Javier Duoandikoetxea: “Matematika ez da bakarrik matematikarien ardura”

Luzaroan daramatzate UEUko Matematika sailekoek ekimen berezirik egin gabe, horregatik izan da aukera paregabea Matematikari Euskaldunen I. Topaketak. UEUk Udako ikastaroen 41. edizioan arreta berezia eman nahi izan dio jardunaldi honi, eta ondorioz harrera oso ona izan da. “24 herri ezberdinetatik hurbildu dira hainbat matematikari eta ikasle” adierazi du sarrera bat eskainiz Elisabete Alberdi topaketaren antolatzaileak, horretaz gain, matematikariak elkar ezagutzea, arloko joerak eta iker lerroak ezagutzea eta komunean matematika eta euskara lotzea bezalako helburuak ere finkatu ditu. Topaketan hiru komunikazio saio izan dira eta hasierako hitzaldi gonbidatua Javier Duoandikoetxea UPV/EHUko Analisi Matematikoan katedradunak emandakoa izan da.

Javier DuoandikoetxeaZerutik lurrera, hori izan da Javier Duoandikoetxeak aurkeztutako hitzaldiaren ibilbidea. Izan ere, “Zeruko eta Lurreko matematika” izenburua jarri dio matematikariak bere saioari. Izenburu hori arrazoitzeko, Paul Erdös matematikaria jaio zeneko 100. urteurrena aipatu eta matematika problemak zerutik eta lurretik datozela esan du. Horren haritik, Paul Erdös matematikari Hungariarra izan da hitzaldiko protagonistetako bat, bere garaian ospetsua izateaz gain, bitxia ere izan zelako. Paulen bi arrebak eskolan harrapatutako gaixotasunarekin hil ziren, eta gurasoak Pauli ere antzekoa gertatzeaz beldur, aldi luze batean eskolara ez zuten bidali. Halere, hezkuntza sendoa jaso zuen etxean, bizitza sozial aldrebesa izatea eragin ziona. Zenbaki lehenak infinituak zirela adierazten zuen Euklidesen teoremarekin harrituta gelditu zen Erdös txikitan. Matematikarekin maitemindu eta arloko ezagunen etxera joaten zen noiznahi, matematikaz jarduteko gogoz. Hortik aurrera 1.500 artikulu inguru idatzi zituen bere bizitzan zehar. Eta “Jainkoak” matematika froga ederrak gordetzen zituen liburu bat zuela esaten zue, gizakiok noizbehinka deskubritzen ditugunak.

Historia hau kontatu ondoren, Javier Duoandikoetxeak zenbaki lehenekin osatutako jolas bat proposatu die bildutakoei, 1000tik beherako zenbaki lehen denak azalduz. Horrekin batera, honakocollatz problema galdera bota du: “zenbaki lehen bikiak finituak dira?”, baina galdera askok ez dute erantzunik oraindik eta zatika eta apurka asmatzekoak direla azaldu du. Hainbat dira honi lotuta beraien lan matematikoengatik Javierrek aipatutako matematikariak: Ytang Zhang, C Goldbach, Leonhard Euler, Harald Helfgott… besteak beste Collatz problema matematikoak ere izan du bere tokia topaketan.

Lurrera jaitsiz eta “lurreko matematika” azaltzeko helburuarekin, “Lur planetako matematika 2013” (Mathematics of Planet Earth 2013) eta “estatistikaren nazioarteko urtea” (The International Year of Statistics 2013) proiektuak azpimarratu ditu Duoandikoetxeak. Izan ere, munduan matematika asko dagoela baieztatu du Javierrek, baita gauza asko ez liratekeela posible izango matematikarik gabe, esaterako medikuntzan erabiltzen den Burmuineko Scannerra. Tramankulu horren sortzaileak Allan Cormack eta Hounsfield izan ziren baina Radone-en teorema izan zen hori egiteko bidea erraztu zuena, hau da, datu matematikoez eraikia eta formula matematikoak erabiliz sortu zen. Duoandikoetxeak matematika ez dela bakarrik matematikarien ardura adierazi eta beste hainbat alorretako jendea ere horretan aritu beharko litzatekeela baieztatuz bukatu du bere hitzaldia. Horretaz gain, matematikariak zendutako Adela Moyua UPV/EHUko Zientzia eta teknologia fakultateko irakaslea eta UEUko bazkidea gogoratu nahi izan du bere saioan zehar.

matematika4

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude