Ixabel Millet: “Mitologia ezagutza da eta atzera begiratuz, aurrera egiteko balio du”

Ixabel Millet-ek, idazle eta ipuin kontalariak, “Euskal Mitologia: hurbildu antzinako euskal mundura” ikastaroa eman du Baionan, UEUko Udako Ikastaroen 41.edizioaren barruan. Euskal mitologiaz aritu da bertan: pertsonaiez, erritoez, sinbologiaz eta beste hainbat gaiez. Matrikula zabalik dago.

OLYMPUS DIGITAL CAMERAZertaz aritu zara zure ikastaroan, orokorrean? Helburua izan da euskal mitologiaren inguruko ideia orokor bat ematea eta ez banakako pertsonaien inguruan hitz egitea. Hau da, mitologia antzinako erlijio bezala lantzea, honek jasotzen dituen sinesmen, errito, sinbologia eta pertsonaien arteko harremanak landuz.

Euskal ipuinak aipatzen dituzu. Hauetaz modu orokorrean aritu zara ala ipuin konkretu batzuk kontatu dituzu? Ipuin konkretuetaz aritu naiz. Kontalaria izanik, Amalurren historia kontatu diet, esaterako. Hortaz gain, euskal mitologia ipuinen bitartez kontatu diet eta baita Jose Miguel Barandiaranek jasotako materiala erabiliz ere, adibidez. Gainera, ipuinak, oso baliagarriak dira kontzeptu, gertakizun sinboliko eta ideia jakin batzuk azaltzeko.

“Ipuinaren ezaugarriak eta elizaren urratsak” aztertu dituzue. Zer esan nahi du zehazki? Adibide bat jarriko dizut. Jakin badakigu, ipuin batean deabrua kobazulotik agertzen denean, berez deabrua kobazulotik irten ez zela (nolabait, sartu egin zutela). Hori da, ipuin batean, eliza katolikoaren urrats bat, marka bat egotea. Ipuinak irakur, entzun eta konta daitezke, gaur egun telebista ikusten den bezala. Lehen informazio ipuinen bitartez pasatzen zen. Informatzeko edo “desinformatzeko” gaur egun hainbat medio erabiltzen dira, eta lehen, horretarako ipuinetaz baliatzen ziren. Hasieran, ipuinari gauza eta detaile txikiak aldatzen zitzaizkion eta azkenean, ipuina guztiz aldatua geratzen zen.

Euskal Herrian, jendeak mitologia benetan ezagutzen duela uste duzu? Jendeak ezagutzen du, gehien bat, dagoena. Hau da, liburuetan gehien agertzen edo lantzen dena, personai solteak ezagutzen ditu.

Zein garrantzi uste duzu duela mitologiak gaur egungo gizartean? Mitologia ezagutza da eta atzera begiratuz, aurrera egiteko balio du. Gizartearen baloreak zeintzuk diren eta zertan datzaten erakusten digu. Hortaz gain, beste mundu bat irudikatzeko gaitasuna lantzea ere bada. Gure gizartea adatu behar badugu eta gu, gizarte horren barruan egonik, gauzak argi ikusten ez baditugu, beste ikuspuntu batetara jotzea da konponbidea. Guk daukagun pentsamoldea oso arrazionala da baina antzinako gizartearena beste mota batetakoa zen. Hori ikusteko gai baldin bagara, jada bi pentsamolde dauzkagu gure baitan. Honela, guretik piska bat atera gaitezke eta gure gizartea kanpotik begiratzean, posible dugu aldatzea. Arrazoi horregatik uste dut atzera begiratzeko joera dugula, oztopoak ditugunean, aurrera egin ahal izateko. Krisi bat dugunean (alor pertsonalean ere) atzera begiratzen dugu eta galdetzen diogu gure buruari “zer gertatu zen?”. Eta horrekin kontzientziatuz, posiblea da aurrera egitea eta aparte, uste dut gizarte eredu berri bat sortzeko baliagarria dela. Hala ere, arriskutsua izan daiteke atzera begiratu eta liluraturik geratzea. Aztertu beharreko gaia da, ea zer ikusten dugun hain ona aurretik gertatutako gauzetan, atzera horrenbeste begiratzeko daukagun ohitura izateko.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude