Karmele Muro: “Euskaldunak kantari onak garela esan beharrean, Euskal Herrian ahots onak daudela esango nuke”

Hasi dira Iruñean UEUko Udako Ikastaroak eta lehenengo egunean “Ahots-teknika ikastaroa: kantua sentitu, jolastu, gozatu” izeneko ikastaroa izan dugu. Karmele Muro musikan lizentziatu, abesbatza zuzendari eta formatzaileak antolatutako ikastaro honetan ahots teknikak landuko dira, emozioekin harremanduz eta ikasleei beraien abesti errepertorioa bilatzen laguntzen.

Ahots teknika klasea 4 1Zeintzuk gai landuko dituzu, orokorrean? Kantatzerakoan izan behar dugun gorputzaren kontzientzia eta jarrera, erabili beharreko arnasketa eta kantua dira landuko ditudan gaiak. Hiru hauek erlazionaturik daude eta elkarrekin joan behar dira. Horretaz gain ahots sailkapenak nola egin, ezagutu etab. ere landuko dugu.

Zer dela eta bururatu zitzaizun ikastaro hau sortzea? Nire ustetan behar handia dago. Ahotsak lagundu egiten gaitu eta bizitza guztian, egunero erabili behar dugun zerbait da. Kantuaren teknikez baliatuz, hau da, kantuaren onurak integratzen edo asimilatzen baditugu, egunerokotasunean erabili ahal izango ditugu, ahotsa urratu gabe. Bestalde, kantatzeak ematen duen plazerra izugarria da. Emozioei lagundu ahal die eta gure lotsak, beldurrak edo bestelakoak gainditzeko aukera eman ahal digu. Kantuak, musikak bezala, transzendentzian edo bizitza harantzago eramaten lagundu izan digu beti. Hauek guztiak izugarri interesatzen zaizkidan arloak dira eta horregatik sortu dut ikastaroa.

Zein harreman dago errepertorio ona aukeratu eta gure ahotsaren osasuna zaintzearen artean? Erlazio guztia daukate. Errepertorio ona aukeratu behar duzu bestela ahotsa guztiz hondatuko duzu. Urte gutxitan ahotsik gabe gera zaitezke. Pertsona bakoitzak ahots mota desberdina daukagu eta errepertorio horretara (gure ahotsera) egokitu behar dugu. Ez dugu errepertorio zabalagoa edo pisutsuagoa lortzeko presarik izan behar. Denborarekin eta adinarekin errepertorio desberdina lor dezakezu baina hori zure ahotsak “esan” behar dizu. Zure ahotsa entzun behar duzu.

Zein abesti motekin egingo duzue lan? Euskal kantak erabiliko ditugu, ikasleek gustuko dituztenak eta batez ere ondo dakizkitenak. Ahots-teknikari atentzioa eman ahal izateko, kantak ondo ikasita egon behar dira, bestela atentzioa galdu dezakegu.

Abesteak norainoko garrantzia du Euskal Herrian? Definitzen gaituen zerbait da? Euskaldunak abeslari onak al gara? Euskal Herria herri oso abeslaria izan da, betidanik. Euskal kantutegian bizitzaren arlo guztietako kantak aurkitu ditzakegu: maitasunezkoak, heriotzari buruzkoak, erlijiosoak, umorezkoak, ohiturei buruzkoak, sehaska kantak, haurrenak, legendazkoak, bukolikoak, etab. Gure kulturaren isla izan dira beti. Nik esango nuke, abesteko ohitura, definitzen gaituen zerbait dela, modu aipagarrian gainera. Esparru guztietan kantatu izan ohi da, familietatik hasita eta txiki-txikitatik. Euskal Herrian abesbatza ugari daude, 300 baino gehiago eta herri txikia garela kontutan hartuta, datu esanguratsua da. Kantua da lehenengo transmisio bidea, hitz egin baino lehenago ere kantatu egiten diegu gure seme-alabei. Euskaldunak kantari onak garela esan beharrean, Euskal Herrian ahots onak daudela esango nuke. Ohituraren bidez sortzen den zerbait da eta han edo hemen, Euskal Herriko edozein herri txikitan, topa dezakezu norbait kantatzen duena, ongi gainera.

Iruzkinak (1)

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude