Gotzon Carcar: “Galdera hoberenak egiten ikasten badugu erantzun onenak bilduko ditugu”

Gotzon carcar1Gotzon Cárcar Muerza (www.metacoaching.net) coach pertsonala eta enpresariala dugu eta gainera UEUkidea. UEUk Udako ikastaroen 41. edizio honetan “Coaching-erako sarrera” ikastaroan irakasle izango dugu, hain zuzen, coaching teknikak ezagutarazteko eta egunerokotasunean baliagarri diren gaitasunak lortzen laguntzeko. Guk ere lanbide honi buruzko zenbait azalpen eskatu dizkiogu.

Coach bat ez da irakaslea, ezta entrenatzailea eta ez ditu gomendioak ematen. Zer egiten du coach batek? Coach batek galderak egiten ditu, besterik ez. Horretan datza hain zuzen coaching prozesuaren ezaugarri bereziak. Irudikatu dezagun egoera bat: pertsona bat baratz batean darama bizitzen bere bizitza osoa; oso ongi ezagutzen ditu lekuaren ezaugarriak eta mugak. Baina momentu bat heldu da hobeto bizi nahi duela, hobekuntzak nahi dituela. Halere, dituen erreferentziekin oztopo asko ikusten ditu. Orduan, coaching bitartez edo galdera bitartez, noizbait deskubritu eta desestali dezake bere baitan ezkuturik duen zerbait. Hau da, egunen batean, eskailera “berri” bat deskubritu dezake bere baratzeko horma gainetik begiratzeko, unibertso berri bat deskubrituz eta bide berriak zabalduz…

Ze gaitasun izan behar ditu coach batek? Adibide praktikorik jartzeko gai izango zinateke? Nire ustez, coach on baten gaitasun garrantzitsuena barne isiltasuna da. Adibidez bezero batekin coaching egiten dudan bitartean, ene baitan, ez dago iritzirik bere asuntoari buruz, ez epaiketarik, ez usterik; dagoen gauza bakarra, bere asuntoa da, beraren unibertsoa, bere gorabeherekin eta bere barne egoerarekin. Horrek bezeroarengan eta prozesuarengan konfiantza ahalbidetzen du. Gehienok, kulturalki eta txikitatik ikasi izan dugu aholkuak besteei ematen eta besteengandik jasotzen. Coach bihurtzeko, hau izan daiteke saihestu beharko litzatekeen oztoporik handiena. Dakigunarengan konfiantza jarri beharrean, bezeroaren izaerarengan eta bere gaitasunengan jarri behar da konfidantza hori.

Zer ezberdintasun dago pertsona bakar batekin lan egitea edo talde edota enpresa batekin la egitearen artean? Arretaren fokua da ezberdintasun handiena. Pertsona bakar batekin, arreta beregan zentratzen da bakarrik. Talde prozesu batean ordea, aldi berean, guztiengan (coach-a barne) jartzen da arreta. Kontuan izan behar dira beraien artean duten harreman mota, nola bakoitzak kudeatzen duen beste guztiekin dituen harremanak, guztien artean dagoen eten gabeko eragina… Hau egiten ikasteko, entrenamendu egokia eta berezia beharrezkoa da, eta horretarako aukera dago coaching formakuntzan.

Zailtasun garaietan (krisi garaietan) coach baten laguntza eskaera areagotu egiten da? Bai, nola ez. “Existentzia krisia” delako egoeretan ere bai. Gaur egun, oso ezaguna den krisi ekonomikoak eragin handia dauka. Baina adibidez dorre bikien gertaerak ere ansietate handia sortu zuen zenbait pertsonengan. Behar mota ugari esnatzen dira pertsonengan eta ez bakarrik diruarena.

Coach baten bezeroak gehienetan pertsona langilea edo enpresetako taldeak izaten dira, badago tokirik bere etorkizuna bideratzen dabilen ikasle batentzat? Bezeroaren profila ez da konkretu bat: etxekogizonak, etxekoandreak, ikasleak, irakasleak, langile “arruntak”, exekutiboak, kirolariak eta beste hainbat perfiletako jendea izan daiteke. Gainera, gaur egun azkarren zabaltzen ari den lanbidea da coach-arena, beraz, badago tokia profil ezberdinetako jendearentzat, denontzat ez bada.

Erantzun hoberena galdera hoberenetan dago? Bai horixe! Nahiz eta ez ohartu, gizakiok etengabeko galdera/erantzun prozesu batean bizi gara. Galdera hoberenak egiten ikasten badugu erantzun onenak bilduko ditugu. Agian, une bat helduta coaching-a derrigorrezko irakasgai bat bihurtzeko aukera egon daiteke. Horrela, gizakiok hazkuntza hobeagoa izateko aukera izango genuke, laburbilduz, eboluzio prozesua azkarrragoa eta arinagoa izateko eta hobeto bizitzeko.

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude