatuz, gure oztopoak eta eredu berriak eraikiz. Hori dudarik gabe garapen pertsonal bat da. Adibidez nirea bezalakoa, gazteagoa nintzela zulo sakon batera erori nintzen jendaurrean hitz egiterakoan, ia bi hilabete aurretik 15 minutuko diskurtsoa nuen prestatuta eta eta hitz egiteko momentua heldu zenean, zaratak eta izerdia botatzeko eta urduri jartzeko gai izan nintzen bakarrik. Bertan abiapuntu berri bat jaio zen, nire buruari esan nion “nahikoa duzu, hau ez baduzu aldatzen inoiz ez zara gai  izango publiko baten aurrean hitz egiteko” eta begira orain, nire lana horretan datza, jendea entrenatzen dut publikoaren aurrean hitz egiteko, eta beti nago publiko baten aurrean.  Beraz, alda daiteke.

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude