Javier Petralanda, geobiologoa: “Geobiologiaren arabera, espazioaren harmonizazioa lortzeko, zeruko eta lur azpiko energiaren oreka behar da”

Etxebizitzen zaharberritzea bioeraikuntza irizpideen arabera” ikastaroak bigarren eguna du UEUko Udako Ikastaroen baitan. Javier Petralanda, geobiologo eta ikerlariak “Geobiologia eta eraikita dauden espazioen harmonizazioa” izeneko hitzaldian, etxeen kokapen egokia eta hauen egoera aproposa lortzeko jarraitu beharreko irizpideetaz aritu da.

Ikusi bideoa hemen

Javier petralandaGeobiologiaren zein esparruz aritu zara zure hitzaldian?Nire hitzaldian geobiologiaren ikuspegi orokor bat eman dut eta horretarako gure arbasoek etxe bat eraikitzeko erabiltzen zituzten sistemetan oinarritu naiz. Lehenbizi egiten zutena zen, ingurua behatu, ea satortegirik, inurritegirik edo landare arantzadunik bazegoen jakiteko. Horretan oinarriturik jakiten zuten ea lekua aproposa zen etxe bat eraikitzeko edo ez. Honen harira, aipagarria da pasa den mendearen hasiera aldera arte Euskal Herriko baserrien %80a ondo kokatuta zeudela eta %20 gaizki, gutxi gora-behera. Baina pasa den mendearen hasieran beste ikuspegi baten arabera hasi ziren baserriak eta etxebizitzak egiten eta ondorioz, portzentaje hori aldatu egin da: %80 gaizki daude eta %20a ondo. Horretaz aritu nahiz, gutxi gora behera.

Zein harreman dago espazioaren harmonizazioa eta etxebizitza bat bioeraikuntza bidez zaharberritzearen artean? Hemen bi kontzeptu dauzkagu. Bata, kontzeptu estetikoa izango litzateke. Hau da, behin etxea eraikita dagoela nola apaindu aukeratzen denean. Honetarako formak eta koloreak oso garrantzitsuak dira. Bestea, geobiologiaren ikuspuntua izango litzateke, eta honen arabera beste zentzu bat hartzen du espazioaren harmonizazioak. Espazioa harmonizatzeko bi indarren arteko oreka sortu beharra dago: zeruko energia eta lur azpiko energia. Hau mitologian ikusten dugu ere, Mari eta Majuren istorioaren bidez. Istorioaren arabera, Mari eta Majuk amodioa egin ondoren, mundu honetan dauden izaki guztiak sortu zituzten. Honekin esan nahi dena da, energia bi horien oreka beharrezkoa dela.

Baina, energia bi horien oreka galdu egiten da, besteak beste, etxea lur azpiko ur laster, fisura, putzu edo faila baten gainean eraikita baldin badago. Ondorioz, edozein gaixotasun sortu daitezke, degeneratzaileak, reumak etab. Gainera, kasu askotan, sistema emozionalean ere eragina izan dezake etxearen kokapenak.

Hori kontutan hartzeari deitzen zaio bioeraikuntza bidez eraikitako etxebizitza bat izatea? Ez, hori lehenengo pausua besterik ez da. Etxea egin baino lehen lekua aukeratu beharra dago. Horretarako geopatiarik ez duen leku bat topatu behar da. Hala ere, zerbait egongo balitz, arkitektoaren lana da lekura egokitzea.

Hortik aparte daude bioeraikuntzak dauzkan beste irizpide batzuk, esaterako, material naturalen erabilera, orientazioa, naturarekiko errespetua etab. Baina hasiera batean, beti egin beharko da geobiologia azterketa bat, lekuarena eta lekuaren ezaugarriena. Horrela jakingo dugu leku bat aproposa edo ez den.

Zein leku, adibidez? Ba, esate baterako, satortegi, inurritegi, arantzadun landare, asun multzo eta erlategiak dauden lekuak ez dira batere aproposak.

Eta hiriari dagokionez? Gertatzen dena da, gaur egun, irizpide hauek galdu egin direla eta zoritxarrez, gauzak edozein lekutan egiten dira. Eta honek badauzka nolabaiteko eragin fisiko batzuk: ionizazioa portzentajea handiagoa da, gama erradiazioa handiago edo txikiago izaten da etab. Honi medio artifizial batean bizi garela gehitzen badiogu (estresaturik, inguru toxiko batean etab.), esan daiteke osasunari ez diola mesederik egiten.

Zein iritzi duzu gaur egun gure etxeetan pilatzen ditugun gailuen inguruan (mikrouhin-labea, ordenagailuak, mugikorrak, router-ak, smartphone-ak etab.)? Ba al dago modurik, hauek gure osasunean kalte gutxiago egin dezaten? Kasu horretan, interes mundu batean sartzen gara. Zientzialari independenteek antolatutako kongresu batean egindako esperimentuen arabera ondorioztatu zen 0,1mikroW/zm-tik gorako mikrouhinek eragin biologikoa dutela. Eta esperientzia desberdinen arabera eta egin diren salaketen arabera, arazoa nahiko larria dela esan daiteke. Honek ez du esan nahi gu aurrerapenen aurka gaudenik. Gaur egun gauzak nola dauden ikusita, nire aholkua da horrelako gailuak gauez itzalita izatea. Gure gorputzak gauean melatonina eta serotonina hormonak sortzen dituzte (sistema immunitarioarekin zerikusi handia dutenak), baina guk, gauean, “ohian” elektroniko batean lo egiten badugu, gure burmuinak argitan gaudela interpretatzen du eta ez ditu beharrezko hormonak sortzen. Ondorioz, gure sistema immunitarioa makaldu egiten da. Teoria hau guztiz frogatuta dagoen arren, informazio hau ez da gizartera zabaltzen, aldizkari berezituen bitartez ez bada.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude