Fernando Trebol: “Ezagutza eta emozioen arteko erregulatzaile den gaitasuna da neuropsikologia”

Jarduera profesionalean agertzen diren era askotako zailtasunak identifikatzeko intentzioarekin egin da “Neuropsikologiaren ekarpenak pertsonekin lan egiten duten adituentzat” udako ikastaroa Iruñean. UEUk antolatzen dituen Udako Ikastaroen 41. edizioan izan dugu Fernando Trebol Unzue UEUko kidea, Psikologian Doktorea eta Zangozako Ikastolako Hezkuntza Bereziko irakasle aditua.

Fernando Trebol 11Zer jorratu duzu ikastaroan? Neuropsikologia gaia izan da jorratu duguna, bereziki jendaurrean lan egiten duten pertsonei eskainita prestatu dugu; adituentzako edo bakarrik jendaurrean lan egiten duten pertsonentzako. Helburua neuropsikologian oinarritzen den aplikazioa aztertzea edo kasu honetan azaltzea orokorrean bada ere.

Zein tresna behar dira pertsonak aztertzeko? Pertsonen artean gatazka bat gertatzen denean, adibidez lantoki batean edo eskola batean modu askotako tresnak erabili ditzakegu, frogak deitzen ditugunak. Lehenengo tresna behaketa da, horretarako hezten dira adibidez irakasleak; eskolako atsedenaldian patio batean irakasleen lana behaketa izan beharko litzateke. Bereziki eskola garaia baldin bada edo ume txikiekin lanean bagaude, umeek emango diguten pistak ez dira ez ahozkoak ez idatzizkoak izango, baizik eta irudien bidezkoak, beraz, bertan ikus daitezke pertsona horrek nolako zailtasunak dituen gaitasun batzuk adierazteko, horren ondorioz, pentsa genezake gatazka baten ondorioz gerta direla zailtasun horiek. Lantokietan aldiz, talde dinamikak egiten dira, baita soziogramak. Horri lotuta pertsona baztertua zein den, baztertzailea zein den edo liderra zein den identifikatzeko tresna ezberdinak landu daitezke.

Zertarako balio du jarduera profesionaleko egoera hauek identifikatzea? Eskola batean adibidez neurriak hartzeko eta familia informatzeko balio du. Bestalde, zertarako aplikatu neurri horiek? Ba eremu profesionalean lantokietako lan giroa hobetzeko, enpresa munduan produkzioa hobetzeko… azken finean arazoak ekiditen direnean diru iturriak hobetzen dira. Lan taldea egoki kontrolatuta egoten den eremu bat lortzea, langilea gustura egotea eta gustura lan egin dezan izango da etorkizunean emaitzak jasotzeko bidea. Neuropsikologiak egiten duen gauzetako bat prozesuetan edo exekuzioetan adimena sustatzea da, hau da, ezagutza eta emozioen arteko erregulatzaile den gaitasuna da neuropsikologia. Horrek laguntzen digu lanean daudenak gustura egotea eta eraikina, produktua edo zerbitzua hobetzea, azken finean. Eta lan hori prozesu batean oinarrituta badago, askoz hobeto.

Edozein pertsonentzat balio dute tresna horiek? Eta norbere buruarentzat? Bai jakina, pertsonatik abiatzen gara eta hortik erakunde edo enpresari eragingo dio, orduan noski baliagarria dela. Arlo asko izan behar ditugu kontuan, profesio askotan edo ikasketa askotan psikologiako arloak lantzen dira eta egokitu egiten dira lantoki horietara. Gizarte langile batek adibidez ezagutu beharko lituzke psikologia arloko hainbat ezagutza. Ikastaroan landu duguna norberaren trebeziak identifikatzea izan da eta gero trebezia horiek nola zuzendu behar ditugun lantoki batera, lan talde batera edo ikasle talde batera.

Praktikak nola egin dituzue? Gure arteko taldea oso txikia da, baina halere egin dugu rol jolasen bat, hau da, rol bat edo jokaera bat gureganatu eta besteek behaketa egitea, behaketa hori gero tresna bezala jorratzeko. Tresna bat sortu dugu, hau da, bakoitzak bere lanpostura egokitzeko protokolo bat. Taulatxo batean islatu ditugu: Protokolo mailan eman behar diren pausuak azaldu ditugu, prozedurak eta exekuzioak emozio aldetik eta afektibo mailan trebeak diren ala ez identifikatu eta gerta daitezkeen gatazkak ekiditeko edo talde giroa hobetzeko tresnak landu ditugu. Laburbilduz, pausuz pausu gauzak ondo egiteko eta emaitzak lortzeko.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude