Jakoba Errekondo: “Euskal Herrian etxe barruan oso landare gutxi izan ditugu, gehiago erabili dira kanpoan”

UEUko Udako ikastaroen 41. edizioaren barruan Jakoba Errekondo paisajista eta agronomoak “Etxe barruko landareak” saioa eskaini du “Etxebizitzen zaharberritzea bioeraikuntza irizpideen arabera” ikastaroaren barnean. Landareen onurak ugariak direla azaldu du bertan.

Jakoba ErrekondoZe irizpide eman dituzu zure saioan? Nire saioa etxe barruko landareetan oinarritu da, baina ni kanpoko landareei buruz eta etxeko landareei buruz hitz egiten saiatu naiz, hau da, ez bakarrik barrukoei buruz. Kanpokoak eta ingurukoak ere kontuan hartu ditut. Horrekin batera, gure osasunean zer nolako eragina duten azaltzen saiatu naiz baina ez osasun fisikoan duen eraginaz bakarrik, gure osasun mentalean duen eraginaz ere jardun dut.

Ikastaroak gauza gehiagoren artean pertsonen osasuna jartzen du lehentasun bezala. Honi lotuta etxe barruan landareak edukitzeak zer suposatzen du? Gauza asko. Gai horren inguruan ikerketa asko egin dira eta emaitzak hor daude: alde batetik airea garbitzen du, bulegoak bezalako tokietan ere bizi kalitatea handiagoa ematen dute, airea filtratzen dute, eragile kutsatzaileak filtratzen dituzte eta ziklo naturala bideratzen dute, ioi negatiboak sortzen dituzte… azken finean onurak oso handiak dira. Bizi egoera ere hobetzen du, estresa kentzen laguntzen du, bistaren osasunarentzat onak dira eta estetika politaz gain beste gauza askotarako onuragarriak dira landareak. Adibidez, ordenagailuak dauden tokietan eta denbora luzean lana egiten dutenentzat oso gomendagarria da, radiazioak xurgatzen baititu.

Landareek ze motatako lotura izan dezakete bioeraikuntzekin eta etxeen zaharberritzearekin? Bioeraikuntza azkenean ez da teknika zehatz bat, gauza pila egin daitezke alor horri begira: energia aurrezteko, bizitoki osasuntsuagoak egiteko, toki iraunkorragoak… Nik uste dut horrela pentsatzen jarrita, eraikuntzetan landareak erabiltzea ere nahita nahiez datorrela, azkenean guzti hori batura bat da. Laburbilduz, Bioeraikuntza osasunaren sinonimoa da; “bio” ikuspegitik eraikitzen hasten bada, hor jartzen ditugun landareentzat ingurua ere askoz osasuntsuago izango da eta ondorioz beren lana hobeto egingo dute.

Kasu honetan landareak ere eraikuntzaren prestaketei egokitu beharko lirateke ezta? Landareak osasun hori lortzeko bitartekari bezala erabiltzen baldin baditugu, zenbat eta toki kaltegarriagoan ezarri landare horiek lan gehiago egin beharko dute. Aldiz, “bio” ikuspegitik eraiki dugun eraikuntza bat baldin badaukagu landareei lana erraztuko diegu.

Euskal Herrian erabili diren landareei buruz hitz egingo zeniguke? Edo zeintzuk diren erabili beharrekoak? Euskal Herrian etxe barruan oso landare gutxi erabili dira, gehiago erabili dira kanpoan. Baserritarrak baserritik edo etxe-eraikuntzatik kanpo egiten du eguna, orain alderantziz gertatzen da: Gizarte aurreratuetan bizitzako %90a eraikuntzen barruan pasatzen dugu, beraz, landareak etxera sartzeko premia ekarri du horrek. Lehen ez zegoen premia hori, landareak bertan kanpoan genituen. Gure baratzeetan sendabelarrak, lokarriak egiteko landareak, ritualetarako, janaria, bazkaria animalientzako… erabiltzeko eta disfrutatzeko diren landare guztiak daude, azken finean hori ere etxea da. Hor dago gure benetako ohitura eta hori da etorkizunean gure oinarria izan beharko lukeena. Etxea ez da bakarrik barrua baizik eta kanpoa ere. Adibidez energiaren aurrezpenari begira frogatu da inguruan landare mota bat etxean kokapen zehatz batean jartzeak udan hozteko eta neguan berotzeko gaitasuna izan eta energia %20an aurrezten laguntzen duela.

Iruzkinak (1)

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude