Yolanda Arrieta: “Arretaz begiratu, probatu, jolastu, ondo pasatu… Hortik abiatuta ekingo nioke haur literaturaren bilaketa-bideari”

Haur literatura klasea1Yolanda Arrieta idazle eta irakaslea UEUren “Euskal Haur Literaturaz zer dakigu?” ikastaroaren arduraduna da. Praktikak eta teoria izango dira nagusi liburuen kontaketen bidez egingo den ikastaro honetan eta argibide gehiago eman dizkigu ondoko elkarrizketan. 

Haur literaturaturaren garrantzia geroz eta gehiago nabarmentzen da. Zergatik?  Herri txikietako zaharrek beti esaten dute “tristea” dela haurrik gabeko herria; are gehiago, “hilda” dagoela. Haurrak behar ditu herri batek biziko bada; eta, antzinako jakintsu batek zioen bezala, haurrek (eta helduek) hiru motatako elikagaia behar dute (edo dugu), aurrera egiteko: jana, gorputza asetzeko; lagunak, bihotza alaitzeko eta kontuak, arima sosegatzeko. Janaren garrantzia ukaezina da; konpainiarena ere bai. Kontuei dagokienez, oinarri-oinarrian, zer da literatura? Kontuak esatea (edo idaztea) eta kontuak entzutea (edo irakurtzea).

Haur literaturak izan behar dituen gutxieneko ezaugarriak zeintzuk dira?  Tira, hau ez da matematika kontua, baina, beno, gutxieneko ezaugarrietan, jokoa sartuko nuke, emozioren bat pizteko ahalmena, eguneroko errealitatea ukatu gabe, gauza berriren bat esan nahi izatea… ahalik eta modu ederrenean. Hala ere, kontua ez da hain sinplea, eta tailerrak eta ikastaroak, hain zuzen ere, galdera horiei erantzun propioak bilatzeko egiten dira. Haur klase asko dago (helduak, zer esanik ez!), momentuak ere oso desberdinak dira eta aldarteak, egoerak, nahiak eta premiak, berriz, multi-poli-anitzak. Umeari janari berriak probatzeko egiten dugunean bezala, edota familia eta lagunarteko zirkulua zabaltzen diogunean lez, literaturarekin ere berdin egingo nuke. Arretaz begiratu, probatu, jolastu, ondo pasatu… Hortik abiatuta ekingo nioke bilaketa-bideari. Liburutegira joatea izan daiteke aurreneko pausoa. Han, mota askotako liburuak daude, informazioa ere badugu eta, gero, liburua etxera eraman ondoren, tartetxo bat hartu, umearekin kontu-kontari aritzeko, “zu eta ni, oraintxe, hementxe” eta ea zer gertatzen den. Biharamunean, bezperako esperientziari tira eginez, ekin berriro bideari… Bizitzan bezalaxe.

Irudiak berebiziko garrantzia dute haur literaturan, ezta? Nola laguntzen diete umeei?  Irudiak asko laguntzen dio hitzari, bai ahoz, bai idatziz, batez ere, emozioz kargaturik datorrenean. Irudi bati jarraituz asma dezakegu ipuin bat, olerki bat, anekdota bat, gertaera bat… Ilustrazio batek, besteak beste, arreta mantentzen lagunduko digu. Dena den, irudi grafiko on batek, bene-benetan, piztu behar duena zera da: “barne-irudiak” sortzeko ahalmena, hots, irudimena.

Haur literaturaren inguruan sistema bat sortu dela esaten duzu, ezta? Sortzaileak bere artean barne-irudi horiekin sortzen duen hazitik, hazi hori, liburu formaz, haur batek bere kasa edo heldu baten laguntzaz dezifratu arte dagoen guztia: idazlea, irudigilea, argitaletxea, kritikaria, aldizkaria, egunkaria, telebista (ez gehiegi) katalogoa, liburu-denda, liburutegia, itzultzailea, web orria, sare sozialak, plaza, parkea, haur txokoa, ludoteka, eskola, ikastola… Gaur egun, liburua merkatu bateko produktua da eta produktu guztiak bezala, kate baten zatia.

Umeentzako liburuak entretenitzeaz gain beste zein helburu betetzen dituzte?  Mariasun Landak berriki esan duen bezala, liburu bat pedagogikoa da ondo idatzita dagoenean.

Liburuak irakurtzeko bakarrik al dira?  Liburuak irakurtzeko egin dira, irudiz edota hitzez eginak dauden neurrian, baina liburuak gozatzeko ere badira. Edo alaitzeko. Edo aldartez aldatzeko. Edo ezagutzen duzun beste norbaitekin inori esan ezin diozun hori partekatzeko… Hortik aurrera, nahi duzun guztia egin dezakezu liburuekin: isilik irakurri, ozenki irakurri, antzeztu, bertan ageri dena marraztu, zeure erara berridatzi, beste norbaiti kontatu, edo ahaztu…  Haur literatura izanda ere, haurrak ez garenok ere disfrutatzen dugu…  Nahiez gero, bai. Letra gutxi izateak ez du esan nahi gutxiago balio duenik. Poesia onak ere, askotan, hitz gutxi behar izaten du.

Link interesgarriak eta bibliografia gaurkotua aipatzen duzu ikastaroko sarreran aurreratu zenezake honen inguruko zerbait? Etxetik mundura salto egiten laguntzen digu, besteak beste, Galtzagorri elkarteak( www.galtzagorri.org )edota Donostiako Haur Liburuaren Dokumentazio guneak (www.donostiakultura.com). Murgil eta ekin bideari, hots, zeure bideari.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude