Aritz Olagoi: “Kirola euskara sustatzeko oso tresna garrantzitsua dela pentsatzen dugu”

UEUko udako ikastaroak amaitzen ari dira, baina oraindik ezagutzaz eta euskaraz betetzen dute Iruñea. Gaurkoan Aritz Olagoirekin, psikologian lizentziatua eta kirol psikologian masterra dunerekin,hitz egin dugu Euskara eta kirola: euskara sustatzeko eredu eta baliabideak ikastaroan.

Ikusi Aitor Manterola eta Aritz Olagoiren bideoa

Aitor Manterola eta Aritz Olagoi Euskara eta kirola1Nolatan sortu zen ikastaro honen ideia? Aitor Manterola eta biok geneukan oinarrizko kezka batetik abiatu zen. Garbi dago kirolak badituela tresnak beste esparru batzuetan eragina izateko, hala nola, gizartean. Eta ikusten genuen, kirola eta euskararen arteko harreman horretan, hausnarketak eta gauza berriak egiteko ideiak behar zirela. Beraz, kirolaren bitartez euskararen sustapena ea posible den hausnartzea da helburuetako bat.

Adituen esperientziak eta lanak jorratuz burutzen ari zarete ikastaroa? Pentsatu genuen lan esperientzia praktikoak dituzten pertsonak ekartzea. Hala nola, Andoni Urkiolak, Irungo eskola kiroleko haurrekin euskararen erabilera neurtzeko erabili duten metodologia erakutsi zigun atzo. Mikel Troitiñok, euskara eta surfaren artean lan handia egin duenak bere lanak erakutsi zizkigun. Xabier Lertxundik, Itzarri Consulting-eko futbolaren inguruan Bizkaia aldean lan asko egiten ari direnen inguruko lanak erakutsi zizkigun. Unai Arrieta eskubaloi profesionaleko jokalariak, kirolari profesionalen ikuspuntutik euskararen egoera nola ikusten duten azaldu digu. Arritxu Iribarrek, Euskadi irriatiko kazetariak, eta Jon Eskudero eta Unai Zubeldia Berriako kazetariek beraien profesioko esperientzia azaldu dute. Aditu edo esperientzia praktikoak dituzten horiez gain, ikastaroan parte hartzen dutenek ere beraien ekarpena egiteko eta kontatzeko aukera ematea nahi izan dugu. Ondoren esparru honetan zer egin dezakegun ikusteko.

Euskarak, kirolean ere zailtasunak ditu. Nola eman buelta egoera horri? Jendeak bere borondatez, gustatzen zaion jarduera bat izanik kirola, euskara sustatzeko oso tresna garrantzitsua izan litekeela pentsatzen dugu. Hau da, kirolean ere euskaraz bizitzeko. Baina oraindik arlo ezberdinetan (federazio, elkarte eta erakunde publikoetan), ez da kirolaren eragin positiboa euskararekin lotzen. Gure asmoa ikastaroan sortu diren ekarpen guztiak txosten batean biltzea dira. Agertu den ideietako bat, adibidez, diru laguntzetan euskararen irizpidea kontuan hartzea izatea da; hots, euskararen erabilera sustatu eta bermatzen duten kirol elkarteek diru gehiago jasotzeko lerro berezi bat egotea.

Kirol prentsaurrekoak gazteleraz egiten dira, nahiz protagonista euskaldunak izan. Bai, eta atzo Unairekin eta Arritxorekin atera zen gaietako bat izan zen. Dudarik gabe, gizartearen gehiengoari begira erreferente bat izaten dira prentsaurreko baten bidez jendearengana heltzen direlako. Alde horretatik , iruditzen zaigu, interesgarria eta beharrezkoa dela prentsaurrekoak euskaraz ematea. Hor bi kontu daude, alde batetik, kirolariaren hautu pertsonala eta, momentu jakin batean baita ausardia ere, prentsaurrekoak euskara hutsean ematea. Eta beste aldetik, erdarazko hedabidea dela gehiengoa tamalez, eta horrek presio moduan edo, zailtasunak eragiten ditu. Badira euskaren aldeko apustua egin dutenak baina klubaren babesa behar dute. Iritzi eta erreakzio negatiboei babesa emango dietenak eta kirolariak bide horretan bakarrik utziko ez dutenak.

Etorkizunari begira, nondik hasi gaitezke gauzak aldatzen? Gure asmoa, ikastaro hau hasierako hazia edo abiapuntua izatea da. Gai honen inguruan hausnarketa bideratzen jarraitu nahi dugu, bi egunetako gauza solte batean ez gelditzeko. Gure nahia hemengo ekarpenak kirol elkarte, federazioei, erakundeei, udaletxeei, foru aldundie… zabaltzea da. Hasiera bat izan dadin antolatu dugu ikastaroa, pixkanaka pausoak eman daitezen.

Argazkian, ezkerretik eskuinera: Aitor Manterola eta Aritz Olagoi

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude