Matematikari Euskaldunen I. Topaketak egin dira gaur


MatematikariakMatematikari Euskaldunen I. Topaketak burutu dira gaur UEUren Udako Ikastaroen baitan elkarren berri izan, esperientziak partekatu eta sarea antolatzeko helburuarekin. Elisabete Alberdi matematikaria, UPV/EHUko irakaslea, UEUko Matematika Saileko arduraduna eta jardunaldiaren antolatzailearekin egoteko tartetxo bat aprobetxatu dugu topaketaren nondik norakoak argitzeko.

Zeintzuk dira Matematikari Euskaldunen I. topaketa honen helburuak?

Azken boladan ia geldirik egon den matematikari euskaldunek osatzen duten makinari hautsak kendu eta olio apur bat ematea izan da helburua. Topaketa da hau lortzeko bitartekoa eta beraz, topaketaren helburu nagusia matematika arloan lanean dihardugunok elkartzea eta elkarren berri izatea dela esan dezakegu: bakoitza zertan diharduen kontatzea eta norbere esperientziak besteekin partekatzea. Hau da, garai batean egun baino gehiago funtzionatzen zuen makinaria berriz martxan jarri eta funtzionatu araztea.

Matematika hainbat esparrutan aplikatua ikusteko aukerarik izan duzue? Adibiderik jarriko zenuke?

Bai, hainbat esparrutan aplikatua ikusi dugu. Topaketetan, hitzaldi gonbidatuaz eta mahai inguruaz gain hamabi komunikazio hitzaldi egon dira eta komunikazio hauek dira matematikaren esparru ezberdinen isla. Batzuek aipatzearren, matematikek hauteskundeetako emaitzak aztertzen lagundu digute; airearen kalitatearen kontrola konputazio teknika matematikoen bidez nola egin daitekeen ere ikusi dugu; arrantza aktibitate iraunkorra izan dadin matematikek arrantza baliabideen kudeaketan nola parte hartzen duten ikusi dugu; jokoen teorian azaltzen diren matematikak ikusi ditugu, eta abar. Horretaz gain, ezin da ahaztu 2013a Estatistikaren Nazioarteko urtea dela eta gai honekin lotutako komunikazioren bat ere egon da.

Etorkizunari begira zein asmo dituzue?

Argi dagoena da, UEUko Matematika Saila indartzen jarraitu behar dugula. Hau nola gauzatu izango da gure erronka. Honelako topaketak urtero antolatzea gehiegi dela uste dut, hau da, bi urtetik behin antolatuta ere ondo dagoela. Baina badira urtero egin daitezkeen ekintzak ere. Besteak beste, UEU-k derrigorrezko hezkuntzan edo batxilergoan matematika irakasten diharduten irakasleen artean detektatzen dituen beharrizanei Matematika sailetik erantzuna ematea litzateke hauetako bat: ikastaroak emanez, e.a. Oraingoz oso pozik gaude gaurko emaitzekin.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude