Fernando Mijangos “ Hondakinak ez dira botatzeko zerbait, baliabideak baizik”

Fernando BijangosUEUko Kimika Sailburu, UPV/EHUko irakasle eta Kimikan doktorea den Fernando MijangosHondakinen Kudeaketa eta Tratamenduak” graduondokoan zuzendari bezala aurkezten zaigu. Izan ere, ikasturte honetan bildutako esperientziak kontatuko ditu UEUk antolatzen dituen Udako Ikastaroen 41. edizio honetan.

 Ikusi Fernandoren bideoa

Hondakinen kudeaketa eta tratamenduak” graduondokoari begira nolako esperientziak bildu dituzue ikastaroan? Ikasturte honetan zehar emandakoa ari gara aztertzen ikastaroan. Horretarako, nik neuk egitura akademikoa azaldu dut lehenbizi; nolako egitura akademikoa izan dugun, ikasturtean zehar landutako irakasgai desberdinak… Derrigorrez jorratu ditugu ikuspuntu ekonomiko, juridiko, politiko eta soziala. Bestalde, printzipioz gairik errazena zirudiena, ikuspuntu teknikoa, apur bat konplikatua bilakatu da; gure ustez, aspektu teknikoak garrantzia handia izan beharko luke baina ikasturtean hartutako esperientziak erakutsi digu ikuspuntu politikoa ere garrantzitsua dela. Orduan, aipatutako ikuspuntu hori Gipuzkoako Foru Aldundiko ingurumen saileko diputatuarekin komentatu dugu, zehazki Gipuzkoan 2012an egindako hondakinen kudeaketa.

 Graduondokoan ikasleek ikerkuntza lan baten bitartez maila praktikoa garatu behar izan dute, nolako emaitzak lortu dira? Adibiderik jarriko zenuke? Ikasle bakoitzak lan aplikatu bat jorratu izan du eta esan beharra dago proiektu ikaragarriak egin dituztela, benetan harrituta nago zer nolako gaiak aukeratu dituzten ikusita. Egungo errealitatearen isla edo flashak dira. Alde batetik pixoihalek eta konpresek ematen dituzten arazo berriak aztertu ditu ikasle batek. Hau da, ez da bakarrik haurrei begirako arazo bat, nagusi asko ditugu gure artean, beti beti diogu gure populazioa zahartzen ari dela eta hori botatzen dugun zaraman antzematen da. Beste batek, sagardotegietan sortzen diren hondakinak hautatu du gai bezala, sagardoaren zukua ateratzean sortzen da sagardoa, baina geratzen den mamia hondakina da. Orduan, hondakin horren berrerabilpena hartu du kontuan adibidez lehengai kimiko interesgarriak ateratzeko: fenolak eta antioxidatzaileak… Beste ikasle batek, biomasak ematen dituen hondakinak aztertu ditu, hau da, nekazaritzan sortzen diren hondakinak nola tratatu. Beti pentsatu izan dugu baserritarrek dena birziklatzen dutela eta horrela izaten da ustiaketa txikiak direnean, baina ustiaketa handiagoekin topo egiten dugunean hondakin askorekin aurkitzen gara, beraz, konposta egiteko bidea nola jorratu daitekeen, zer teknologia erabili beharko diren ikertu du. Justu ikastaroan dugun bizkaitar bakarrak Arratiakoa denez, bertako hondakin organikoen kudeaketa planak aztertu ditu. Eskualdean oraintsu 5. edukiontzia jarri dute, orduan, hori jarri baino lehen hondakinak nola kudeatzen ziren, jarri ondoren nola kudeatuko den eta merezi duen edukiontzi hori jartzea ikertu du. Horretaz gain, proposamen alternatiboa ere planteatu du, hori guztia Europak jartzen duen araudi markoaren arabera: hondakinak prebenitzea, gutxiago sortzea, berrerabiltzea eta birziklatzea. Ondoren balorazio bai energetiko eta bai materiala eta azkenik eta aukera bezala, zer zabortegietara bota ditzakegun hondakin horiek. Baldintza bakarrarekin: zabortegietara hondakin birziklagarririk ezin daitekeela bota. Gaur egun gertatzen den gauza bat da, botatzen dugunaren %80 birziklagarria da.

Hondakin horien sailkapena, prebentzioa eta kontrola nahita nahi ez arlo ekonomiko eta arlo juridiko-politikoaren baitan gelditzen dira, zer eragin du horrek? Kontraesana gertatzen da ordaintze sisteman. Kontsumitzen denaren arabera ordaindu beharko litzakeela pentsatzen dugu, guztioi logikoa iruditzen zaigu, argindarra edo ura bezala. Baina hondakinekin ez da hori gertatzen, berdin ordaintzen du gutxi-gutxi eta garbi botatzen duenak edo asko eta nahasi botatzen duenak. Orduan asko eta nahasi botatzen duen horrek ez du ardura hartzen, dena erraza da beretzat, aldiz gutxi eta garbi botatzen duenak beste horrenbeste ordaindu behar duela ikustean bere buruari galdetzen dio “ni nabil oker ala bera?”. Ez dauka logikarik gutxi eta garbi botatzen duenari zigor bezala bestearen kuota berbera jartzea.

Euskal Herrian hondakinen inguruan egon da zer esan, badago hondakinen kudeaketarako ardurarik? Zure ustez zer egin beharko litzateke jendeak parte-hartzeko eta kontzienteago izateko? Prozesu hori luzea izango da, ezin dugu pentsatu gaur 0an gaudelarik bihar %100 beteko dugunik. Hondakin-kudeaketan behar den ardura izateko bide luzea izango dugu. Bestalde egia da Europako lege berriak eta ildo berriak (birziklapenari loturta gehienbat) jarraitu beharko ditugula eta ondoren gure etxeetan aplikatu beharko ditugula. Xahutzen ibili gara azkenengo garaietan, hondakin multzo handiak sortu ditugu eta orain Europak zabortegiak itxi beharko ditugula esaten digu. Halere hondakinak ez dira botatzeko zerbait, baizik eta baliabideak: tetra-brick bat edo beira botila bat eskuratzen denean eta birziklatu edo berrerabili gabe botatzen denean, naturak eskas dituen lehengaiak erretzen ari gara. Nik uste dut orain guztiok naturak dituen baliabide eskasetaz kontzientziatu behar garela, eta guk ahalik eta hondakin gutxiago sortzen baldin badugu naturari izugarrizko mesedea egingo diogu. Ezin dugu ahaztu sostengarritasuna azken finean gure seme alabei guk izan ditugun beste lehengai uztea dela, gure etxea ondo apainduta utzi behar diegu, eta etxe hori gure lurra da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude